Tuvisako langileak protestara itzuli dira, erabateko jarraipenarekin

Erredakzioa 2024ko urt. 8a, 16:30

Tuvisako langileen mobilizazio bat, abenduan. Argazkia: LAB

Akordiorik lortu ezean, Tuvisako langileek lau orduko lanuzteekin jarraituko dute urtarrilean eta otsailean. Gainera, martxorako greba mugagabea iragarri dute.

Abenduko lau lanuzteen ostean, astelehen honetan zerbitzua eta lan baldintzak hobetzeko protestari berrekin diote Tuvisako langileek, 2024ko lehenengo lanuztearekin. Gaurkoan ere, jarraipena erabatekoa izan da, %100ekoa, eta gutxieneko zerbitzuetan ari ziren autobusak baino ez dira martxan izan 05:00etatik 09:00etara bitartean.

Tuvisako enpresa batzordeak abenduaren amaieran salatu zuen Gasteizko Udalaren azken proposamena "edukirik gabekoa" zela eta ez zituela "inondik inora asebetetzen" langileen aldarrikapenak. Gasteizko autobus garraio publikoa kudeatzen duen udal enpresako langileen asanbladan 218 lagunek parte hartu zuten, eta aldeko 214 boto jaso zituen urte hasieran mobilizazio dinamika gogortzeko aukerak.

Aurretik akordiorik lortzen ez bada, honako hauek izango dira hurrengo lanuzteak:

  • Urtarrilean: lau orduko lanuzteak, urtarrilaren 8an hasita, astelehen, asteazken eta ostiraletan, 05:00etatik 09:00etara. Hau da, urtarrilaren 8an, 10ean, 12an, 15ean, 17an, 19an, 22an, 24an, 26an, 29an eta 31n.
  • Otsailean: lau orduko lanuzteak egunero, astelehenetik ostiralera, 05:00etatik 09:00etara. Hau da, otsailaren 1ean eta 2an, 5etik 9ra, 12tik 16ra, 19tik 23ra, eta 26tik 29ra.
  • Martxoan: greba mugagabea.

Sindikatuek udalari eskatu diote gatazka "seriotasunez" hartzeko eta "langileen aldarrikapenei irtenbidea emateko, lanpostuak bermatu eta sortzeko". Horrez gain, "Gasteizko hiritarrentzako zerbitzu publikoa hobetzea eta lan hitzarmenaren negoziazio erreala hastea" exijitu dute. Gaur egun, ELA eta UGT sindikatuetako hiruna ordezkari, USO, ESK eta CCOO sindikatuetako bina ordezkari eta LABeko ordezkari bat daude enpresa batzordean.

Tuvisaren azken proposamena

Noticias de Álava egunkariak aurreratu duenez, astelehen arratsaldean zerbitzuak areagotzean eta autobus linea batzuk gehitzean oinarritutako proposamen berri bat helarazi die Tuvisako zuzendaritzak sindikatuei. "Eskaini dezakegun gehienekoa da", ziurtatu du Iñaki Gurtubai zinegotzi eta Tuvisako presidenteak.

Hain zuzen ere, lineen berrantolaketa izan zen langileen protestak piztu zituen arrazoi nagusietako bat. Bereziki 6. lineari —Zabalgana-Arkaiate— eta 7. lineari —Borinbizkarra-Salburua— dagokienez.

Gutxieneko zerbitzuak

Lanuzteak dauden egunetarako %30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak. 05:00etatik 09:00etara bitartean, soilik ondorengo bide amaierako geltoki hauen irteerak ziurtatuko dituzte:

Linea Ibilbidea
BEI
  • Boulevard: 6:00, 6:20, 6:40, 7:07, 7:21, 7:35, 7:49, 8:03, 8:17, 8:31, 8:45 eta 8:59
  • Mendizorrotza: 6:00, 6:20, 6:40, 7:00, 7:14, 7:24, 7:38, 7:52, 8:06, 8:20, 8:34 eta 8:48
L1
  • Nafarroako Errege-Erreginak: 7:00, 7:45 eta 8:30
  • Katedrala: 7:17, 8:02 eta 8:47
L3
  • Bergarako Atea*: 5:50*, 7:00* eta 8:00* (* Aretxabaletaraino)
  • Izarduy Komandantea: 5:25, 7:25 eta 8:45 (**Duranaraino)
L4
  • Donostia/Baiona eta Iruña Veleia/Oion: 7:10, 7:50 eta 8:30
L5
  • Salburua - Elejalde noranzkoa: 5:10, 5:30, 6:50, 7:00, 8:10, 8:30 eta 9:00
  • Elejalde - Salburua noranzkoa: 6:10, 6:20, 7:30, 7:50 eta 8:20
  • Salburua - Astegieta noranzkoa: 05:30 eta 06:50
  • Astegieta - Salburua noranzkoa: 06:05 eta 07:25
  • Salburua - Jundiz (Ariñiz) noranzkoa: 05:10, 6:30 eta 07:00
  • Jundiz (Ariñiz) - Salburua noranzkoa: 6:05, 7:35 eta 8:05
L6
  • Mariturri/Sofia Erregina: 7:20, 8:00 eta 8:50
  • Arkaiate: 7:20, 8:10 eta 8:50
L7
  • Henry Morton Stanley/Ozeano Atlantikoa eta Iliada/Salburua Bulebarra: 7:20, 8:00 eta 8:40
L8
  • Intermodala: 7:00, 7:45 eta 8:30
  • Unibertsitatea: 7:17, 8:02 eta 8:47
L9
  • Izarduy K.: 6:15, 7:35 eta 8:35
  • Gamarrako Atea: 6:50 eta 8:10
  • Aretxabaleta: 6:13, 7:33 eta 8:33
L10
  • Nazio Batuak/Mariturri eta Iliada/Salburua Bulebarra: 7:20, 8:00 eta 8:40

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago