Abenduan eztanda egin zuen Tuvisako lan gatazkak. Hil horretan egindako lau lanuzteen ostean, urtarrilaren 8tik aurrera protestari berrekin zion plantillak, hiri-autobusen zerbitzu publikoa hobetzea, lan baldintzak duintzea zein enplegua mantentzea eta sortzea exijitzeko. Besteak beste, lan ordutegia erregulatzeko fitxaketa sistema bat eta pribatizatutako zerbitzuak berriro publifikatzea eskatu dute.
Azken asteetan, lau orduko lanuzteak egin dituzte astelehen, asteazken eta ostiraletan, 05:00etatik 09:00etara, %100eko jarraipenarekin. Otsailean lanuzte partzial horiek egunero egitekoak ziren, astelehenetik ostiralera. Gainera, martxorako greba mugagabea iragarri zuten, akordiorik lortu ezean.
Baina egoerak eta langileen estrategiak jauzi bat egin dute azken orduetan. Langileen batzarra asteartean bildu da, goizez eta arratsaldez, eta plantillaren gehiengoaren babesarekin —asanbladan parte hartu duten 253 lagunen %90ak alde bozkatu du— mobilizazio egutegia aldatzea erabaki du enpresa batzordeak.
Alde batetik, otsailaren 10era arte deitutako lanuzte guztiak bertan behera utzi dituzte. Baina, aldi berean, lanuzterik gabeko hiru aste hauetan zehar sindikatuen eta zuzendaritzaren arteko akordiorik lortzen ez bada, greba mugagabera joko dute egun horretatik aurrera; hau da, Inauterietako larunbatean hasita, egunero, astelehenetik igandera, 24 orduz eta linea zein zerbitzu guztietan (gutxieneko zerbitzuak izan ezik).
Mobilizazio gehiago
Erabiltzaileei hamazazpi eguneko "atsedena" eman eta "borondate oneko keinua" egiteaz gain, estrategia berriarekin Tuvisako zuzendaritzaren eta Gasteizko Udalaren gaineko presioan sakondu nahi dute sindikatuek. Izan ere, datozen egunetan lanuzterik izango ez den arren, mobilizazioak eta protestak areagotuko dituzte.
Lehenengo hitzordua: asteazken honetan, urtarrilaren 24an, manifestazioa egin dute 09:30etik aurrera, Lovaina plazatik Plaza Berriraino. Bertan, prentsaurrekoa eskaini dute 11:30ean, egoera berriaren inguruko balorazioa egiteko.
Tuvisaren azken proposamena
Urtarrilaren 8an Tuvisako zuzendaritzaren azken proposamena jaso zuten sindikatuak, zerbitzuak areagotzean eta autobus linea batzuk gehitzean oinarrituta. "Eskaini dezakegun gehienekoa da", ziurtatu zuen orduan Iñaki Gurtubai zinegotzi eta Tuvisako presidenteak. Baina, orduz geroztik, ez da aurrerapausorik izan negoziazioetan.
Hain zuzen ere, lineen berrantolaketa izan zen langileen protestak piztu zituen arrazoi nagusietako bat. Bereziki 6. lineari —Zabalgana-Arkaiate— eta 7. lineari —Borinbizkarra-Salburua— dagokienez.