Bertsoz beteko dira berriz ere plazak

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Bertsozale Elkartea 2022ko uzt. 29a, 08:00
Abuztuaren 5etik 9ra bitartean, eguerdiro izango da zita Aihotz plazan. / ABE

Aihotz plaza kamustu ez dadin bertsoz zorroztuko dute bertsolariek.

Urteetako tradizioak bizitako nahitaezko etenaldia amaituta, bueltan da Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan bertsoak entzuteko parada ere. Abuztuaren 5etik 9ra bitartean, eguerdiro izango da zita Aihotz plazan, 13:30ean.

Arabar zein han eta hemengo bertsolariak, arabar gai jartzaileek mimoz emandako gaiekin arituko dira doinu, errima eta neurri ezberdinetan trebeki bertsoak harilkatuz. Ez da nolanahiko plaza Gasteizko jaietakoa, plaza erreferente eta garrantzitsua da, exijentea izatez gain. Gazte zein ez horren gazte, emakume zein gizonezko, lehen aldiz zein beteranotasunez hamaika herritatik gonbidatutako bertsolariak ariko dira oholtzan.

Andre Maria Zuriaren egunean Oihane Perea eta Nerea Elustondo izango dira Uxue Diaz de Cerioren aginduetara. Bigarren egunean Maddi Agirre eta Iñaki Viñaspre arabarrekin batera Aitor Etxebarriazarraga eta Sarai Robles arituko dira Etxaun Otañoren gaien eskutik. Igandean berriz, etxekoak diren Ekaitz Samaniego eta Manex Agirrerekin batera Maddi Sarasua eta Oihana Iguaran ariko dira Nieves Del Alamoren agindupean. Abuztuaren 8an, Arantxa Sobrinok gidatuko du saioa, bertan Paula Amilburu eta Orlando Arreitunandia arabar bertsolariekin Joanes Illarregi eta Nerea Ibarzabal Bizkaiko txapeldunak kantatuko dute. Eta oholtza konpartitzen azkenak Andere Arriolabengoa eta Unai Anda arabarrak, Jone Uria eta Beñat Gaztelumendi Gipuzkoako txapeldunarekin. Azken hauek gidari lanetan Oier Suarez izango dute.

Aihotz plazan lehen aldiz kantatuko duenik ere bada, hala nola, Aitor Etxebarriazarraga, Sarai Robles, Joanes Illarregi edota Maddi Agirre arabar gaztea.

Ez da ordea egun hauetan Aihotz plaza plaza bakarra izango, izan ere abuztuaren 8an, 18etan, Foru plazan, Pilotagunean, kantari izango dira Oihane Perea, Irati Anda eta Iratxe Ibarra beteranoen pilota partiduetan. Eta egun honetan bertan mugimendu sozialistak antolatuta, arratsaldeko 20etan Faroloitik hasita bertso poteoa izango da Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Oihane Perearekin.

Beraz, aurtengoan izango da Gasteizko jaietan bertsoz asetzeko betarik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide