Martxoaren 3ko manifestazioan Ertzaintzak egindako "oldarraldia" salatuko dute

Mikel Buruaga 2024ko mar. 5a, 19:20

Igandeko istiluak, Martxoaren 3ko manifestazioan. Argazkia: Mikel Buruaga / ALEA

Agerraldi masiboa deitu dute sindikatuek eta Martxoak 3 Elkarteak asteazkenerako, 18:00etan Martxoak 3 plazan, Ertzaintzaren "karga bortitzak", atxiloketak eta infiltratuen zein foam jaurtigaien erabilera salatzeko.

Igande honetan, istilu gogorrak piztu ziren Martxoaren 3aren 48. urteurreneko manifestazioaren amaieran, Bake kalean, Dendaraba eta Corte Ingles artean. 13:00ak aldera, Ertzaintzak manifestarien bloke baten aurka kargatu zuen, eta lau pertsona atxilotu egin zituen, merkataritza guneari zein ertzainei objektuak jaurtitzea leporatuta. Horrez gain, Segurtasun Sailaren arabera, zazpi ertzain zauritu ziren. Egunean zehar aske gelditu ziren atxilotuak, eta astelehenean elkarretaratzea egin zuen Aske antolakundeak, manifestarien kontrako "jazarpena" salatzeko.

Furgoneta batekin gazte bat harrapatzeraino iritsi ziren karga polizialen gogortasuna ez ezik, ALEAk bertatik bertara baieztatu ahal izan zuen Ertzaintzak foam jaurtigaiak erabili zituela manifestarien kontra. Gainera, Hala Bediren arabera, horietako batekin 60 urteko emakume bat ahoan zauritu zuten. Jaurtigai mota horiek bereziki polemikoak izaten ari dira azken aldian, izan ere, duela egun batzuk 16 urteko gazte bat begian zauritu zuten Tolosan. Bestalde, Bloke Sozialistan parte hartu zuten hainbat kidek salatu dutenez, polizia autonomikoak debekatuta dauden gomazko pilotak erabili zituen ere.

Ertzaintzak infiltratutako agenteak eta foam balak erabili zituen. Mikel Buruaga / ALEA

 

Ertzain infiltratuak, istiluen erdian

Baina azken orduetan zalaparta handiena sortu duena agente sekretuen infiltrazioa izan da. Gasteiz Hoy hedabideak argitaratutako bideo batean ikus daitekeenez, istiluen erdian, Brigada Mugikorreko ertzain batek infiltratutako polizia bati eraso egin zion borrarekin. Kalez jantzitako ertzaina kaputxatuta zihoan, eta borra zabalgarri bat zeraman. Mikel Bejaranok grabatutako irudietan hauteman daitekeenez, infiltratua keinu bat egiten saiatu zen, ertzainen kidea zela jakinarazteko; antza denez, beste ertzain batek errekonozitu eta bultzatu zuen, handik alde egin zezan.

ALEAk grabatutako beste bideo bateko zati batean —X sare sozialeko zenbait kontutan egiletza aipatu gabe zabaldutakoa—, eskuan bandera gorri bat daraman neska gazte bat ikus daiteke istiluak sortzen ari den beste ertzain infiltratu bat identifikatzen eta seinalatzen. Antza denez, kalez jantzitako kaputxadun ertzain hori lurrean dagoen pertsonaren atxiloketan laguntzen ari zen:

 

Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk gogor kritikatu du Ertzaintzaren jokaera. Astearte honetan, kazetarien galderei erantzunez, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak berak aitortu du ertzain ugari zeudela infiltratuta. Ertzaintzak "proportzionaltasunez" jokatu zuela azpimarratu du, eta, txantxetan, kide batek jipoitutako agentea "ondo infiltratuta" zegoela esan du.

"Neurriz kanpoko dispositiboa"

Manifestazioaren antolatzaileek, ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek eta Martxoak 3 Elkarteak, Ertzaintzaren jokaera kritikatu dute hasieratik. Igandean bertan zabaldutako ohar batean, besteak beste, Ertzaintzaren "karga bortitz ikaragarria", "neurriz kanpoko dispositiboa", "dozenaka" foam jaurtigairen erabilera, furgonetekin egindako harrapaketak, txistularien aurkako erasoa eta eragindako hamarnaka zaurituak salatu dituzte.

Atxilotuen askatasuna eta absoluzioa eskatzearekin eta elkartasuna adieraztearekin batera, sindikatuek "erantzukizunak argitzea" exijitu diote Ertzaintzari eta Segurtasun Sailari. "Utz diezagutela Martxoaren 3a gogoratzen eta gure aldarrikapenak egiten haien erasoak jasan gabe", adierazi dute.

Horrekin batera, zauritutako pertsonei dei egin diete sindikatuekin edota Martxoak 3 Elkartearekin harremanetan jartzeko, euren egoeraren berri izateko eta igandeko balantze errepresiboa egiteko.

 

Agerraldi masiboa

"Martxoak 3 herrikoiaren alde, errepresiorik gabe" lelopean, igandeko manifestazioaren antolatzaileek agerraldi masiboa deitu dute biharko, asteazkenerako, martxoaren 6rako, 18:00etan Zaramagako Martxoak 3 plazan, monolitoaren parean.

"Erasotuak izan gabe Martxoaren 3a gogoratu eta aldarrikatu ahal izatea" aldarrikatuko dute bertan, eta mobilizazioetan parte hartu duten eragile eta kolektibo guztiak gonbidatu dituzte: "1976ko emakumeak, etxeko eta etxez etxeko langileak, erresidentzietako langileak, BDZ mugimendua, Gernika-Palestina ekimena, enpresa batzordeak, txistulariak, dantzariak, bertsolariak, abeslariak...".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago