Javier de Andres, PPren zerrendaburua Espainiako Kongresurako

Erredakzioa 2023ko eka. 12a, 15:00

De Andres, eskuinean, Maroto eta Alonsorekin batera. Argazkia: PP

Espainiako hauteskunde orokorretarako Javier de Andres berreskuratu du PPk. Ahaldun nagusi ohia, Arabako PPren presidente ohia eta Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohia izango da popularren diputatugai nagusia Araban.

Mikel Legarda, Iñaki Ruiz de Pinedo eta Daniel Senderos izango dira EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren Arabako zerrendaburuak uztailaren 23ko Espainiako hauteskunde orokorretan. Sumar eta Podemos alderdiek elkarrekin aurkezteko akordioa itxi berri dute, eta datozen egunetan bien arteko negoziazioetatik adostutako hautagaitzak aurkeztuko dituzte.

Gaurkoan, berriz, PP izan da EAEko bere zerrendaburuak aurkeztu dituena: Javier de Andres (Araba), Bea Fanjul (Bizkaia) eta Joana Arce (Gipuzkoa).

Hauteskunde atarian, orain arteko ezustekorik handiena izan da De Andres Guerra (Gasteiz, 1967) zerrendaburu izendatzeko erabakia. Javier Marotoren (apirilean) eta Marimar Blancoren (azaroan) eskutik PPk 2019an Araban galdutako ordezkaria berreskuratzeko misioa izango du gasteiztarrak, Espainiako Gobernuaren Arabako ordezkari (2016-2018) izateari utzi zionetik politikaren lehen lerrotik urrundu ostean. Lanbidez kazetaria da, eta politika utzi zuenetik ikus-entzunezko produkzioan aritu da batez ere, baita hainbat komunikabidetan kolaboratzaile gisa ere.

Alfonso Alonsoren gertukoa da Arabako ahaldun nagusi ohia (2011-2015) eta Arabako PPren presidente ohia (2015-2017). Diputatu nagusi izatea soilik behin lortu bazuen ere, hirutan irabazi zituen Arabako foru hauteskundeak, PP alderdi bozkatuena izanik. Alderdiaren ildo ideologiko "moderatuaren" parte da; Pablo Casadoren garaia atzean utzita, Alberto Nuñez Feijooren berregituraketaren parte gisa uler daiteke De Andresen izendapena, udal hauteskundeetan lortutako gorakada berresteko asmoz.

Arabatik, lau diputatu

Trebiñukoak izan ezik —Burgosko hautesbarrutian zenbatuko baitituzte euren botoak—, arabarrek Espainiako Kongresurako lau diputatu eta Senaturako lau senatari aukeratuko dituzte hautetsontzietan. Kongresuari dagokionez, 2019ko hauteskundeetan —errepikatu behar izan ziren horietan— diputatu bana eskuratu zuten EAJk, PSEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, Javier Maroto (PP) eserlekurik gabe utzita.

Honakoak izan ziren 2019ko azaroaren 10eko hauteskundeen emaitzak:

  • EAJ (1): 40.262 boto (%23,69)
  • PSOE (1): 37.488 boto (%22,06)
  • Podemos-IU (1): 28.186 boto (%16,59)
  • EH Bildu (1): 27.453 boto (%16,15)
  • PP (0): 25.506 boto (%15,01)

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago