Artikulu honen izenburua handiustea izan liteke, baina Julen Kaltzada Korrikaren sortzaileetako batek esana da. Korrikaren 10. ediziorako AEK-k argitaratu zuen 17 urte 10 pausotan liburuan, Kaltzadaren hitzetan aipatzen da, Korrika Algortako afalondo batean sortu bazen ere, aurretik Gasteizen egin zutela bileraren bat horri buruz hitz egiteko. Korrikaren epika da, eta sorrera horren inguruko xehetasun gehiago jakin gabe geratuko gara, zoritxarrez.
Zalantzarik ez dago, hala ere, Arabak berebiziko papera izan duela Korrikaren historian: Korrika egun ezagutzen dugun ekitaldi masiboa bada, Arabak berak ere bere alea ipini duelako izan da, noski. Sorreran, lasterketa jendetsua izatetik urrun zegoen. Areago, erakundeen eta hedabideen boikotak pairatu behar izan ditu, gaur egun duen ospea lortu aurretik. AEK-k antolatzen du Korrika, eta eskuz esku joan dira AEK-k Euskal Herriko gobernuekin izan dituen gorabeherak eta Korrikaren beraren historia.
Horren adibidea da 4. Korrika. Atharratzetik Iruñerako bidea egin zuen 1985eko maiatzaren 31tik ekainaren 9ra bitartean. Gasteizko AEK-ko zazpi irakaslek gose-greba egin zuten, bost hilabetez soldatarik jaso gabe egon ostean, erakundeen aldetik AEK-k pairatzen zuen aitortza eza eta diskriminazio ekonomikoa salatzeko. Grebalariek oinez egin zuten euren kilometroa lasterketa Arabako hiriburura iritsi zenean.
Gose-grebalariek salatzen zuten egoera hura 1995a arte luzatu zen: urte hartan AEKren lana aitortu zuen HABEk, bi erakundeen artean sinatutako hitzarmen baten bidez. Horri esker, AEKren irakasleak homologatzea lortu zen, eta euskaltegiek dirulaguntzak jasotzeko aukera izan zuten.
Lehendabiziko zita
Ikasturte hartan bertan izan zuen Korrikak bere lehen zita handia Araban: 1995eko martxoaren 17tik 26ra, Donibane Garazitik Gasteizerako bidea egin zuen lasterketak. Mikel Laboa omendu zuen 9. Korrika hark, eta Gasteizen emandako kontzertu handi batekin amaitu zen edizio hartako Korrika Kulturala. Martxoaren 26an, lasterketa hiriburura iritsi zenean, Taugres Bartzelonaren aurkako partida jokatzen ari zen, eta lekukoaren kopia bat eskuz esku pasatu zuten bertaratutakoek, gainerakoen txaloen artean.
Esan bezala, Korrika hura izan zen Gasteizen amaitu zen lehena, eta aldaketak ekarri zituen, gainera: ordura arte, leku itxietan amaitu izan ziren edizio guztiak, sarrera baten truke, helburu ekonomikoa aintzat hartuta. Urte hartan, ordea, Gasteizko AEK-ko kideek euskara kalera ateratzeko apustua egin nahi izan zuten, euskararen aldeko jaialdian herritar guztiek parte hartzeko aukera izateko. AEK-ko beteranoek kontatu dute taberna batzuk arratsaldeko 5etan itxi behar izan zituztela, generoa falta zitzaielako: Gasteizko jaietan baino gehiago kontsumitu omen zuten euskaltzaleek. Euskalgintzako eragileen arteko harremanetan ere izan omen zuen eragina Korrika amaiera hark, eta trinkotze bat ekarri zuen, guztiak inplikatu baitziren antolakuntzan. Geroztik, Korrikaren azken jaiak hiriguneetako plazetan amaitu izan dira.
Ez da hori, baina, Arabak Korrikari egin dion ekarpen bakarra: 12. Korrika ere Gasteiztik irten zen, eta Gasteizko AEK-ko kideen nahia izan zen Andre Maria Zuriaren plazan hastea. Korrika batzorde nazionalak Aihotz plaza hobesten zuen, plaza txikiagoa zelako eta, beraz, beteagoa agertuko zelako.
"Euskalgintzako eragileen arteko harremanetan ere izan omen zuen eragina Korrika amaiera hark, eta trinkotze bat ekarri zuen"
Furgonetetan doazenek ere izaten dituzte gorabeherak, noski, eta adibide gisa 15. Korrikakoa, Karrantzatik Iruñerako bidea egin zuena. 2007 hartan Arabako bi ordezkari joan ziren prentsa-taldean. Martxoaren 22an abiatu zen lasterketa Karrantzatik, Korrikak inoiz ukitu gabeko lurraldetik, eta gau horretan bertan iritsi behar zuen karrerak Laudiora. Bada, Arabako arduradunari ahaztu egin zitzaizkion prentsa-taldeko arabarren motxilak, eta hiru egun eman behar izan zituzten arropa berarekin. Anekdota ez da heroikoa, baina kontuan hartu behar da 15. Korrika elurpean irten zela Karrantzatik, eta halaxe sartu zen Arabako Errioxan ere: lekukoa zeramanak bere kabuz egin behar izan zuen bidea, ibilbidea gidatzen zuten Arabako boluntarioak eta furgonetak elurretan harrapatuta geratu baitziren Gasteizko mendatean. Elurra kentzeko makinek ireki behar izan zioten bidea Korrikaren karabanari.
Ongi etorri lelopean egin zen 16. Korrika, eta Tuteratik Gasteizerako bidea egin zuen, 2.500 kilometroan zehar. Edizio hartarako prestatu zuen AEK-k Bidaia intimoak dokumentala: euskarara "etorritako" lau lagunen lekukotza jaso zuen, eta tartean zen Jesus Mari Soraluze Ermuko gasteiztarra. Euskara ama hizkuntza zuen, baina galdu egin zuen gerora: euskara berreskuratzeko prozesuaz mintzo da dokumentalean. Edizio hartako kantua Betagarri taldeak egin zuen, eta jendez lepo betetako Foru plazan eman zuten kontzertua, Korrikaren azkena.
Korrikaren egungo logikari jarraikiz, amaitu zen herrialdetik bertatik irten zen 17. Korrika, eta Trebiñu euskararen mapan kokatu zuen AEK-k, bertan hasi baitzen Euskalakari lelopeko lasterketa. Guardia Zibilak ez zuen hutsik egin festa hartan, eta sekulako trabak ipini zizkien Trebiñura hurbildu nahi zuten euskaltzaleei. Edonola ere, hasiera arrakastatsua izan zen Trebiñukoa, eta bertako Gutxisolo euskara-elkartearena izan zen lehen kilometroan lekukoa eramateko ardura.
Korrikaren edizio guztietan irrikaz egoten gara zain, ibilbidea noiz argitaratuko: planak egiten hasteko modu bat da, Korrika nor bere herritik pasatzen den egun eta orduan agenda betetzeko modua, nolabait esateko. Batzuetan, desengainuak ere izaten dira: "Hara! Aurten ez da guretik pasako Korrika...".
Halakoren bat gertatu izan zaie Arabako Errioxan. Baina, etsipenetik urrundu eta etxean geratu beharrean, behin baino gehiagotan antolatu dute Korrika Alternatiboa, inork ez baitu nahi izaten halako ekitaldi hunkigarririk gabe gelditu. Herri txikia da gurea, baina handiegia 11 egunetan leku guzti-guztietatik pasa ahal izateko.
Lehen Korrikak Arantzazutik Bilborako bidea egin zuen: euskara batuak egin zuen bidearen nolabaiteko ispilua izan zen hura, euskara ingurune urbanoagora eramatekoa. Araban ere izan du isla ispilu hark, egun euskaltegietan euskara ikasten ari diren milaka ikasleekin.
Korrika ez da inoiz gelditzen. Horixe dio Korrikaren idatzi gabeko arauak. Eta 2021ean ere hala izango dela ematen du: AEK-k badaki pandemia garairako segurtasun-neurri egokiak ezin direla bete Korrika bezalako ekitaldi jendetsu batean, baina ez dio uko egin aldarrikapenari, eta martxoaren 28an, 22. Korrika amaituko litzakeen egun berean, hainbat ekitaldi antolatu ditu Euskal Herriko hainbat txokotan, baita Araban ere. Korrika ez delako inoiz gelditzen.