Tuvisako langileek inauterietako larunbatean, otsailaren 10ean, 14:00etatik aurrera martxan jarritako greba mugagabearen hirugarren eguna izan da gaurkoa. Astelehena izanda, gainera, lanegunetan egindako lehen lanuztea izan da, eta Gasteizko hiri autobusen zerbitzu publikoa erabat baldintzatuta esnatu da: plantilla osoak bat egin du grebarekin; gutxieneko zerbitzuak direla eta, soilik autobusen %30 dago martxan, eta soilik zerbitzu hori bermatzeko langileak daude lanean.
Hiri autobusen geltokietan ohi baino mugimendu gutxiago izan da, itxaronaldiak nabarmen luzatu dira, eta erabiltzaile askorentzat kotxea, tranbia, bizikleta edo oinez joatea izan dira alternatibarik aproposenak. Inauterien ondorioz, astelehen honetan jaieguna izan da hezkuntzan; beraz, bihar, asteartean, eragina are handiagoa izango da, milaka ikasle eta irakasleren itzulerarekin.
Horrez gain, udal enpresak kudeatutako aparkalekuak doakoak izango dira grebak dirauen bitartean. Besteak beste Santa Barbara plazako, Iradier Arenako eta Artium Museoko aparkalekuetan, hesiak igota eta makinak zerbitzutik kanpo daude.
Lanuzteekin batera, grebalariek mobilizazioak areagotu dituzte egunotan. Astelehen goizean, kotxe karabana bat egin dute hiriburuko errepideetatik, eta arratsaldean, berriz, manifestazioa egin dute, 17:30ean Lovaina plazatik abiatuta: "Gurtubai trolero (gezurtero)", oihukatu dute sare sozialetan zabaldutako bideo batean.
GURTUBAI TROLEROO!!! GORA LANGILEON BORROKA!#TUVISABORROKAN pic.twitter.com/Mi2MstmHc9
— TUVISA BORROKAN (@tuvisaborrokan) February 12, 2024
Akordioa gertuago?
Bitartean, gatazka desblokeatzeko eta grebarekin amaitzeko negoziazioak martxan daude, eta Gasteizko Udala proposamen berri batean lanean ari da, Maider Etxebarria alkateak eta Iñaki Gurtubai Segurtasun eta Trafiko zinegotziak gaur goizean hedabideen aurrean ziurtatu dutenez. Tuvisako presidente Gurtubaik aurreratu duenez, astean zehar helaraziko diote proposamena enpresa batzordeari. Gainera, langileen ordezkariei "hausnarketa sakona eta malgutasuna" eskatu die.
Sozietate publikoaren zuzendaritzak eta sindikatuek zazpi bilera egin dituzte orain arte, eta azkena ostegunean izan zen. Horren ostean, ELA sindikatuak udalaren "immobilismoa" kritikatu zuen, "estrategikoak diren gaien inguruan alternatibarik ez" eramatea leporatuz. Gatazka "seriotasunez" hartzea eta langileen aldarrikapenei "irtenbidea" ematea exijitu diete Tuvisako arduradunei, "zerbitzu publikoa hobetzeko".
Plantillaren aldarrikapen nagusiak, besteak beste, lanpostuak bermatzea eta gehiago sortzea, pribatizatutako zerbitzuak berriro publiko izatea, eta langileen osasuna eta lanaldia errespetatzeko neurriak dira; tartean, fitxatzeko sistema ezartzea. "Eskatzen duguna ez da beharrezkoa, premiazkoa baizik", adierazi zuen Asier Lopez de Sabando enpresa batzordeko eledunak urtarrilaren amaieran, ALEArekin izandako elkarrizketan.
GUTXIENEKO ZERBITZUAK