Astelehen honetako 15:00ak aldera, auto batek eta furgoneta batek aurrez aurre talka egin zuten A-2622 errepidean, Pobesen (Erriberagoitia), noranzko bakoitzeko errei bakarreko zati batean. Emakume bat larri zauritu zen, suhiltzaileek atera behar izan zuten ibilgailutik, eta larrialdi zerbitzuek Santiagoko ospitalera eraman zuten; bertan hil egin zen hurrengo egunean, El Correo egunkariak argitaratu duenez.
Istripuan inplikatutako beste hiru pertsonak (furgonetako bidaiariak) Txagorritxu ospitalera eraman zituzten, hildako emakumea baino osasun egoera hobean. 45, 46 eta 54 urteko hiru gizonezko dira.
Trafiko istripuetan hildako bederatzigarrena
2021. urtean zehar, dagoeneko bederatzi dira Arabako errepideetan gertatutako trafiko istripuetan hildako lagunak. Izan ere, Pobesko istripua baino lehen, beste zortzi pertsona hil dira. Oraingoz, maiatza izan zen lurraldeko errepideetan izandako hilabeterik beltzena.
Horietako bi ekainean hil ziren Etxabarri-Ibiñako ordainlekuan, kamioi batek harrapatuta.
Aurretik, maiatzaren 11n, pertsona bat hil zen Luiaondon, lau ibilgailuren arteko istripu batean; hilaren 16an, 23 urteko motorzale bat hil zen Gasteizko Zadorra etorbidean, galtzadatik irten ondoren; maiatzaren 22an beste bi pertsona hil ziren Armiñonen, furgoneta iraulita; bost egun beranduago, pertsona bat hil eta beste bat zauritu zen Berantevillako N-124 errepidean.
Aurretik, otsailaren 9an, kamioilari bat hil zen bi kamioiren arteko talka baten ondorioz, Donemiliagan.