99 egun falta dira Frantziako Tourra Arabatik igarotzeko

Erredakzioa 2023ko mar. 24a, 10:10

Frantziako Tourrak atzera-kontaketari ekin dio Gasteizen, 100 egun falta direla iragartzeko jaiarekin. Familia osoarentzako jolas, kirol eta eskaintzarekin batera, Gorka Urtaran, Ramiro Gonzalez eta Christian Prudhommek hartu dute hitza.

Ostegunean, martxoaren 23an, Tour de France 2023ko Grand Départ Pays Basque Euskal Herritik abiatzeko soilik 100 egun falta direla ospatu du Arabak; uztailaren 2an, Gasteizen hasi eta Donostian amaituko da bigarren etapa.

Aitzakia horrekin, txirrindularitzaren festa ospatu dute Andre Maria Zuriaren plazan, jolas, kultur eta kirol jardueren programazio zabalarekin. 17:30etik aurrera, musika, animazioa, haurrentzako antzerkia eta Irene Caminosen txirrindularitza trialaren erakustaldia izan dira, baita kalejira bat ere, Rezikletas taldearen eskutik.

19:00etan, berriz, ekitaldi nagusia hasi da, eta Algara Dantza Taldeak Tour gaia duten bi emanaldi egin ditu. Bi emanaldien artean, Gorka Urtaran alkateak eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak parte hartu dute. Halaber, Christian Prudhomme Frantziako Tourreko zuzendari nagusiak hitza hartu du. Era berean, gune berezia egon da bizikleta eskolei diplomak emateko, oinarrizko kirolaren eta Arabako txirrindularitzaren alde egindako lanagatik.

Iluntzean, argi eta soinu ikuskizun berezia eskaini dute: Arabako txirrindularitzaren historian zehar ibilbide bat, Gasteiz eta Araba Tour giroan murgilduz, bere irudi, argi hori eta soinuei esker; lau minutu bi pasa izan dira. Oihan Vegak eta Josune Velez de Mendizabalek animatu dute, aurkezle lanak eginez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago