"Errepresioaren gainetik, Martxoaren 3a gogoratzen jarraituko dugu"

Mikel Buruaga 2024ko mar. 6a, 20:30

Ertzaintzaren foam bala baten ondorioz masailezurra apurtuta duen pertsona bat ebakuntzaren zain dago; eta furgoi batek harrapatutako gazteak hanka zaurituta du. Dozenaka lagunek "Martxoaren 3a gogoratzeko eskubidea" aldarrikatu dute.

Martxoaren 3aren 48. urteurreneko manifestazioaren antolatzaileek —ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuak eta Martxoak 3 Elkartea—deituta, dozenaka pertsona bildu dira gaur Zaramagako Martxoak 3 plazan, Ertzaintzaren "oldarraldia" salatzeko eta "errepresiorik jasan gabe Martxoaren 3a gogoratzeko eskubidea" aldarrikatzeko agerraldi masibo batean.

Nerea Martinez Martxoak 3 Elkarteko kideak eta Igor Chillon LAB sindikatuko ordezkariak prentsaurrekoan jakitera eman dutenez, Ertzaintzaren igandeko kargaren ondorioz, zauritu ugariren berri izan dute azken egunetan. Tartean, adineko emakume bat ebakuntzaren zain dago, foam jaurtigai batek masailezurra bi puntutan apurtu ziolako; eta Ertzaintzaren furgoi batek harrapatutako beste gazte bat perone-haustura baieztatzeko zain dago.

Martxoaren 3ko Ertzaintzaren kargan zauritutako pertsonak. Argazkiak: LAB

 

"Adin guztietako milaka lagun" zeuden manifestazioan gertatutakoaren bi adibide "larrienak" baino ez dira horiek. Izan ere, Ertzaintzak "ehunka pertsona arriskuan jarri" zituela salatu dute agerraldian. "Ertzaintzaren karga horiek oso larriak dira, erabat onartezinak, eta ezin dira berriro errepikatu. Gertatutakoagatik erantzukizunak argitzea eta etorkizunerako beharrezkoak diren neurriak hartzea eskatzen dugu", adierazi dute sindikatuek eta Martxoak 3 Elkarteak.

Gainera, zauritutako hamarnaka lagunei eta atxilotutako lau pertsonei "elkartasuna eta babesa" helarazi diete. Sindikatuek orain arte duten informazioaren arabera, gutxienez bi pertsonak salaketa jarri dute Ertzaintzaren aurka; horietako bat Ertzain-etxean, eta bestea epaitegietan.

 

"Martxoaren 3 herrikoiaren alde, errepresiorik gabe"

"48 urtez, 1976ko martxoaren 3an poliziak zauritutako eta eraildako pertsonentzako egia, justizia eta erreparazioa etengabe eskatu dira, eta eskaera hori une bakoitzeko gizarte eta lan errebindikazioekin lotu da beti, mobilizazio herrikoien bidez", azpimarratu dute agerraldian. "Martxoaren 3a ikuspegi herrikoi eta aldarrikatzailetik ulertzen dugu. Aurten pertsona guztientzako etorkizun justua aldarrikatu dugu, eta aitortza berezia egin diegu orduko borroka eta bizitza posible egin zuten emakumeei eta gaur egun zaintzaren sektorean beren eskubideak borrokatzen eta aldarrikatzen jarraitzen dituztenei".

"Manifestatzeko eta Martxoaren 3a aldarrikatzeko eskubidea berretsi nahi dugu, errepresiorik jasan gabe", aldarrikatu dute. "Ez da onargarria Martxoaren 3ko memoriak urtero poliziak zauritutako pertsonak gehitzen jarraitzea. Eraso horiek etengabe birbiktimizatzen dituzte poliziaren erasoak jasan dituztenak, 1976ko hilketetatik hasi eta 48 urte luze hauetan jasandako kargetara arte".

"Martxoaren 3ko memoriak Gasteizen inoiz baino biziago jarraitzea ahalbidetzen duten pertsona eta kolektibo guztien lankidetza azpimarratu nahi dugu, urtez urte bizi garen sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkal bidegabe honen aurkako borrokak txertatuz. Horiek guztiak ezinbestekoak dira Martxoaren 3ko oroitzapenean, eta Gasteizko eta Euskal Herriko memoria kolektiboaren parte dira", gaineratu dute.

"Errepresioaren gainetik, Martxoaren 3a gogoratzen jarraituko dugu, kaleetan aldarrikapen sozial eta laboralak modu masiboan erreklamatzen jarraituko dugu, adin guztietako pertsonekin eta kolektibo sozialekin. Martxoaren 3 herrikoiaren alde, errepresiorik gabe. Gora Martxoaren 3a eta gora langileon borroka!", adierazi dute sindikatuek eta Martxoak 3 Elkarteak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago