Araban barrena

Bost ibilbide aniztasunaz gozatzeko

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko abu. 23a, 06:00
Arabako zortzi kuadrilletan ibiltzeko aukera ematen dute ibilbideek. ARITZ MTZ. DE LUNA

Kotxez edo bizikletaz Araban galtzeko proposamena duzu esku artean, Gasteizko nagusigoa alde batera utzita. Ezohiko bost ibilbidetan herri txikiek eta eskualde bakartuek bat egiten dute herri ospetsuekin eta paisaia ezagunekin

Arabako aniztasunera hurbildu nahi duen orok gozatuko du argitalpen honetan bildu ditugun ibilbideekin. Uda honetan edo urteko beste edozein sasoitan –kontuz neguan gure lurraldeko izotzaldiekin eta elurrarekin!– lasaitasunez egiteko aproposak dira guztiak. Arabako zortzi kuadrilletan barrena ibiltzeko proposamena da, baina ez, ordea, tokirik ezagunenak bisitatzeko. Herri ñimiñoak, bakartuak, ia hustuak, monumentu adierazgarririk ez dituztenak, naturak menperatuak... horiek ere ibilbide hauen parte dira: Añes, Axarte, Armentia... Horien aurrean askoz ezagunagoak diren beste batzuk ere aurkituko ditu bidaiariak: Artziniega, Samaniego, Eltziego, Marieta.

Bost ibilbide dira guztira, Araban barrena. Burgos eta Bizkaia ere ukitzen dituzte eta Nafarroatik ere oso gertu ibiltzen dira; asmo nagusia eskualde batetik bestera igarotzeko orduan herrialdeko paisaiaren berezitasunak jasotzea da.

  • Lehenengoan Añana eta Aiara artean doa ibilbidea: Gaubeako bihotzetik atera eta mendebalde urruneko lurrak zeharkatuz, Artziniegara iristeko.
  • Bigarrenean, berriz, Arabako Errioxara da txangoa, Urizaharretik abiatuz, eta Herrerako gailurretik ikusten diren bista ederrak gozatzeko geldiunea eginez.
  • Hirugarren ibilbideak Arabako Armentia biak lotzen ditu, bidai txundigarri batean.
  • Laugarrenak Gorbeialdea puntatik puntara zeharkatzen du,
  • Bosgarrenak Lautadako eta Mendialdeko muturreko lurrak lotzen ditu, Opakuan barna.

Gainera, toki batetik bestera iristeko bide arruntak eta ohiko errepideak erabili ordez, bigarren mailako eta kasu batzuetan hirugarren mailako errepideak ere erabili beharko ditu bidaiariak, kotxez edo bizikletaz. Mundutik aparte geratzen diren errepide galduak dira, sarritan estuak eta bihurgunetsuak, eta tokikoek bakarrik erabiltzen eta ezagutzen dituztenak; beraz, adi egon behar da traktoreekin, animaliekin..., eta herri txikien lasaitasuna eta ingurua errespetatu.

Bidean asfaltoa alde batera uzteko beharra sentitzen baldin baduzue, eta oinez ibilbideak egin nahi izanez gero, hemen jasotako edozein tokitan aurkituko duzue txango politak egiteko aukera: Añesetik Artziniegara Sopeñako bidetik, Oletatik Santikurutz eta Orixol mendietara, Kontrastatik Lokiz mendilerroan dagoen Okomendiara...

Kontrastez beteriko lurra da Araba, bai ingurumenaren aldetik zein eskualde desberdinen izaeraren aldetik, eta horren lekuko dira honako orrialde hauek. Izan ere, nahiko txikia da herrialdea –3.042 kilometro koadro ditu–, eta eskualde biogeogra ko atlantikoaren eta mediterraneoaren artean kokatuta dago. Kilometro gutxitan igarotzen da Kadagua ibaiko 40 metroko altueratik Gorbeia mendiko 1.482 metroko altuerara; Laudioko eta Aramaioko larre berdeetatik Ebro ibaiak bustitzen dituen Arabako Errioxako lur lakarretara; Entzia menditik Valderejo eta Salbada mendietara; Gasteizko bizitasunetik Trebiñuko edo Gaubeako apaltasunera. Zerbaitegatik da Araba Euskal Autonomia Erkidegoan dibertsitate handiena duen herrialdea.

 

Erlazionatuak

Natura eta ondarea mugan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019 abu 12 Araba

Herrerako alde banatan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019 abu 14 Araba

Ahizpen artean mundu bat

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019 abu 16 Araba

Gorbeialdea alderik alde

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019 abu 19 Gorbeialdea

Lautadak Mendialdeari begira

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019 abu 21 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide