Amurrion ostegunean hasi eta Gasteizera ostiralean iritsiko da 22. Korrika. Hala ere, Korrikaren ibilbide ofizialez gain, Arabako hiriburuko txikienek ere hitzordu propioa izango dute hurrengo astean, apirilaren 7an, Korrika Txikiarekin. Horren berri eman dute gaur Miguel de Cervantes eskolan egindako prentsaurrekoan; bertan izan dira ikastetxeko ordezkariak, Amaia Lasaga Gasteizko Korrikaren arduraduna, eta marrazki lehiaketaren aurtengo irabazlea, Ibaiondo ikastetxetik.
Ibilbidea eta ikastetxeak
Gasteizko 33 ikastetxek parte hartuko dute, ibilbidea 12 kilometrokoa izango da, 15:00etan abiatuko da Zabalgana hiribidetik, eta Plaza Berrira iritsiko da 16:30ean. Bi puntu horien artean, Ariznabarra, San Martin, Txagorritxu, Lakua, Pilar, Zaramaga, Aranbizkarra eta Santa Luzia auzoetatik igaroko dira umeak.
"Txikien Korrika handi bihurtu da. Urtetik urtera metroak gehitu behar izan dizkiogu ikastetxe guztiek parte hartzeko aukera izan dezagun", azaldu dute. Ikastetxeek honako orden honetan egingo dute korrika:
- Armentia
- Mariturri
- Zabalgana
- Aldaialde
- Abendaño
- Sansomendi
- Barrutia
- Toki Eder
- Gorbeialde
- Ibaiondo
- Lakuabizkarra
- Umandi
- Aita Orbiso
- San Viator
- Luis Elejalde
- Luis Dorao
- Marianistas
- Santa Maria de Vitoria
- Urkide
- Landazuri
- Ramon Bajo
- Odon de Apraiz
- Samaniego
- Lopez de Guereñu
- Errekabarri
- Aranbizkarra
- Arantzabela
- Salburua
- Angel Ganivet
- Calasanz
- Adurtza
- Olabide
- Miguel de Cervantes
Miguel de Cervantes ikastetxea
Ariznabarra auzoko Miguel de Cervantes eskola publikoa azkena izango da lekukoa hartzen, eta mezua irakurriko du, Plaza Berrian. Izan ere, ikastetxea bere 50. urteurrena ospatzen ari da, eta, gainera, maila guztietan D eredua ezarri dutela ospatuko dute horrela.
Eskolako gazteek Gasteiz osora zabalduko dute beraien indarra eta euskaraz hitzekiteko deia. Gainera, aurtengo edizioan bi aurkezle berezi izango dituzte: Ane Gebarak eta Aitor Vinagretek gidatuko dute arratsaldeko saioa. Mezua irakurri ostean, jaialdi bat egingo dute Plaza Berrian bertan, euskal musika eta zunba dantzarekin, Sumendi Espazioko Zunba Herrikoiaren eskutik.
"Eskola aldaketa prozesu sakon batean murgilduta dago. Euskaran eta euskalduntze prozesuan jartzen ditugu gure indarrak, eta hori da eskolako identitate eta helburu garrantzitsuenetariko bat", azaldu dute ikastetxeko ordezkariek. "Horrez gain, metodologia eta barne antolakuntzan berrikuntza prozesuan dihardugu. Barne aldaketak auzora eta hirira zabaldu nahi ditugu, gu egiten ari garen lana erakusteko asmoz".
Ikastetxearen izen aldaketari buruz mintzatu dira ere: "Aldaketa estetikoa dirudien arren, eskolaren izen aldaketa prozesu horren parte garrantzitsua zen, baina, prozesu parte-hartzaile eta ireki honek filtro guztiak pasa zituen arren, Gasteizko Udalak ez du bere oniritzia eman. Gure desadostasuna adierazi eta erabakia salatzen dugu. Dena dela, guk jarraituko dugu, orain arte izan garen bezala, Ariznabarreko auzo eskola izaten: euskalduna, inklusiboa, parte-hartzailea eta irekia. Aniztasunari beldur ez dion eskola. Guztiona".