Jaietarako prest, 'Atsoa' eta 'Andereñoa' aurkeztu dituzte

Erredakzioa 2022ko uzt. 28a, 13:15
'Atsoa' eta 'Andereñoa' aurkeztu dituzte. / Gasteizko Udala

Bi buruhandiak duela urte batzuk desagertu ziren, eta jaietarako berreskuratu dituzte.

Gasteizko jaien atarian, Atsoa eta Andereñoa aurkeztu dituzte, duela urte batzuk desagertu eta aurtengo Andre Maria Zuriaren jaietarako berreskuratu dituzten buruhandiak. San Migeleko balkoian egin dute aurkezpena.

Erraldoi eta buruhandien konpartsak, historikoki, sei buruhandi zituen: hiru pertsonaia maskulino eta hiru femenino; hala biltzen dute lekukotasunek, irudi historikoek, artikuluek eta beste hainbat dokumentaziok. Emakumezko pertsonaietako bi, lehen aipatutako Atsoa eta Andereñoa, hain zuzen ere, desagertu egin ziren, eta buruhandien konpartsa lau bururekin geratu zen.

"Aurten, Kultura zerbitzuak konpartsa desagertutako bi buru femeninoekin osatzea erabaki du; hala, buru horietako bi  egin ditu, konpartsak buruhandi bakoitzeko bi baititu", adierazi du Estibaliz Canto kultura zinegotziak. Beriaingo (Nafarroa) Eskuartean tailerrean egin dituzte buru berriak, eta poliesterrezko erretxina, beira-zuntza eta olio-pintura polikromatua erabili dituzte. Hemendik aurrera, beraz, konpartsak sei buruhandi izango ditu: Atsoa, Andereñoa, Betokerra, Kaskasoila, Negartia eta Ilehoria.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide