2023ko uztailaren 1ean, 2an eta 3an izango da Frantziako Tourraren Grand Départ Pays Basque, eta bigarren etapa Gasteizen hasi, Lautada zeharkatu eta Legutiotik Donostiaraino joango da, 210 kilometroko ibilbidea osatuz. Izan ere, datorren urteko Tourrak hiru etapa egingo ditu Euskal Herrian: lehenak Bilbo-Bilbo ibilbidea egingo du uztailaren 1ean, bigarrenak Gasteiz-Donostia hilaren 2an, eta hirugarrenak Zornotza-Baiona hurrengo egunean.
Ostegun honetan, Iñigo Urkullu lehendakaria eta EAEko hiru hiriburuetako alkateak Parisen izan dira 2023ko Frantziako Tourraren aurkezpen ekitaldian. Besteak beste, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea ere bertan izan da, eta berarekin batera Iñaki Gurtubai alkateordea.
Ekitaldian lehen aldiz proiektatu dute Grand Départ Pays Basque 2023 ikus-entzunezkoa. Bideoak, Euskal Herriko paisaia ederrak erakusteaz gain, euskal zaleek Tourrarekiko eta, oro har, txirrindularitzarekiko duten grina, gogoa, suharra eta ilusioa erakusten ditu:
Aurkezpenean, gainera, 2023ko Frantziako Tourra iragartzeko kartel lehiaketaren proposamen irabazlea eta egilearen izena eman dituzte ezagutzera: Raisa Alava artista eta ilustratzaile arabarraren diseinua izan da Euskal Irudigileak Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionalak antolatutako lehiaketaren proposamen sortzaile irabazlea.
Grand Départ Pays Basque: nolakoa izango da?
- 1. etapa: Bilbo-Bilbo, 185 km: Ibilbide biribila eta erabat bizkaitarra izango da, Bilbon hasi eta bertan bukatuz. Kostalde malkartsua eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba zeharkatuko ditu; tartean, Gernika bi aldiz zeharkatuz. Oso etapa gogorra izango da, zailtasun bat bestearen atzetik, eta amaiera gogorra izango du, Vivero eta Pike Bidea igoko baitira azken kilometroetan.
- 2. etapa: Gasteiz-Donostia, 210 km: Bigarren etapa Gasteiztik abiatuko da, Lautada zeharkatuko du, eta Legutiotik abiatuko da Gipuzkoarantz, Donostiaraino. Araban eta Gipuzkoan ibilbide gorabeheratsua egin ondoren, Jaizkibelgo azken igoerarekin egingo dute topo txirrindulariek; Donostiako Klasikoaren kontrako norabidean, baina gogortasun berarekin.
- 3. etapa: Zornotza-Irun-Baiona, 80 km: Zornotzan hasiko da Grand Départ Pays Basque-ko hirugarren eta azken etapa. Euskal kostaldea zeharkatuko dute txirrindulariek, itsasertzeko errepideetatik, Donostia bigarrenez zeharkatu eta Irundik Lapurdira iritsi aurretik; zehazki, Baionara.
🚴🏽♂️🔎 [GIDA] Nolakoa izango da 2023ko Tourrean Gasteiztik irtengo den etapa? 210 kilometroko etapa hiriburuan hasi, Lautada zeharkatu eta Legutiotik Donostiaraino joango da, uztailaren 2an.
— Arabako ALEA (@ArabakoALEA) January 26, 2022
📍 Xehetasun guztiak hemen ▶️ https://t.co/V7LBxNlK8B pic.twitter.com/rdgruCJEaB
1977ko Tourra, Gasteizen
Nolanahi ere, ez da Tourrak Gasteizko kaleak zeharkatzen dituen lehen aldia izango, bigarrena baizik. Izan ere, 1977. urtean, Gasteizen amaitu zen orduko hirugarren etapa; KAS taldeko Jose Nazabalek irabazi zuen, Gamarran, KAS fabrikaren parean. Halaber, 1992an, Donostiatik abiatu zen lehen etapa.