Amurrio eta Donostia lotuko ditu 22. Korrikak

Erredakzioa 2021ko aza. 17a, 11:45

2019ko Korrika Donemiliagatik igaro zeneko argazkia. / ALEA

Hitzekin lelopean, "euskara hitzetik ekintzetara eramateko", Amurrion hasi, Euskal Herria zeharkatu eta Donostian amaituko da 22. Korrika, 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era bitartean.

21. Korrika Gasteizen amaitu zen 2019ko apirilean, eta hurrengo Korrikaren data martxoan ezagutu genuen. Gaur, Donostiako San Telmo Museoan egindako agerraldian, AEKk euskararen aldeko festa erraldoiaren abiapuntuaren, helmugaren, leloaren eta bestelako xehetasunen berri eman du: 22. Korrika Amurriotik abiatuko da martxoaren 31n, eta apirilaren 10ean amaituko da Donostian; bertan, 2.500 kilometro ingururen ostean, sekreturik handiena ezagutuko da, lekukoaren barruan gordetako mezua.

Hitzekin da hautatutako leloa, AEKren esanetan, "euskara hitzetik ekintzetara eramateko unea delako". Gainera, aurtengo edizioak Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduko ditu, "beren ibilbidean adierazi duten konpromisoagatik eta ekinagatik".

Korrikaren inguruko xehetasun asko falta dira oraindik, eta datozen hilabeteetan emango dute ibilbidearen inguruko informazioa. Oraingoz, parte hartzeko hainbat bide zabaldu dituzte Korrikaren webgune ofizialean: adibidez, Korrika Laguntzaile egin, petoa eta bestelako materiala erosi edo ekarpen ekonomikoa egin daiteke dagoeneko.

 

Euskaltegien finantziazioa, erdigunean

"Egun, oraindik, Korrikak jaiotzetik izan dituen bi helburuek oso bizirik diraute: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea", azpimarratu du Alizia Iribarren AEKren koordinatzaile nagusiak.

"Jakitun gara pandemiak errotik ezabatu duela euskara plazatik zein askoren bizitzatik; eta, beraz, oso garrantzitsua iruditzen zaigu Korrikak dakarren euskararen aldeko uholdea berreskuratzea", adierazi du Iribarrenek lehen helburuaren inguruan. "Diru-bilketari dagokionez, eta aurrerapausoak eman diren arren, administrazioek euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez dira nahikoak. Ezinbestekoa da helduen euskalduntzea bizkortzea eta inbertsioak areagotzea".

Hori dela eta, 22. Korrikak jasoko duen dirua Euskal Herri osoko bere euskaltegiei laguntzeko baliatuko du AEKk.

Omenaldia Pirritx, Porrotx eta Marimototsi

Korrikaren edizio honetako omenduak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak izango dira, AEKk aldarrikatu nahi duen horren "adibide argia" direlako. Hala erabaki dute "beren 34 urteko ibilbidean adierazi duten konpromisoagatik eta ekinagatik; eta orainaldiari eta etorkizunari begira dauden eragileak direlako".

"Euskararen transmisiorako izan duten rola" azpimarratu du AEKren Artezkaritza Kontseiluaren lehendakari Aitziber Balantzategik. "Azken batean, haiek transmisioa goitik behera (guraso-ume) eta behetik gora (ume-guraso) landu dute, eta zuzeneko eragina izan dute ume eta guraso askok euskararen hautua egin dezaten. Haiek, haien hitzekin, euskarari ekin zioten, eta eutsi egin diote".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago