Asier Amondo

"AEKrentzat kolpe itzela izango da Korrika ez egitea"

Erabiltzailearen aurpegia Lander Muñagorri Garmendia 2020ko urr. 19a, 08:57

Asier Amondo laudioarra, Korrikaren koordinatzailea. / ALEA

Korrika 2022ra atzeratzeak AEKren kontuetan eragingo du, baina Amondo kezkatuta dago pandemiak euskara kaletik atera duelako, eta adierazi du pentsatu beharra dagoela egoera horri buelta nola eman.

Erabaki zaila izan dela dio Asier Amondok (Laudio, Araba, 1969), baina zuhurtziaz hartutakoa: 2021eko udaberrian egiteko asmoa zuten Korrika 2022ra atzeratu dute. Korrikaren koordinatzaileak Donostiako San Telmo museoan egin zuen iragarpena, atzo, Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzailearekin batera. "Bizi dugun egoerak argi eta garbi erakutsi digu zuhurrak izan behar dugula, eta, beraz, erabakirik onena delakoan gaude".

Zergatik erabaki duzue Korrika urtebete atzeratzea?

Segurtasunik eta bermerik ez zegoelako. Oso lotuta gaude, bost eremutako administrazioei baimenak eskatu behar dizkiegu: Eusko Jaurlaritzari, Nafarroakoari, Iparraldekoari, Burgoskoari eta Errioxakoari. Baimenak egon daitezke edo ezezkoak etor daitezke. Ezezkoaren kasuan, zer egin? Eta baiezkoa emanda ere, hemendik hiru edo lau hilabetera ezezkoa balitz, zer? Orduan, zuhurtziagatik, segurtasunagatik eta erantzukizunagatik hartu behar izan da erabakia. Azken batean, ez dago bermerik gaur ondo dagoena hemendik hiru egunera ondo egoteko, eta, agian, Korrika ezin da pasatu herri batetik. Egoera hain aldakorra den honetan, erabaki dugu urtebete atzeratzea datorren edizioa.

Elkarrizketa hau Berriak argitaratu du eta, Creative Commons by-sa lizentziari esker, zati bat ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago