Lan istripua

Kamioilari bat hil egin da bi kamioiren arteko talka baten ondorioz, Donemiliagan

Erredakzioa 2021ko ots. 9a, 15:57

Argazkia: @BomberosAraba

Bi kamioik talka egin dute Donemiliagan, trafiko istripu larri batean. Bi gidariak ibilgailuetan harrapatuta gelditu dira. Horietako bat hil egin da eta bestea larri zauritu da.

Astearte honetako 14:00ak aldera, SOS Deiak zerbitzuak jakinarazi du bi kamioik talka egin dutela Donemiliagan, A-3020 errepidean, Araiako noranzkoan.

Hasiera batean, bi gidariak ibilgailuetan harrapatuta gelditu direla eta zaurituak zeudela azaldu dute. Larrialdi-zebitzuak bertaratu dira, eta suhiltzaileak lanean izan dira gidariak erreskatatzeko.

15:00ak pasata, Segurtasun Sailak kamioilarietako bat hil egin dela baieztatu du.

A-3020 errepidea itxita egon da hainbat orduz, eta larrialdi zerbitzuek beste gidaria ateratzea lortu dute, Santiago ospitalera eramateko.

Lan istripu hilgarria

2021ean Araban jazotako bigarren lan istripu hilgarria da. Lehenengoa otsailaren 1ean izan zen, FCCko langile bat Gasteizen hil zenean, bihotzekoak jota. Halaber, lurraldeko errepideetan aurten hildako lehen pertsona da. Aurten sei pertsona hil dira Euskal Herrian lan istripuen ondorioz.

Hildakoa Ourenseko bizilaguna zen, 55 urtekoa. Larri zauritutako beste kamioilaria 46 urteko bilbotarra da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago