Argazkiak: Arabako ALEA (Gasteiz), Gernika-Palestina ekimena eta LAB sindikatua.
Euskal Herri osoko 107 herri baino gehiago batu dira astearte honetan Gernika-Palestina herri ekimenak martxan jarritako elkartasun olatura, eta, urriaren 21ean Donostian egindako manifestazio handiaren ostean, udaletxeen aurrera eraman dute protesta.
Gazako sarraskia gelditu! Konponbide politikoa orain! Palestinarekin elkartasuna! lelopean, ehunka lagun bildu dira gure lurraldeko mobilizazioetan, eta milaka izan dira Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herri eta auzoetan. Gainera, dozenaka eragile sozialek eta sindikatu zein ezkerreko alderdi nagusiek babesa adierazi diete deialdiei.
Gure lurraldeari dagokionez, Gasteiz hiriburuan, Laudion, Iruña Okan, Legution, Agurainen, Amurrion, Lantziegon eta Elvillarren mobilizazio jendetsuak egin dituzte arratsaldean. Horrez gain, goizean zehar, elkarretaratzeak eta elkartasun argazkiak egin dituzte Arabako lantoki eta hezkuntza zentroetan.
Mobilizazioak Arabako herrietan
Mobilizazioak lantokietan
"Gazako sarraskia gelditu!"
Urriaren 7an palestinar talde armatuek egindako erasoaldiaren ostean, Israelek 10.000 zibil inguru hil ditu Palestinan —gehienak Gazan, baina baita Zisjordanian eta Libanoko hegoaldean ere—, tartean 4.000 haur baino gehiago eta eta 40 kazetari baino gehiago, 24.000 zauritu baino gehiago eragin ditu eta milioi bat eta erdi lagun baino gehiago desplazatu ditu.
"Nazioarteko komunitatea gerraren eskalada logika batean oinarritzen den bitartean, eta Israelek su-etenerako deiak gutxiesten dituen bitartean, gizarte zibiletik elkartasuna zabaltzen ari da mundu osoan", azpimarratu dute deitzaileek.
Gaurko mobilizazio egunari begira, Gernika-Palestina ekimenak bere sorreratik proposatutako parametroak aldarrikatzeari eutsi dio: "Su-etena, korridore humanitario seguruak eta irtenbide negoziatua, Palestinaren autodeterminazio eskubidea errespetatuz". Halaber, "herritar palestinar eta israeldarrek bakean bizitzeko eskubidea dutela" aldarrikatu dute, bai eta "nazioarteko zuzenbidean eta NBEaren ebazpenen betearazte zorrotzean oinarritzen den konponbidea" ere.
"Bake justu, egonkor eta iraunkorra helburu, nahitaezkoa da okupazioari amaiera ematea eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea bermatzea", gaineratu dute.