Alderdi nagusi guztiek argitu dituzte jada uztailaren 23an ospatuko diren Espainiako hauteskunde orokorretarako zerrendaburuak: Mikel Legarda, Iñaki Ruiz de Pinedo eta Daniel Senderos izango dira EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren Arabako zerrendaburuak; eta, bere aldetik, PPk Javier de Andres berreskuratu du.
Elkarrekin aurkezteko akordioa itxi ostean eta hautagaiak adosteko eztabaidak amaituta, Sumar eta Podemos alderdiek Araba eta Gipuzkoarako zerrendaburuak aurkeztu dituzte astelehen honetan, duela egun batzuk Bizkaikoa plazaratu ondoren. Aurretik, Roberto Uriartek uko egin zion Arabako zerrendaburu gisa aurkezteko proposamenari.
Azken lau urteetan Juantxo Lopez de Uralde (gaur egun Aliantza Berdea alderdian) izan da Podemosen Arabako diputatua, baina legegintzaldi berrirako baztertzea erabaki dute, koalizio akordioaren barruan Arabako zerrendaburua hautatzea Podemosen esku utzita.
2020tik Podemos Ahal Dugu alderdiaren Gasteizko idazkari nagusi Guillermo Presa (Donostia, 1990) izango da Sumarren zerrendaburua Araban. Udal hauteskundeetan Elkarrekin-Podemosen zerrendetan hirugarren postuan joan zen, baina alderdi moreak bi zinegotzi lortu zituen, eta eserlekurik gabe gelditu zen Presa. Oraingoan, Espainiako Kongresuan diputatu izateko erronkari heldu dio, Yolanda Diaz buru duen plataformaren izenean. Gipuzkoan Pilar Garrido izango da zerrendaburua; eta Bizkaian, berriz, Lander Martinez.
Bere ibilbide politikoaz harago, Guillermo Presak Goi Mailako Musika Gradua ikasi zuen Balear Uharteetako Goi Mailako Kontserbatorioan, baita Interpretazio Masterra ere, Londresko Royal College of Music eskolan; biak saxofoi espezialitatean. Gasteizko Udal Musika Bandako kide izan da, eta gaur egun Dulantziko Udal Musika Eskolako irakaslea da. Ensemble Sinkro Bernaola Zikloaren formazio egoiliarraren parte da.
Arabatik, lau diputatu
Trebiñukoak izan ezik —Burgosko hautesbarrutian zenbatuko baitituzte euren botoak—, arabarrek Espainiako Kongresurako lau diputatu eta Senaturako lau senatari aukeratuko dituzte hautetsontzietan. Kongresuari dagokionez, 2019ko hauteskundeetan —errepikatu behar izan ziren horietan— diputatu bana eskuratu zuten EAJk, PSEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, Javier Maroto (PP) eserlekurik gabe utzita.
Honakoak izan ziren 2019ko azaroaren 10eko hauteskundeen emaitzak:
- EAJ (1): 40.262 boto (%23,69)
- PSOE (1): 37.488 boto (%22,06)
- Podemos-IU (1): 28.186 boto (%16,59)
- EH Bildu (1): 27.453 boto (%16,15)
- PP (0): 25.506 boto (%15,01)