Azken asteetako gertakarien aurrean, Euskal Herriko hainbat eragilek Palestinarekin Elkartasuna herri ekimena aurkeztu dute aste honetan, eta manifestazio nazionala deitu dute larunbaterako, urriaren 28rako, Bilbon. Mobilizazioa 18:00etan abiatuko da Jesusen Bihotza plazatik.
Gainera, Gasteiztik joateko autobusak antolatu dituzte, eta aldez aurretik apuntatzeko aukera dago Lorategi (Aranbizkarra), Hala Bedi (Alde Zaharra), Elizondo (Alde Zaharra) eta Indartsu (Txagorritxu) tabernetan. Busak 16:00etan aterako dira Arriaga-Lakua auzoko Amerika Latina plazako aparkalekutik, eta manifestazioaren ostean itzuliko dira Arabako hiriburura.
"Erresistentziarako eskubidea"
Joan den larunbatean Donostian egindako manifestazio nazionalarekin alderatuta, Palestinarekin Elkartasuna ekimenak oso bestelako irakurketa plazaratu du manifestu batean, "Palestinako herriak bere okupatzailearen aurkako erresistentziarako eskubidea" duela aldarrikatuz, "forma eta adierazpen guztietan".
"Egun hauetan Palestinan gertatzen ari dena soilik uler daiteke Israelgo Estatu sionistak 75 urtez Palestinan gauzatutako kolonialismo, apartheid eta garbiketa etnikoaren eta Gazako Zerrendaren aurkako 15 urteko blokeoaren testuinguruan", salatu dute mobilizazioaren deitzaileek. "Ez gaude Hamasen aurkako gerra baten aurrean, herri baten genozidioaren eta elkartasun adierazpenen jazarpen zein errepresioaren aurrean baizik".
"Mendebaldeko gobernuen, enpresen eta alderdi politikoen konplizitatea eta lankidetza" gogor kritikatu dute, "Israel legitimatzen" duelako. Era berean, "bakearen izenean bi aldeei indarkeria amaitzea deitzen duten diskurtsoek zapalduak eta zapaltzaileak parekatu" egiten dituztela salatu dute.
"Ezin da parekatu edo kriminalizatu herri baten autodefentsa-erresistentzia erakunde militar kolonial inperialista batekin. Horregatik, euskal herritarrei Palestinarekiko elkartasun aktiboa erakusten jarraitzeko gonbidapena luzatzen diegu", adierazi dute.
MANIFESTUA OSORIK
Gora Palestinar Erresistentzia!
Sionismoa genozida!
"Larriena da Mendebaldea berriro ere genozidio eta gerra krimen hau guztia gidatzen eta babesten ari dela"
Uneotan Gazako palestinarrak etengabeko bonbardaketak eta blokeo krudela jasaten ari dira Estatu sionistaren eskutik. 5.000 palestinar baino gehiago erail dituzte, horien herena umeak. Azpiegitura zibilak bonbardaketen jopuntu izatearekin batera, ur, argi eta janari hornidurak eten dizkie Estatu sionistak. Eta larriena da Mendebaldea berriro ere genozidio eta gerra krimen hau guztia gidatzen eta babesten ari dela.
Horrekin batera, azken egunotan, areagotu egin da israeldar kolonoen eta okupazio indarren biolentzia Zisjordaniako herri palestinarraren aurka. 400 palestinar baino gehiago ari dira atxilotzen egunero, erailak izan dira 70etik gora palestinar, eta sua eman diete palestinarren baliabide materialei eta lurrei.
Alabaina, gertakizunok salatu eta Gazako genozidioaren amaiera aldarrikatzeaz gain, hurrengoa ere adierazi nahi dugu:
1. Egungo koiuntura ez dago ulertzerik 75 urte luzez Palestinan Estatu sionistaren eskutik etorri diren kolonialismoa, apartheida eta garbiketa etnikoa eta Gazaren aurka 15 urte baino gehiago iraun duen blokeoa azaldu gabe.
"Palestinar herriak bere okupatzailearen aurkako erresistentziarako eskubidea dauka, forma eta adierazpen guztietan"
2. Palestinarekiko elkartasunaren kriminalizazioa edo palestinar bandera toki publikoetan erakustea debekatzea, kontakizun hegemonikoa okerra den seinale da. Ez gaude "Hamasen aurkako guda" baten aurrean, herri baten genozidioaren eta harekiko elkartasun keinuen aurkako jazarpen/errepresioaren aurrean baizik.
3. Israel legitimatzen duten Mendebaldeko gobernuen, enpresen eta alderdi politikoen konplizitate eta kolaborazioa salatzen ditugu. Horrez gain, seinalatu behar ditugu bakearen izenean alde bietatik biolentzia etetera dei egiten duten diskurtsoak, eta zapaltzaile eta zapalduak parekatzen dituztenak. Horrek palestinar erresistentzia kriminalizatu besterik ez du egiten, Israel legitimatuz.
4. Urterik odoltsuenetakoa izan da 2023a Palestinarentzat: inbasio militarrak jasan ditu Jeninen, Nablusen eta Jerusalemen; beste eraso bat Gazan maiatzean; eta lurralde okupatuetan kolono israeldarren eskutik gizarte zibilaren aurkako biolentzia basatia. Horiek guztiek ez dute prentsako titularretan leku handirik izan.
5. Sionisten aldetik kontsentsu politikoa dagoen arren, palestinarren garbiketa etnikoari eta Israel Handiaren eraikuntzari dagokionez, esan beharra dago Israelgoa historiako gobernurik faxistenetakoa dela. Jakina da bere ultraeskuindar ministro sionista batzuek Palestinaren kolonizazio totala eta palestinarren kanporaketa dutela helburu.
"Estatu genozidari boikota, desinbertsioak eta zigorrak ezartzeko unea da"
6. Palestinar herriak bere okupatzailearen aurkako erresistentziarako eskubidea dauka. Honek har ditzakeen forma eta adierazpen guztietan. Herri baten autodefentsarako erresistentzia ezin da parekatu entitate militar kolonial inperialista batekin.
7. Estatu genozidari boikota, desinbertsioak eta zigorrak ezartzeko unea da. Ezin ditugu normaltzat jo gure kaleetan gero eta presenteago dauden adierazpen sionistak, ezta sionismoarekin harreman ekonomiko, politiko eta instituzionalak ematea ere.
8. Irtenbidea Israelgo estatu sionistaren desagerpenaren bidetik eman behar dela diogu, deskolonizazio prozesu bati lotuta; ibaitik itsasora arteko Palestina aske baten eraikuntza, errefuxiatutako eta erbesteratutako palestinarren itzulera, eta palestinar preso politiko guztien askatasuna ahalbidetuko duena.
"Irtenbidea Israelgo estatu sionistaren desagerpenaren bidetik eman behar dela diogu, deskolonizazio prozesu bati lotuta"
9. Berresten dugu palestinar herriarekiko elkartasuna eta bere lurraldean eusteko adierazi duten borondate eta duintasunarekiko errespetu eta miresmena. Gure egiten dugu haien grina den "existitzea erresistentzia egitea da".
10. Dei egiten diogu Euskal Herriari Palestinarekiko elkartasun aktiboa adierazten jarrai dezan, palestinar herriaren erresistentziarako eskubidea defendatzen jarrai dezan, eta ez dezan Euskal Herrian inongo espresio sionistarik normalizatzen utzi.