Euskal Herriko, Arabako eta Gasteizko txirrindularitzaren zaleek zorteko daude. Izan ere, 2023ko Frantziako Tourrak hiru etapa izango ditu Euskal Herrian: lehenak Bilbo-Bilbo ibilbidea egingo du uztailaren 1ean, bigarrenak Gasteiz-Donostia hilaren 2an, eta hirugarrenak Zornotza-Baiona hurrengo egunean.
Gaur, urtarrilaren 26an, Gasteizko Europa Jauregian egin dute Grand Départ Pays Basque 2023 osatuko duten hiru etapen aurkezpen ofiziala, eta ibilbidearen inguruko xehetasun guztiak eman dituzte:
- 1. etapa: Bilbo-Bilbo, 185 km: Ibilbide biribila eta erabat bizkaitarra izango da, Bilbon hasi eta bertan bukatuz. Kostalde malkartsua eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba zeharkatuko ditu; tartean, Gernika bi aldiz zeharkatuz. Oso etapa gogorra izango da, zailtasun bat bestearen atzetik, eta amaiera gogorra izango du, Vivero eta Pike Bidea igoko baitira azken kilometroetan.
- 2. etapa: Gasteiz-Donostia, 210 km: Bigarren etapa Gasteiztik abiatuko da, Lautada zeharkatuko du, eta Legutiotik abiatuko da Gipuzkoarantz, Donostiaraino. Araban eta Gipuzkoan ibilbide gorabeheratsua egin ondoren, Jaizkibelgo azken igoerarekin egingo dute topo txirrindulariek; Donostiako Klasikoaren kontrako norabidean, baina gogortasun berarekin.
- 3. etapa: Zornotza-Irun-Lapurdi, 80 km: Zornotzan hasiko da Grand Départ Pays Basque-ko hirugarren eta azken etapa. Euskal kostaldea zeharkatuko dute txirrindulariek, itsasertzeko errepideetatik, Donostia bigarrenez zeharkatu eta Irundik Lapurdira iritsi aurretik.
Ekitaldian izan dira EAEko erakundeetako zein Tourreko ordezkari nagusiak, beste agintari eta txirrindularitza munduko hainbat ordezkarirekin batera: Iñigo Urkullu lehendakaria eta Christian Proudhomme Frantziako Tourreko zuzendaria, ekitaldiko buru gisa; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako diputatu nagusi Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano; Bilbo, Gasteiz eta Donostiako alkate Juan Mari Aburto, Eneko Goia eta Gorka Urtaran; eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria.
????????♂️???? [GIDA] Nolakoa izango da 2023ko Tourrean Gasteiztik irtengo den etapa? 210 kilometroko etapa hiriburuan hasi, Lautada zeharkatu eta Legutiotik Donostiaraino joango da, uztailaren 2an.
— Arabako ALEA (@ArabakoALEA) January 26, 2022
???? Xehetasun guztiak hemen ▶️ https://t.co/V7LBxNlK8B pic.twitter.com/rdgruCJEaB
1977ko Tourra, Gasteizen
Nolanahi ere, ez da Tourrak Gasteizko kaleak zeharkatzen dituen lehen aldia izango, bigarrena baizik. Izan ere, 1977. urtean, Gasteizen amaitu zen orduko hirugarren etapa; KAS taldeko Jose Nazabalek irabazi zuen, Gamarran, KAS fabrikaren parean. Halaber, 1992an, Donostiatik abiatu zen lehen etapa.