Ostiral honetan, 11:30ean Donostiako San Telmo Museoan egindako agerraldian, hartutako erabakia jakinarazi dute Korrikako arduradun Asier Amondok eta AEKren koordinatzaile nagusi Alizia Iribarren: Korrikaren 22. edizioa 2022an izango da.
2021eko martxoan ospatzekoa zen hurrengo Korrika, eta, uda aurretik, aurreikusitakoari eusteko asmoa iragarri zuen AEKk. Hala ere, pandemiak eragindako ezohiko egoerak baldintzatuta, duela hamabost egun hartu zuten jendetza batzen duen ekitaldia aurreikusitako datetan ez ospatzeko erabakia.
"Erabaki latza da, euskararen aldeko ekitaldirik jendetsuena eta zirraragarriena ez dugulako orain izango, eta badakigulako euskararen aldeko bultzada ezin dela apaldu", adierazi dute Amondok eta Iribarrenek. Horregatik, Korrika "denek desiratzen duten baldintzetan" egitea lehenetsi dute, eta "ez ordezko eskas bat".
Euskaltegiak babesteko unea
Korrikaren helburu nagusietako bat AEKren euskaltegiak ekonomikoki babestea da, eta ekitaldia bertan behera uzteko erabakia "kolpe handia" izango dela ohartarazi dute. Hortaz, "inbertsioak areagotu" behar direla aldarrikatu dute: "Administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez dira nahikoak, norabide egokian urratsak egin badira ere".
Orain, 2022ko edizioaren nondik norakoak zehazteko unea izango da AEKrentzat, eta aurrerago izango da informazio gehiago. Horrekin batera, azaroaren 20tik aurrera iritsiko den Euskaraldian parte hartzeko garrantzia azpimarratu dute.