hiri hondakinak

Kripan eta Eltziego, eredu

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko urr. 20a, 06:00
Eltziegon iazko apirilean ezarri zuten atez ateko sistema. ARABAKO ERRIOXAKO KUADRILLA

Arabako hiri hondakinen inguruko azken txostenaren arabera, Eltziegok eta Kripanek abian jarri duten atez ateko zabor bilketa da modurik eraginkorrena 2025erako ezarritako helburuak lortzeko.

Arabako hiri hondakinen kudeaketari buruzko 2022ko datuak kaleratu ditu Arabako Foru Aldundiaren Hondakinen Behatokiak. Arabako 51 udalerrietatik (Trebiñuko udalerriak ez dira kontuan hartu), Kripanek eta Eltziegok bakarrik lortu dute 2025erako zaborra berrerabiltzeko eta birziklatzeko legez ezarrita dauden helburuak betetzea. Hala, zabor organikoa biltzeko atez ateko sistemarekin lortu du Kripanek hondakinen %86 gaika biltzea. Eltziegon ere iazko apiriletik martxan da atez ateko bilketa, eta %56ko birziklapen tasa lortu du, 2025erako ezarritako birziklatze helburua lortuz.

Hondakinen Behatokiaren datuen arabera, ordea, gainerako udalerriak eta zabor sortzaile nagusia den hiriburua urrun daude birziklatzeko helburuak lortzetik. Izan ere, Araba osoan gaikako bilketa %37koa da, eta lurraldeko kuadrillen ia erdietan gaikako bilketa %40tik behera dago. Erritmo horretan, nekez lortuko da 2025ean hiri hondakinen %55 birziklatzea eta berrerabiltzea.

Halere, joera positiboa nabarmendu du hiri hondakinen inguruko 2022ko urtearen balantzeak, eta berretsi egin du azken urteotan hondakin nahasiak gutxitu egin direla, eta gaikako bilketak gora egin duela, baina ohartarazi du, aldaketaren abiadura "bizkortu" egin behar dela, 2025eko hondakinen bilketaren eta kudeaketaren legearen eta plangintzaren helburuetara iristeko.

397 kilo zabor biztanleko

Prebentzioaren lanari dagokionez, 2022an, 132.904 tona hondakin sortu dira Araban, hau da, 397 kilo zabor biztanleko urtean. Behatokiaren txostenak jaso du azken hamar urteetako bigarren daturik baxuena dela, eta duela bost urte hasitako "beheranzko joera" sendotzen ari dela. Hala ere, kontuan izan behar da %8,2 baino ez dela murriztu hondakinen sorrera hamahiru urtetan, eta beraz, legea betetzeko, sortutako hondakinen pisua %13 murriztu beharko dela hurrengo bi urteetan.

Arabako zaborraren "kalitateari" dagokionez, koloretako edukiontzietan gaika bildutako hondakin gehienak birziklatu egiten dira (%86 birziklatu eta %9 deuseztatu). Nahastuta biltzen diren hondakinetatik, berriz, %48 Gardelegiko zabortegira bidaltzen da. Kopurua nabarmen altua da kontuan hartzen bada, 2030ean, zabortegian utzitako udalen hondakinen kopurua %15era murriztu beharko dutela udalek, legea betetze aldera.

Hiri hondakinen bilketa, kuadrillaz kuadrilla

Gasteiz, ezarritako helburuetatik urrun

Añana, gaikako bilketaren abangoardian

Birziklatze tasa apala Aiaraldean

Gorbeialdean, gero eta zabor gutxiago

 

Argi-ilunak agerian Arabako Errioxan

Emaitza "kezkagarriak" utzi ditu Lautadak

 

 

Normaltasunera itzuli da Mendialdea

 
Erlazionatuak

Gasteiz, ezarritako helburuetatik urrun

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023 urr 20 Gasteiz

Añana, gaikako bilketaren abangoardian

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023 urr 20 Añana

Birziklatze tasa apala Aiaraldean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023 urr 20 Aiaraldea   Aiara

Gorbeialdean, gero eta zabor gutxiago

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023 urr 20 Gorbeialdea   Aramaio

Argi-ilunak agerian Arabako Errioxan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023 urr 20 Arabako Errioxa

Emaitza "kezkagarriak" utzi ditu Lautadak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023 urr 20 Lautada

Normaltasunera itzuli da Mendialdea

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023 urr 20 Mendialdea

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide