23. Korrika Irundik Baionara joango da, martxoaren 14tik 24ra

Erredakzioa 2023ko aza. 16a, 09:50

23. Korrikaren aurkezpena, Donostiako San Telmo Museoan. Argazkia: AEK

'Harro herri' lelopean, 2024ko martxoaren 14tik 24ra egingo dute 23. Korrika. Irunen hasi, Euskal Herria zeharkatu, eta Baionan amaituko da hamaika egun beranduago. Azterketak Euskaraz kolektiboa omenduko dute edizio honetan.

Iaztik bagenekien 23. Korrika 2024ko martxoaren 14tik 24ra izango zela, baina xehetasun asko argitu dira gaur. Non hasiko da? Non amaituko da? Zein izango da aurtengo leloa? Ostegun honetan, 11:45ean, Donostiako San Telmo Museoan, aurkezpen ekitaldia eskaini du Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak (AEK).

Besteak beste, Korrikako arduradun Ane Elordi Alburquerque eta Aitziber Balantzategi Ibargoitia AEKren Artezkaritza Kontseiluaren lehendakaria eta Korrika Batzordeko kidea izan dira ekitaldian. Halaber, Korrikaren edizio honetako bidelagunak ere bildu dira ekitaldira, eta argazki jendetsua atera dute euskal komunitatearen "indarra eta harrotasuna" erakusteko.

Euskararen aldeko ekimen erraldoiaren leloa Harro herri izango da aurten. Hamar egunez Euskal Herria zeharkatuko du, etenik gabe: 2024ko martxoaren 14an abiatuko da Irundik (Gipuzkoa), eta hilaren 24an, hamaika egun eta hamar gauren ostean, Baionan (Lapurdi) amaituko da. Bertan, lekukoaren barruko mezu sekretua irakurtzeaz gain, egun osoko jai egitarauaz gozatzeko parada izango da. Ibilbidearen xehetasun guztiak urtarrilean emango dituzte.

Horrez gain, Iparraldeko ikasleek azterketak euskaraz egiteko duten eskubidearen aldeko Azterketak Euskaraz ekimena izango da edizio honetako kolektibo omendua.

"Harrotasuna"

Baina, zer esan nahi du Harro herri leloak? AEKko bozeramaileek aurkezpenean azaldu dutenez, "herri oso baten harrotasuna" eta "euskal komunitateak euskararekiko sentitzen duen harrotasuna" adierazi eta erakustea izango da aurtengo dinamikaren helburua.

"Aurreko edizioko parte-hartze masiboak argi utzi zuen gure hizkuntzaz harro gaudela eta guztion artean komunitate sendoa osatzen dugula. Oztopo guztiak gainditzeko gai den herri harroa, eta harro Korrikan", aldarrikatu du Aitziber Balantzategi Ibargoitia AEKko Artezkaritza kontseiluaren lehendakari eta Korrika Batzordeko kideak. "Korrikak herri aldarri alai eta tinkoa izan nahi du, eta, oraindik ere, aurreko Korrikako indar erakustaldia oso iltzatuta dugu begiradan".

Euskararen normalizazioa

"Halere, harrotasun hori ez da konformismoarekin nahastu behar", azpimarratu du Balantzategik, erakundeek euskararen normalizazioan duten "ardura garrantzitsua" gogora ekarrita: "Herritarren ahaleginaz batera, hizkuntza politika ausartagoa eta inbertsioak egin behar dituzte", eskatu du. Bitartean, orain arte bezala, Korrikak jasoko duen dirua euskararen normalizaziora bideratuko da Euskal Herri osoan, nagusiki AEKren euskaltegien finantzaziorako.

Omenaldia

"Aurtengo omendua bada herritarren ahalegin horren adierazle bikaina", nabarmendu du Ane Elordi Korrikaren koordinatzaile nagusiak. Izan ere, Ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz kolektibo gaztea omenduko dute edizio honetan. Ekimen herritar horrek Frantziako Estatuko hizkuntza legeari aurre eginda Baxoa eta Brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen du.

"Gazte hauek, beren ikasketen une oso erabakigarrian, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko hautua egin dute, beren notak eta etorkizun akademikoa kaltetuak izango direla jakitun", goraipatu du Elordik. "Omenaldia haien egoera ezagutzera emateko bozgorailu izateko esperantza dugu".

Bidelagunak

AEKko, Korrika Batzordeko zein Korrika Laguntzaileen ordezkariez gain, 23. Korrikaren bidelagunak aurkezpen ekitaldian izan dira. Modu batean edo bestean, denek ekarpen berezia egingo diote aurtengo edizioari:

  • Amaia Castañeda: BADON* proiektuko ordezkaria
  • Maite Arroitajauregi Mursego
  • Nekane Artola: Ikastolen Elkartea
  • Iñaki Zapirain: Ikastolen Elkartea
  • Jon Egiguren: Euskal Gorrak
  • Igoa Atxaspi: Furgonetako kideen ordezkaria
  • Lander Unzueta: Game Erauntsia
  • Juan Gorriti
  • Idurre Eskisabel: Euskalgintzaren Kontseilua
  • Agurne Gaubeka: Hizkuntz Eskubideen Behatokia
  • Peio Jorajuria: Azterketak Euskaraz
  • Maitane Urbieta
  • Ibon Leibar: Euskal Herrian Euskaraz

AURKEZPEN EKITALDIA

DOSIERRA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide