Martxoaren 28an amaitzekoa zen aurtengo Korrika, pandemia iritsi izan ez balitz. Horren ordez, "aurten ere euskararen lekukoa zein euskaltegien aldeko bultzada kalean egoteko", osasun neurrietara egokitutako 80 ekitaldi baino gehiago antolatu ditu AEKk Euskal Herri osoko plazetan, igande honetako eguerdian.
Horietako bost Arabako plazetan izango dira: Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, Amurrioko Juan de Urrutia plazan, Laudioko Aldai plazan, Aguraingo San Juan plazan eta Murgiako udaletxeko plazan.
Bultza euskaltegiak
Euskal Herriak, beraz, ez du Korrikarik izango aurten, baina 22. edizioa 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era bitartean izango da. Hain zuzen ere, aurtengo hutsune hori betetzeko abiatu dute Bultza euskaltegiak, bultza euskara dinamika, herritarren, eragileen eta administrazioen babesa bilatzeko, eta euskalduntze mugimenduaren garrantzia plazaratzeko.
Dinamika horren barruan planteatutako ekimenen artean, Korrika atzeratzeak AEKren aurrekontuan eragindako zuloari aurre egitea dago. Hasiera batean, banku bidezko finantzaketaren bitartez erantzun diote. Baina zorpetze horri aurre egiten laguntzeko herritarren sostengua behar dute, 2022ko Korrikan "babes erraldoia" jaso aurretik.
AEKren webguneko lotura honetan ekarpen ekonomikoak egiteko aukera dago; horretarako hiru aukera eskaini dituzte: Bizum, kreditu-txartela eta transferentzia.