Enpresa batzordeak iragarri zuen moduan, larunbatean greba mugagabea hasiko dute Tuvisako langileek. Gasteizko Udalarekin gaur izandako azkeneko bilerak ere ez du akordiorik ekarri, eta, beraz, azken orduko aldaketarik ezean, hilaren 10ean, 14:00etan, greba hasiko dute.
Beste behin ere, udal gobernu taldearen "immobilismoa" salatu dute langileek, eta Maider Etxebarria alkatea eta Iñaki Gurtubai Tuvisako presidenteari egotzi diote ardura. "Ustezko proposamen berri bat aurkeztu digute, aurretik aurkeztutakoaren oso antzekoa, langileen %90ek onartu ez zutena", salatu du Asier Lopez de Sabando batzordeko bozeramaileak. Langileek azaldu dutenez, "gai nagusietan" ez da aurrerapenik izan. Hurrengo orduetan akordioa lortzeko "ahalegina " egingo dutela azaldu duten arren, "zailtasunak" agerikoak dira.
Inauterietako egun nagusian, beraz, bete-betean eragingo du grebak, arratsaldetik aurrera ez baita autobusik izango hiriburuan, gutxieneko zerbitzuaz gainera. Aldi berean, mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute beharginek; bihar, 17:00etan, Lovaina plazatik Andre Maria Zuria bitarteko manifestazioa egingo dute.