Tuvisako langileek asteartean kalera eraman dute protesta, auto karabana egin dute Agirrelandako udal instalazioetatik erdiguneko kaleetara. Asteazkenean enpresa zuzendaritzak eta langileek bilera izan dute, berriz ere, baina honetan ere ez da akordiorik izan, Asier Lopez de Sabando enpresa batzordeko eledunak azaldu moduan. Gasteizko Udalaren jarrera "immobilista" salatu du.
Otsailaren 10etik aurrera, akordiorik ez bada, greba mugagabea iragarri duzue. Aldaketarik izan daiteke hurrengo egunetan?
Udalak erakutsi duen jarrera ikusirik, oso zaila ikusten dugu. Jarrera immobilista da.
Zer proposatzen dute?
Mahai gainean jarri duten azken proposamenari buruz esan dezaket ez dela aurrerapausoa, atzerapausoa baizik, orain arte hitz egin dugunaren gainean. Adar jotze bat. Hori batzarrera eramatea erabaki genuen eta jarrera aldaketa bat izan zen, mobilizazioen egutegia aldatzea. Langileen %90ek berretsi dute gure proposamena. Oso argi dagoela uste dut, eta zerbait esan nahi du horrek, hainbeste langile ezin dira oker egon.
Nolako giroa duzue langileen artean?
Udalari, Gurtubai jaunari eta Etxebarria alkate andreari, eskerrak eman behar diegu sortu duten giroagatik, langileon artean sortu duten batasunagatik, nik behintzat inoiz ikusi ez dudana lanean daramadan urte guztietan. Ikaragarria da. Horregatik soilik bada ere, eskertu egin behar diegu.
Ez al dago nekerik?
Neke handia dago, baina behar handiagoak daude. Eskatzen ari garena ez da beharrezkoa, premiazkoa baizik.
Autobus kopuru eskasa da giltza, zuen ustez, ezta?
Gerentziarekin izandako azken bileran jakinarazi zigun 7. linean aldaketa bat egongo zela, eta linea horretatik bi autobus galduko zirela. Horrek, autobusak galtzeak, 12 lanpostu galtzea esan nahi du. Gainera, bi linea zabalduko zituztela agindu zuten, linea horiek luzatu, horretarako beharrezko denbora luzatu gabe. Horrek esan nahi du guretzat estres handiagoa izango dela, presio gehiago, komunera joateko denbora gutxiago, korrika gehiago, erabiltzaileak ez ditugula behar bezala artatuko. Denbora tarte horiek eragin izugarria dute langileongan.
Non nabari dira atzerapen handienak?
Guztietan. Autobus lineen gaur egungo diseinua 2009an diseinatu zuen Salvador Ruedak. Eta hasiera batean oso ondo zeuden, denbora tarte onak zituzten, lana behar bezala egin zitekeen, inolako arazorik gabe. Baina, urte hauetan zehar, linea horiek aldatu egin dira, eta, gainera, hiriak bestelako aldaketa batzuk jasan ditu, 30 kilometroko abiadura muga jartzen ari dira, lehen bi errei zeuden leku batzuetan bakarra dago, semaforo gehiago, biribilgune gehiago... Horrek esan nahi du autobusaren abiadura jaitsi egiten dela; eta autobusarekin eraman dezakezun abiadura jaisten bada eta guri denbora berberak mantentzen badizkigute, presio eta estres handia eragiten du. Esan nahi du, besteak beste, aitona igo eta abiada batean atera behar duzula autobusarekin, edo norbaitek zerbait galdetzen dizula eta korrika atera behar duzula.
"Hiri honek duen autobus flotaren egoera tamalgarria da, eta mantenu lanak eskasak"
Autobusen egoera ere salatu duzue.
Hiri honek duen autobus flotaren egungo egoera tamalgarria da, milioi bat kilometro baino gehiagoko ibilgailuak ditugu, Tuvisaren flotaren erdiak baino gehiagok dituzte kopuru horiek, eta kontuan izan behar dugu autobus horien mantenu lanak oso eskasak direla. Mekanikoak gutxi dira, eta, gainera, ez dute autobusik izaten haiek lan egin dezaketenean, autobus guztiak errepidean daudelako; matxuratu arte ez dira konpontzen. Ez dute jasotzen oinarrizko mantentze lanik gutxieneko segurtasunez ibiltzeko.
Lanaldia behar bezala fitxatzea eskatu duzue.
Eskatzen ari garena da gure lanaldiaren benetako denbora zenbatzea. Gaur egun, zenbatzen digute zenbat denbora egiten dugun geltokitik ateratzen garenetik, 07:00etan, geltokian amaitzen dugun arte, 22:00etan. Autobusen garajeko atetik sartzen garenetik ematen dugun denbora, alegia goizean ikuskatzailearengana joan, autobusa hartu, aztertu, abiarazi eta geltokira eramaten dugun arte, ez dute zenbatzen; eta gauza bera gertatzen da gauean, terminalean amaitzen dugunean eta garajera eramaten dugunean, hango ilara itxaron erregaia hartu arte, aparkatu eta diru-bilketa orria ikuskatzaileari ematen diogun arteko tartea. Hori ere ez dute zenbatzen. Hamar minutuko denbora izan daiteke garajetik hurbilen dauden geltokietan, eta 25 minutura artekoa izan daiteke Jundizko geltokiaz ari bagara. Eta orain dugun arazo hori larriagotu egingo da garaje berrietara joaten garen unean, oraingoa baino urrunago daudelako oraindik. Ez dugu eskaera berezirik egiten, erloju bat jarri eta gure lanaldia behar moduan zenbatzea baino ez.
Tailer mekanikoaren bideragarritasun plan bat ere galdegin duzue.
Gaur egun hamabi mekanikari daude, uste dugu ez direla nahikoak, eta are gutxiago zaharkitutako autobus flotarekin. Baina autobusak berritzen diren heinean, oraingo baldintzetan, lanak kanpora eramanda, mekaniko horiek ez dute funtziorik izango. Tailerraren eta lantegiaren aldetik eskatzen ari gara mekaniko horientzat bideragarritasun plan bat izan dadin, etorkizuneko plan bat, eta datozen autobus berri horiek konpondu ahal izateko prestakuntza izan dezatela, ez baitute halakorik.
Momentuz, lanuzteak bertan behera utzi dituzue.
Greba mugagabea deitzeaz gain, lanuzteak bertan behera utzi ditugu, gure borondate onaren erakusgarri, udalak behingoz gatazka hau konpontzeko zerbait mahai gainean jartzea erabakitzen duen ikusteko. Gogoratu behar dugu honek guztiak, langileei ez ezik, herritarrei eta erabiltzaileei ere eragiten diela.
"Gure lanaldiak behar moduan zenbatzea nahi dugu"
Nola hartu dute erabiltzaileek? Kezka adierazi dizuete?
Herritarren aldetik, oro har, maitasun eta esker on hitzak jaso ditugu, egoera zein den ulertzen dutenen hitz polit asko jasotzen ari gara; egia esan, beldur pixka bat genuen, nola etorriko ziren ikusi arte, baina asko harritu gara eta oso eskertuta gaude.
Zer eskatzen diezue alderdiei?
Alderdiei, alkateari, batzordeko presidenteari, eskatzen ari gatzaie lehenik eta behin gure osasuna zaintzeko. Azken sei urteetan, ezintasuna eman diete 33 langileri, eta ez da txantxa, ez baitute horren erraz ematen ezintasuna. Ez da orain sortu den arazo bat, urteetan zehar egindako kudeaketa negargarri baten emaitza baizik, eta alderdiei eskatzen diegu gure osasuna zaintzeko, eta, gainera, Tuvisako gidariok ematen ari garen zerbitzu publiko honen garapen egokia zaintzeko. Autobus gehiago jartzen badituzu, langileon osasunari mesede egiten diozu, baina, aldi berean, hiriari derrigor eman behar diozun mugikortasun hori ere ematen ari zara.