Gasteizko kaleek Palestinarekiko elkartasunari eutsiko diote

Erredakzioa 2023ko aza. 8a, 12:12

Palestinaren aldeko manifestazioa Bilbon, urriaren 28an. Argazkia: @Palestinarekin

Palestinarekin Elkartasuna ekimenak manifestazioak deitu ditu larunbaterako, tartean Gasteizen. Astean zehar, BDZ mugimenduak Hijas de la Nakba dokumentala eta Koldo Alzola eta Jaldia Abubakra ekintzaileekin solasaldi bana antolatu ditu.

Urriaren 28an, Euskal Herri osotik iritsitako 10.000 pertsona baino gehiago elkartu ziren Bilbon, Palestinarekin Elkartasuna herri ekimenak "Estatu sionistaren genozidioa salatzeko eta palestinar herriaren erresistentziarako eskubidea defendatzeko" antolatutako manifestazioan.

Euskal Herriko eragile ugarik osatutako egitasmo herritarraren ustez, mobilizazioaren parte hartze handiak frogatu egin du "Euskal Herrian babes zabala dutela palestinar erresistentziaren eta Estatu sionistaren desegitearen aldeko aldarrikapenek", baita mendebaldeko gobernu eta instituzioek jokatutako paperaren salaketak ere.

Martxan jarritako mobilizazio zikloari segida emateko asmoa adierazi dute, "herri palestinarren aldeko elkartasuna hedatzeko eta mendebaldeko estatu, enpresa eta instituzioei presio egiteko sionismoa babestu ez dezaten". Horregatik, hiru deialdi luzatu dizkiote euskal jendarteari:

  • Enpresa eta instituzioak seinalatzea eta salatzea, "genozidio sionistaren konplize diren" heinean.
  • Espainiako Gobernuaren aurkako presioa handitzea, "Estatu sionistarekin kolaboratzen" duelako.
  • Palestinar erresistentziaren alde mobilizatzea.

"Autodefentsarako eskubidea gauzatzen ari den palestinar herri zapalduaren alboan egotea historiaren alde zuzenean egotea" dela berretsi dute. Bitartean, egunez egun, Palestinako egoera "gogorra eta latzagoa" dela ohartarazi dute: Israelek ez ditu Gazaren aurkako bonbardaketak eten, blokeoan sakontzen jarraitzen du, mendebaldeko gobernuek Israel militarki, ekonomikoki eta politikoki babesten jarraitzen dute: "Mendebaldeko gobernuak estatu genozida baten babesle eta konplize bihurtzen dira horrela".

"Presio politiko eta soziala handitu"

Inbestidura prozesu betean Espainiako Gobernuak Israeli emandako babesa kritikatu dute, baita "ezkerreko alderdi guztien konplizitatea" ere. Palestinarekin Elkartasuna ekimeneko kideek ez dute begi onez ikusten "PSOEren gobernuak itsas armada Mediterraneo ekialdera bidaltzen duen bitartean ezkerreko alderdiek –Palestina babesten dutela diotenek– inbestidura blokea osatu izana".

Testuinguru horretan, gobernuaren aurkako "presio politiko eta soziala handitzera" deitu dute, harreman diplomatiko, ekonomiko eta armamentistikoak eten ditzan.

Manifestazio nazional deszentralizatua

Abiapuntu horretatik, Palestinako herriari elkartasuna adierazten jarraitzeko eta "sionisten sarraskia zein bere konplizeak" salatzeko lau mobilizazio deitu dituzte azaroaren 11rako, larunbaterako, Gasteiz, Bilbo, Iruñea eta Hendaia-Irunen, manifestazio nazional deszentralizatu gisa, Gora palestinar erresistentzia! Sionismoa genozida! lelopean. Arabako hiriburuko mobilizazioa 18:00etan abiatuko da Bilbo plazatik.

ASTE OSOKO EGITARAUA

Bestalde, Gasteizko BDZ mugimenduak bi ekitaldi antolatu ditu astean zehar, Palestinarekin Elkartasuna ekimenak deitutako mobilizazioaren ildotik, "azken hilabetean Israelgo okupazio erregimenak Palestinan burutu duen sarraskia salatzeko eta herri palestinarrarekin elkartasuna adierazteko":

  • Azaroak 8, asteazkena: Hijas de la Nakba dokumentalaren emanaldia, 19:00etan Orbain Kultur Elkartean (Navarro Villoslada, 8). Proiekzioaren ostean, solasaldia egingo dute Koldo Alzola BDZ ekintzailearekin. Hainbat urtetan Palestinan ibilitako brigadista da Alzola, bai eta Hala Bedi irratiko Uhintifada irratsaioaren gidaria.
  • Azaroak 10, ostirala: Jaldia Abubakra ekintzaile feminista gazatarraren hitzaldia, 18:30ean Baratza Aretoan. Alkarama erakunde feminista palestinar eta Masar Badil (Palestinako Ibilbide Iraultzaile Alternatiboa) mugimenduko sustatzailea da. Halaber, Hijas de la Nakba dokumentaleko protagonistetako bat da.

MOBILIZAZIOAK

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago