Arabako Errioxan Korrika propioa izango dute, Korrikaren babesarekin

Juanma Gallego 2022ko ots. 8a, 10:43
Aurten ere Korrika egingo dute Arabako Errioxan eta Vianan. OIONGO IRULE DANTZA TALDEA

Eskualdeko euskaltzaleek apirilaren 9an Vianatik eta Bastidatik zutabe bana abiatuko dute, eta, Guardiara iristean, festa handi bat egingo dute.

Aurtengo Korrika ez da Arabako Errioxatik pasako, baina horrek ez du esan nahi euskararen aldeko aldarria bertatik igaroko ez denik. Izan ere, 2013an eta 2017an egin zuten modu berean, aurten ere bertako euskaltzaleak antolatu dira Korrika propioa egiteko. 

Aurreko edizioetan, euskara festa giroan aldarrikatzeaz gain, Korrikaren ibilbidetik kanpo geratzeagatik ekimenak "protesta" kutsu bat izan zuela onartu du Andoni Landa Ttiki-Ttaka elkarteko kide eta IKAko irakasleak. Eskualdean ere Korrikan parte hartu nahi duen euskalgintza mugimendu bat badagoela argi utzi nahi zuten.

Aurten, baina, gauzak bestelakoak izango dira, eta protesta kutsu hori alde batera utzi nahi dutela aurreratu du Landak. "Hasi baino ez gara egin prestakizunetan, baina, printzipioz, eta kontrakorik ez badago, Korrikaren babesa izango dugu, eta haien kartelak eta petoak erabiliko ditugu". 

Ttiki-Ttaka elkarteak deituta, joan den astean bilera bat egin zuten herri gehienetako euskaltzaleek, eta erabaki zuten aurten ere "zerbait egin" behar zutela. Horrela adostu zuten apirilaren 9an, goizez, Vianatik (Nafarroa) eta Bastidatik zutabe bana aterako zela, eta, herri desberdinetatik igaro ostean, Guardian bukatuko zutela eguna. Oraindik xehetasun guztiak erabakitzeke dauden arren, egitasmo hori dute buruan. Data hori baino lehen, zenbait kultur ekitaldi antolatzeko asmoa dutela aurreratu du Landak.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide