Aitor Abezia ez da senatarigai izango, indarkeria matxistagatik epaitu dutelako

Erredakzioa 2023ko eka. 20a, 21:00
Aitor Abezia Zanbranako alkate ohia, agerraldi batean. Argazkia: Eusko Legebiltzarra

Zanbranako alkate ohia Sumar koalizioaren Arabako zerrendaburu izendatu duten egun berean, bere aurkako epaiketa izan da, bikotekide ohiaren aurkako genero indarkeria salaketa baten harira. Dagoeneko uko egin dio hautagai izateari.

2007tik 2023ra bitartean Zanbranako alkate izan ostean, Aitor Abezia independentea Espainiako Senaturako hauteskundeetan Sumar koalizioaren Arabako zerrendaburua izango zela ezagutu da astearte honetan, goizean. Handik ordu gutxi batzuetara, Eldiario.es hedabideak esklusiban argitaratu du koalizioak hautagaitzari uko egitera behartu duela Abezia, genero indarkeriagatik epaiketara joan dela ezagutu eta gero.

Epaiketa gaur bertan izan da Arabako Zigor Arloko 1 zenbakiko epaitegian, 2020. urteko hasieran jarritako salaketa baten inguruko ikerketa burutu ostean. Bikotekide ohiak salatu zuen Abezia, ustezko eraso fisiko batengatik. Fiskaltzak bat egin du akusazio partikularraren salaketarekin, Abeziari "ohikoa ez den tratu txarren delitu arina" egotzita; delitu hori sei hilabete eta urtebete arteko zigorra ekar dezake. Akusatuak bere errugabetasuna defendatu du, eta kasua epaiaren zain geratu da.

Eldiario.es-ek kontsultatutako iturrien arabera, salaketaren jatorria adingabe komun baten zaintzan dago. Ustezko erasoa gertatu zen egun berean, Abeziak beste salaketa bat jarria zuen, beste aldeari adingabea uzteko akordioa ez betetzea egotzita.

Sumar koalizioaren barne-kode etiko baten arabera, zigor-arloko auziren bat ebazteke duen edozein hautagaik ezin du hauteskundeetan parte hartu, egitateen larritasuna edozein izanik ere. Eldiario.es hedabidearen arabera, Abeziak astearte honetako azken orduan sinatu du uko egitea.

Zanbranako alkate ohia

Bere hautagaiak argitzen azkena izan da Sumar koalizioa, Podemos alderdiarekin elkarrekin aurkezteko akordioa itxi eta zerrendak adostu ostean. Atzo jakin genuen Guillermo Presa izango dela koalizioaren Arabako zerrendaburua Espainiako Kongresurako. Gaur, berriz, joan den larunbatera arte Zanbranako alkate izandako Aitor Abeziaren fitxaketa jakinarazi du Sumarrek.

Hautagaien izendatze prozesuan, Yolanda Diaz buru duen alderdi berriak proposatu du Zanbranako alkate ohia Espainiako Senaturako hauteskundeetan Arabako zerrendaburua izateko. 2007an EAJri alkatetza kendu ostean, besteak beste, De Miguelen trama ustelaren irregulartasunak salatu zituen Añanako Kuadrillako udalerri horretan.

Azkenean hala izango ez den arrean, Abezia senatarigai independente gisa aurkeztu du Sumar koalizioak. ZAI udal taldeko independente gisa lau legegintzaldi eman ditu Zanbranako alkatetzan (2007-2023), baina aurtengo udal hauteskundeetan ez da aurkeztu: alkatetza PSEren esku gelditu da, lau zinegotzirekin; eta EAJ oposizioan dago, hiru ordezkarirekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide