Martxoaren 28an amaitzekoa zen aurtengo Korrika, pandemia iritsi izan ez balitz. Horren ordez, eta "aurten ere euskararen lekukoa zein euskaltegien aldeko bultzada kalean egoteko", osasun neurrietara egokitutako 80 ekitaldi baino gehiago antolatu ditu AEKk Euskal Herri osoko plazetan, igande honetako 12:00etan.
Horietako bost Arabako plazetan izango dira:
- Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan.
- Amurrioko Juan de Urrutia plazan.
- Laudioko Aldai plazan.
- Aguraingo San Juan plazan.
- Murgiako udaletxeko plazan.
Ekitaldi horietan, AEKren mezua irakurtzeaz gain, giroa berotzeko bi abesti entzungo dira herri guztietan. Batetik, Euskal Herrian Euskaraz abesti ezaguna; bestetik, berariaz egun horretarako sortu den Lekukoa mingaina bertso-rapa. Gainera, herri bakoitzean bestelako ekintzak ere izango dira: bertsolariak, musikariak...
Euskal Herriak, beraz, ez du Korrikarik izango aurten, eta 22. edizioa 2022an izango da. Horrek kolpe gogorra suposatuko du AEKren diru iturrientzat, besteak beste; eta proiektuaren sozializaziorako ekimen nagusirik gabe geratuko dira. Horregatik abiatu dute Bultza euskaltegiak, bultza euskara dinamika, herritarren, eragileen eta administrazioen babesa bilatzeko, eta euskalduntze mugimenduaren garrantzia plazaratzeko.
Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!
Otsailean aurkeztu zuen AEKk Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! dinamika berria, garai zail hauetan ere euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko asmoz.
Euskal herritarren %55 erdalduna da, eta herritar helduen euskalduntzaren beharra azpimarratu du AEKk, "guztion eskubideak bermatzeko zubia delako". Hainbat ikerketaren arabera, azken hamarkadetan euskal jendarteak irabazi dituen hiztun berrietatik heren bat euskaltegietatik atera da.
Urtero, baita pandemiak eragindako ezohiko ikasturte honetan ere, 45.000 herritarretik gora euskara ikasten ari dira euskaltegietan: "Bide onetik goaz, beraz, euskaltegi sendoak behar ditugu".
Hala eta guztiz ere, arlo horren finantzaketa nahikoa ez dela uste du AEKk, eta "bultzada estrategikoa" eskatu die EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko administrazioei.
Hortaz, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! kanpainak hiru ardatz izango ditu:
- 2021eko gutuna. Gutun bat helaraziko die AEKk Euskal Herriko hiru administrazio nagusiei, datozen urteetan euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen jasota. Rikardo Arregik 1966ko urtarrilean idatzitako gutunetik, 2021eko apirileko eskutitzera igaroko da AEK.
- Herritarren bultzada nahi du AEKk, aurten ere euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalean egon dadin. Hori dela eta, Euskal Herriko hainbat tokitan Bultza Euskaltegiak! ekitaldi xumeak antolatuko dituzte martxoaren 28an.
- Ekarpen ekonomikoak: Korrika atzeratzeak zuloa eragin du AEKren aurrekontuan, eta hasiera batean banku bidezko finantzaketaren bitartez eman diote erantzuna. Zorpetze horri ere aurre egiten laguntzeko herritarren sostengua behar dute, 2022ko Korrikan "babes erraldoia" jaso aurretik. AEKren webguneko lotura honetan ekarpenak egiteko aukera dago; horretarako hiru aukera eskaini dituzte: Bizum, kreditu-txartela eta transferentzia.