Araban barrena

Ahizpen artean mundu bat

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko abu. 16a, 06:00
Axartetik Armentiara bidea. / E.U.

Arabako bi Armentiak lotzen dituen ibilbide nagusitik kilometro gutxi desbideratuz gero, paraje ezkutuak ezagutuko ditugu, Trebiñuko Konderriaren bihotzean; hiriaren eta herriaren arteko aldeaz ohartuko gara.

Hamazortzi kilometroko distantziak eta mundu oso batek banatzen ditu Arabako bi Armentiak, Gasteizko udalerrian kokatuta dagoen Armentia aberatsa eta Trebiñuko Konderrian kokatuta dagoen Armentia bakartua. Bien arteko bidean daude, gainera, konderriko bide eta herri galduak, tartean Axarte, harrizko herri hustua. Hiriburuaren ondoan hazitako Armentiako inguruek merezi duten bisitaldiaren ostean abiatuko gara Trebiñurantz, Gasteizko mendatetik; Uzkiano herrira iritsi baino lehen, Imiruri herrira bidea hartu beharko dugu, eta bertatik bide estu asfaltatu batetik hurbildu gaitezke Axartera. Kontuan izan betiere traktoreek eta nekazarien ibilgailuek lehentasuna dutela, eta arretaz gidatu beharra dagoela ez molestatzeko.

Imiruritik ateratzen da, baita ere, Otxatera joateko bidexka, baina bertara hurbildu nahi izanez gero, oinez egin beharko dugu bidea. Axartek, egun, biztanle bakarra du erroldan, eta eraikin gehienak –eliza tartean– erortzeko zorian daude. Bertara joateko bideak, ordea, Araba galdua deskubritzeko aukera ematen digu, paisaiaren lasaitasunaz eta bakardadeaz gozatzearekin batera.

Ondoren, Axartetik Imirurira itzuliko gara, eta, behin errepide nagusian, Armentiako Bentara bidea hartuko dugu. Bertako jatetxean atsedenaldia egin daiteke, eta ondoren Urizaharrera doan bidetik iritsiko gara Armentiara.

 

ARMENTIA

Kuadrilla: Gasteiz
Udalerria: Gasteiz
Biztanleak: 254

+ INFO

 Distantzia: 21 kilometro

Denbora kotxez: 25 minutu

AXARTE

Kuadrilla: Trebiñu
Udalerria: Trebiñu
Biztanleak: 1

+ INFO

 Distantzia: 10 kilometro

Denbora kotxez: 15 minutu

ARMENTIA

Kuadrilla: Trebiñu
Udalerria: Trebiñu
Biztanleak: 139

+ INFO

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide