🔴 Streaming

Jarraitu Korrika ALEAren bitartez, 24 orduz zuzenean

Erredakzioa 2024ko mar. 19a, 00:00

Iritsi da 23. Korrika, martxoaren 14tik 24ra bitartean euskararen alde Euskal Herria zeharkatuko duen martxa. ALEAk Arabatik igaroko diren kilometroen jarraipen berezia egingo du datozen egunetan, eta, gainera, irudiak erredakziora bidaltzeko dei egin du.

Martxoaren 14tik 24ra bitartean, Irunen hasi, Euskal Herria zeharkatu eta Baionan amaituko da 23. Korrika, Harro herri lelopean. Hamaika egun eta 2.173 kilometro izango dira guztira, zazpi lurraldeetan zehar; horietatik, 261 kilometro inguru Araban izango dira. Aurten, gainera, lurraldeko kuadrilla guztiak zeharkatuko ditu Korrikak, lau egun ezberdinetan:

  • 1. eguna, martxoaren 18an: Astelehen goizaldean sartuko da Korrika gure lurraldean, Kanpezutik (Mendialdea); Nafarroara sarrera azkarra egin ostean, Araban murgilduko da egun osoan zehar: Arabako Errioxa, Urizaharra (Mendialdea) eta Trebiñu zeharkatu ostean, Añana eta Gorbeialdera joango da, 19:30ean Gasteizera iritsi aurretik; lau ordu emango ditu hiriburuan.
  • 2. eguna, martxoaren 19an: Astelehenetik astearterako gauerdiaren atarian sartuko da Korrika Lautadara, Burgutik, eta 04:12an irtengo da gure lurraldetik, Eginotik, Nafarroara bidean.
  • 3. eguna, martxoaren 22an: Ostiralean Aiaraldetik egingo du Korrikak bigarren sarrera Araban, Artziniegatik (06:25), eta Aiaratik 07:56an igaro ostean, Amurriora 10:12an iritsiko da. Laudioarrek 11:27an egingo diote ongi etorria.
  • 4. eguna, martxoaren 23an: Azkenik, ostiraletik larunbaterako goizaldean egingo du Korrikak hirugarren eta azken bisita, Legution (01:12) sarrera azkar bat egiteko. Herria zeharkatu ostean, Gipuzkoara abiatuko da.

Arabako jarraipen berezia

Korrika guztietan bezala, tokiko hedabideen lana ezinbestekoa izango da aurten ere. Gainera, AEKren eta tokiko hedabideen arteko elkarlanak etengabeko jarraipen berezia ahalbidetuko du, baita Araban ere. Izan ere, gure lurraldeko kilometro guztien jarraipena egingo du ALEAk, eta datozen egunetan honako eduki hauek topatu ahal izango dituzue webgunean:

  • Martxoaren 14tik 24ra: zuzeneko streaming seinalea 24 orduz (martxoaren 14ko 15:15etik aurrera)
  • Martxoaren 18an, 22an eta 23an:
    • Arabako kilometroen argazkiak eta bideoak
    • Arabako kilometroen jarraipena sare sozialetan
  • Martxoaren 24an, igandean: Baionako amaiera ekitaldia

ALEAkideen laguntza

AEKk, tokiko hedabideek eta ALEAk Korrikaren xehetasunak minutuz minutu herritarrengana helarazteko ahalegin berezia egingo duten arren, ALEAk laguntza eskatu die ALEAkide eta arabar guztiei jarraipen berezian laguntzeko, argazkiak eta bideoak bidaliz honako bideak erabilita:

  • Emailez: erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora
  • Whatsapp bidez: 645 66 86 02 telefono zenbakira (oraingoan ez bidali Telegram bidez, mesedez, ez baita aktibo egongo)

Informazio guztia hemen

23. KORRIKA ARABAN

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide