"Etorkizun justu baten" aldeko aldarria Martxoaren 3aren 48. urtemugan

Mikel Buruaga 2024ko mar. 3a, 14:30

Milaka pertsona kalera atera dira aurten ere, Martxoaren 3aren memoria defendatzeko, 1976an Gasteizen hildako langileentzako egia eta justizia exijitzeko, eta "etorkizun justu bat" aldarrikatzeko. Istilu artean amaitu da manifestazioa.

Gaur, martxoaren 3an, 48 urte bete dira Espainiako Polizia Armatuak, greba orokor baten testuinguruan, bost langile hil zituela Gasteizen, Zaramagako San Frantzisko elizaren barruan. Egun horretan, Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, Jose Castillo Garcia eta Bienvenido Pereda Moral gasteiztarrak hil zituen poliziak; eta hurrengo egunetan, Basauri eta Tarragonako elkartasun mobilizazioetan, Juan Gabriel Rodrigo eta Vicente Anton Ferrero hil zituzten poliziaren tiroek.

Aurten igande eguerdian, 12:30ean, izan da 1976ko Martxoaren 3ko sarraskia oroitzeko ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek deitutako manifestazio nagusia, Atzo eta gaur borrokan, etorkizun justu baterantz lelopean. Aurretik, 12:00etan, omenaldia eta lore-eskaintza egin dute Martxoak 3 plazan, azken egunetan sindikatuek, alderdiek eta herri mugimenduko askotariko eragileek egindako ekitaldi sorta zabala borobilduz.

Urtero bezala, milaka eta milaka pertsona bildu dira mobilizazio nagusian, Zaramagako San Frantzisko elizako memoria zentroa kudeatuko duen Martxoak 3 Memoriagunea Fundazioaren eraketak markatutako 48. urteurrenean.

 

Istiluak

Mobilizazioaren azken txanpan, istiluak hasi dira Bake kalean, Dendaraba eta Corte Ingles artean. 13:00ak aldera, Ertzaintzak manifestarien aurka kargatu du, eta, Segurtasun Sailak baieztatu duenez, lau pertsona atxilotu egin ditu, merkataritza guneari zein ertzainei objektuak jaurtitzea leporatuta; eta egunean zehar aske gelditu dira. Horrez gain, Segurtasun Sailaren arabera, zazpi ertzain zauritu dira.

Jendetza sakabanatu eta bi talde nagusitan banatu da, kalean gora eta kalean behera. Istiluak hainbat minutuz luzatu dira, eta, ALEAk bertatik bertara baieztatu ahal izan duenez, Ertzaintzak foam jaurtigaiak erabili ditu. Kargen ondorioz, zenbait pertsona zauritu dira. Hala Bedi hedabidearen arabera, 60 urteko emakume bat ahoan zauritu dute foam bala batekin. Nolanahi ere, 13:12ak aldera amaitu dira istiluak, eta sakabanatutako taldeak Foru Plazara hurbiltzen hasi dira.

Bertan izan da ekitaldia, eta besteak beste sindikatuek eta Martxoak 3 Elkarteak hartu dute hitza. Gainera, Gorka Urbizu musikariak Berri Txarrak taldearen Maravillas abestia kantatu du jendetzaren aurrean.

 

Ikurrina bat elizaren gainean

Bestalde, Hala Bedik bideo batean jaso duenez, ekintzaile talde batek xingola belzdun ikurrina bat jarri du San Frantzisko elizaren teilatuan, 1976ko martxoaren 3an hildako langileen oroimenez. Ekintza goizean goiz jarri dute, eta omenaldia hasi denean, eguerdian, bertan zegoen ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago