Iritzia

Konpromisoa

Erabiltzailearen aurpegia Mitxel Elortza Exea 2022ko mar. 29a, 12:04

Korrikaren lekukoa. / Argazkia: AZKUE FUNDAZIOA

"Oraingoan, Korrikan parte hartuko duen orori konpromisoa eskatuko diot. Askotan ikusi izan ditut ezagun asko euskararen alde korrika, eta egunerokotasunean erdararen itsasoan bizi dira".

Ostegunean hasiko da Korrika, ilusioa, poztasuna eta barrenak mugitzen dizkigun euskararen aldeko lasterketa. Amurriotik Donostiara, HitzEkin leloarekin, Euskal Herriko txoko gehienak zeharkatuko ditu. Baina erreparatu diezaiogun goiburuari. Hizkuntza hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza komunitatea. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko momentua da, alegia.

"Sarritan, euskararen aldeko dinamikak folklorizatu eta egun bakarreko ekimen gisa ulertzen dituzte askok"

Sarritan, euskararen aldeko dinamikak folklorizatu eta egun bakarreko ekimen gisa ulertzen dituzte askok. Euskararen Eguna, Euskaraldia, Korrika... korrika egite hutsarekin bakoitzak bere aletxoa jarriko diolakoan euskarari.

Oraingoan, Korrikan parte hartuko duen orori konpromisoa eskatuko diot. Badakit ez naizela inor besteei ezer eskatzeko, baina askotan ikusi izan ditut ezagun asko euskararen alde korrika, eta egunerokotasunean erdararen itsasoan bizi dira.

Egin dezagun gogoeta. Horregatik, egun bakarreko konpromisotik haratago joan behar da. Denon konpromisoa ez da berdina izango, bakoitzaren testuingurua edota errealitatea ezberdina izango delako. Berdin dio, txikia izanagatik ere, ekin elkarrekin, hitzen ekinarekin.

Tipi-tapa tipi-tapa, ekin konpromisoari.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago