Bihar, martxoaren 31n, 22. Korrika hasiko da Amurrion, eta ostiralean, apirilaren 1ean, 15:00etan itzuliko da Arabara, Legutiotik. Aurtengo ibilbidea ez da Aramaiotik pasako, baina herriak Korrikarekin bat egin eta jarduera ugari izango dituzte egunean zehar.
11:00etan, herria kantuz jarriko dute eskolako umeek eta Alaiak abesbatzak. Ondoren, 14:30ean, Korrika Txikiak herriko kaleak zeharkatuko ditu, Aramaixo herri eskolak antolatuta.
Gainera, Aramaiok bi kilometro erosi ditu Gatzagain mendatean (Arlaban), eta aramaioarrek 261. eta 262. kilometroetan korrika egiteko aukera izango dute. Animatzen direnei dei egin diete 14:30ak aldera Gure Ametsa jatetxeko aparkalekuan elkartzeko.
Arratsaldean ere ez dira ekitaldiak faltako: 17:00etan magia ikuskizuna eskainiko du Potx Magoak, Kultura Etxean; eta ondoren, 19:00etan, BAT2tan taldearen erromeriaz gozatu ahal izango da herriko plazan, arkupetan.
Horrez gain, Korrika Kulturalaren barruan Aramaion antolatutako programazioari amaiera emateko, apirilaren 3an, 10:00etan, Laburbira film laburren emanaldia eskainiko dute Kultura Etxean.