Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen ajea gainditu gabe eta udalbatzak zein batzar nagusiak osatzear daudelarik, 50 egun baino gutxiago falta dira demokraziaren festaren hurrengo ediziorako. Izan ere, Pedro Sanchezek ezustean hartutako erabakiaren ostean, uztailaren 23an Espainiako hauteskunde orokorrak izango dira.
Trebiñukoak izan ezik —Burgosko hautesbarrutian zenbatuko baitituzte euren botoak—, arabarrok Espainiako Kongresurako lau diputatu eta Senaturako lau senatari aukeratuko dituzte hautetsontzietan. Kongresuari dagokionez, 2019ko hauteskundeetan —errepikatu behar izan ziren horietan— diputatu bana eskuratu zuten EAJk, PSEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, Javier Maroto (PP) eserlekurik gabe utzita.
Orain, hiru urte eta erdi pasatxo beranduago, tantaka, beren zerrendaburuak aurkezten hasi dira alderdiak, hautagaitzak berresteko barne-prozesuen atarian: lehenik EAJrenak; bigarrenik, duela egun batzuk, EH Bildurenak; eta hirugarrenik, gaur bertan, PSE-EErenak. PPk eta beste alderdiek oraindik ez dituzte Araban lehiatuko diren hautagaiak plazaratu.
Sumar, Podemos eta inguruko taldeek ez dute, oraingoz, akordiorik erdietsi. Edonola ere, Juantxo Lopez de Uralde Elkarrekin Podemoseko diputatuak Yolanda Diazen alderdi berriaren alde egingo duela iragarri du.
EAJ: Mikel Legarda
Jeltzaleek 2015etik diputatu eta 2019an Arabako zerrenda bozkatuenaren buru Mikel Legarda (Bilbo, 1956) mantenduko dute Espainiako Kongresurako Arabako zerrendaburu gisa. Hedabideetan protagonismo handiagoa duen Aitor Esteban diputatu bizkaitarraren taldekide da Legarda, eta EAJk talde osoari eusteko erabakia hartu du; izan ere, Gipuzkoan ere Joseba Agirretxeak errepikatuko du zerrendaburu gisa.
Azken legegintzaldian, Legardak 84 ekimen parlamentario aurkeztu ditu eta 683 hitzartze izan ditu.
EH Bildu: Iñaki Ruiz de Pinedo
Iñaki Ruiz de Pinedo (Gasteiz, 1954) Arabatik errepikatuko duen bigarren hautagaia da, EH Bilduren zerrendaburu gisa. Jeltzaleek bezala, subiranistek ere talde parlamentarioa mantentzeko erabakia hartu dute; hautatuak izatekotan, arabarrarekin jarraituko lukete Mertxe Aizpuruak (Gipuzkoa) eta Oskar Matutek (Bizkaia).
Ruiz de Pinedo Gasteizko zinegotzia eta legebiltzarkidea izan zen 80ko eta 90eko hamarkadetan. 2019ko apirilaren 28ko Espainiako hauteskunde orokorretan —lehenengo hitzorduan— Javier Marotoren (PP) aurkako lehia sinbolikoa irabazi zuen, Arabako laugarren eserlekua lortuz eta Gasteizko alkate ohia Sotosalbosera bidaliz. 59 ekimen parlamentario aurkeztu eta 227 hitzartze izan ditu.
PSE: Daniel Senderos
Alderdi nagusien arteko lehen aurpegi "berria" izango da Daniel Senderos (Gasteiz, 1977) sozialista; dagoeneko diputatua da, 2020tik, 2019an aukeratutako Isabel Celaa ordeztu ondoren. Gaur egun, PSE-EEren Trantsizio Ekologikorako eta Klima Aldaketarako idazkaria da, eta arlo horretako hainbat lantaldetan dabil Espainiako Kongresuan.
Arabarrarekin batera, Patxi Lopez (Bizkaia) eta Rafaela Romero (Gipuzkoa) dira PSE-EEk asteazken honetan aurkeztutako hautagai nagusiak. Bestalde, Senaturako zerrendaburu sozialistak Txema Oleaga (Bizkaia), Julia Liberal Arabako Txirrindularitza Federazioko presidentea (Araba), eta Izaskun Gomez (Gipuzkoa) izango dira.