Palestinarekiko elkartasunez bete dute Mendizorrotza

Erredakzioa 2023ko aza. 6a, 10:00

Palestinako bandera handi bat atera zuen Iraultza 1921 taldeak. Argazkia: @Alaves

Igande honetan, Alaves-Almeria partidan, Palestinako dozenaka bandera atera dituzte Mendizorrotzeko harmailetan, txaloen eta Palestinaren aldeko oihuen artean.

Azken hilabetean Mendizorrotzean jokatutako lehen partidan, Alaves-Almeria norgehiagokan (1-0), Israelek Palestinan egiten ari den sarraskia lehen lerrora ekarri eta salatu nahi izan dute Iraultza 1921 taldeak eta Arabako Garrasia animazio harmailak.

La Ligak ezarritako debekuaren gainetik —araudiaren arabera, Espainiako instituzio edo organismoen sinboloak baino ezin dira erakutsi—, partidaren 15. minutuan Palestinako bandera handi bat eta tamaina txikiagoko dozenaka bandera atera zituzten. Bitartean, milaka zalek "Palestina askatu!" oihukatu zuten. Gainerako harmailetako zaleek txalo zaparrada batekin hartu zuten protesta ekintza.

Partidaren amaieran, Ertzaintzak irteera kontrolatzeko dispositibo bat jarri zuen estadioaren kanpoaldean. Azalpen ofizialik eman ez zuten arren, zale askok susmatu zuten operatiboa Palestinaren aldeko protestarekin lotuta zegoela. Hala ere, iturri ofizialek aukera hori ukatu dute, "ohiko" dispositiboa zela ziurtatuz.

Azken asteetan, Palestinaren aldeko aldarriak ikusi eta entzun ahal izan dira Euskal Herriko beste talde batzuen partidetan; besteak beste, Osasunaren, Errealaren, Eibarren eta Athleticen estadioetan.

Argazkia: @FonsiLoaiza

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago