Korrikaren ordez, ekitaldiak antolatuko ditu AEKk martxoaren 28an

Erredakzioa 2021eko urtarrilaren 21a

21. Korrika Gasteizen amaitu zen; hurrengo edizioa 2022an izango da. / ALEA

Aurtengo martxoaren 28an amaitzekoa zen 22. Korrika, pandemia iritsi izan ez balitz. Horren ordez, osasun neurrietara egokitutako "ekitaldi xumeak" antolatuko ditu AEKk egun horretan, aurrerago iragarriko duten formatuan.

Euskal Herriak ez du Korrikarik izango aurten, eta 22. edizioa 2022an izango da. Baina martxoaren 28an, euskararen aldeko lasterketa amaitzekoa zen egunean, "ekitaldi xumeak" antolatuko dituzte hainbat tokitan.

Bitartean, AEKk martxoaren 28a agendan markatzeko dei egin die euskaltzaleei. Aurrerago azalduko dituzte egitasmoaren nondik norakoak.

55 urte AEKren hazia erein zenetik

Gainera, ekimena iragartzeko oharrarekin batera, AEKk efemeride bat ekarri du gogora: 55 urte bete dira Rikardo Arregi kazetari eta euskaltzaleak, beste euskaltzain batzuen babesarekin, Euskaltzaindiari helduen alfabetatze eta euskalduntzearen premia igorri zionetik. "Gerora, AEK bilakatuko zen ekimena abiatzeko eskaria" izan zen hura.

Gaur egun ere, 55 urte geroago, helduen euskalduntze eta alfabetatzeak oraindik ere "berebiziko garrantzia" dutela aldarrikatu du AEKk: "Inoiz Euskal Herria euskalduna izan dadin erdietsiko badugu".

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago