Jai batekin ospatuko dute Frantziako Tourrerako 100 egun falta direla

Erredakzioa 2023ko mar. 23a, 09:57

Ia dena prest dago ekitaldirako Andre Maria Zuriaren plazan. / ALEA

Gaur arratsaldean, familia osoarentzako jolas eta kirol eskaintza zabal batek beteko du Andre Maria Zuria. Mugarri horrek adieraziko du ehun egun geratzen direla 2023ko Frantziako Tourra hasteko eta bere tropela Gasteizera iristeko.

Martxoak 23 ditu, eta jada soilik 100 egun falta dira Tour de France 2023ko Grand Départ Pays Basque Euskal Herritik abiatzeko; uztailaren 2an, Gasteizen hasi eta Donostian amaituko da bigarren etapa.

Ostegun honetan, Gasteiz txirrindularitzaren festa bihurtuko da, Andre Maria Zurian izango diren jolas eta kirol jardueren programazio zabalarekin. Ekitaldiak 17:30ean hasiko dira: musika, animazioa, kalejira Rezikletas taldearen eskutik, haurrentzako antzerkia eta txirrindularitza trialaren erakustaldia Irene Caminosen eskutik, dominadun bikoitza Munduko Hiri Txirrindularitza Txapelketan: brontzea 2017an eta urrea 2018an.

Ekitaldi nagusia 19:00etan hasiko da, eta Algara Dantza Taldeak Tour gaia duten bi emanaldi egingo ditu. Bi emanaldien artean, Gorka Urtaran alkateak eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak parte hartuko dute. Halaber, Christian Prudhomme Frantziako Tourreko zuzendari nagusiak hartuko du hitza. Era berean, oso gune berezia egongo da bizikleta eskolei diplomak emateko, oinarrizko kirolaren eta Arabako txirrindularitzaren alde egindako lanagatik.

Iluntzean, berriz, argi eta soinu ikuskizun bat izango da: Arabako txirrindularitzaren historian zehar ibilbide bat, Gasteiz eta Araba Tour giroan murgilduz, bere irudi, argi hori eta soinuei esker. Bi pase jarraian emango dira, lau minutukoak. Oihan Vegak eta Josune Velez de Mendizabalek animatuko dute eta aurkezle lanak egingo dituzte.

Tourra, gero eta gertuago

"Ekitaldiaren helburua herritar guztiek Frantziako Tourraz gozatu ahal izatea izango da, eta lortu dugula uste dut, benetako festa ludikoa, kirolekoa eta familia osoak goza dezakeena programatu dugu", adierazi du Livia López Kirol eta Osasun zinegotziak.

Izan ere, asmoa da une horretatik aurrera nabaritzen hastea uztailaren 2an Frantziako Tourra Gasteiztik irtengo dela eta kirol honetarako esanguratsuak diren lekuetatik igaroko dela, hala nola Landatik. Horretarako, 100 eguneko festan, Grand Départ Pays Basque 2023 Tour de France-ren logoarekin serigrafiatutako zapi horiak banatuko dituzte, marea horia sortzen laguntzeko.

Zentzu horretan, ekitaldi herrikoi handi honen ondorengo asteburuan, hiriko eraikin enblematikoak horiz argiztatuko dira: udaletxearen eta aldundiaren fatxada, Florida parkeko kioskoa, Arkupeak eta Santa Barbara plazako eta Antso Jakitunaren pergolak. Halaber, Andre Maria Zuria ere kolore horrekin jantziko da egun horietan, Grand Départ Pays Basque 2023ko logoaren proiekzioarekin eta plazako zoruan dagoen bizikleta baten siluetarekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago