Aurreko edizioetan bezala, Oporklik! lehiaketa erakusketa batekin borobilduko da. Urriaren 27tik azaroaren 14ra bitartean, argazki sarituak ikusgai izango dira Oihaneder Euskararen Etxea - Montehermoso Kulturuneko Jovellanos aretoan. Argazki irabazleez gain, gainerako lanak ere ikusi ahal izango dira pantaila digitaletan.
Irailaren 24an iragarri genuenez, Oporklik! udako argazki-hizki lehiaketak zazpi irabazle utzi ditu aurten: Estibaliz Aguirre Lopez de Munain, Pero Lope, Iñaki Sanchez Ciarrusta, Maria Furundarena, Iñaki Diez Ozaeta, Mitxel Elortza eta Jitka Raskova.
Udan zehar egindako bidaiak zein bizitako esperientziak argazkien eta hitzen bidez kontatzea izan du oinarri Oporklik! udako argazki lehiaketak. Irailaren 15era bitartean, proposatutako lau kategorietan, 84 lan jaso zituen Oihaneder Euskararen Etxeak, Gauekoak programak eta ALEAk elkarlanean antolatutako lehiaketak: 26 gazteei zuzendutako bi ataletan eta 58 helduentzako bi kategorietan.
Gainera, datozen asteetan erakusketa ikustera hurbiltzen diren lagunek zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute. Zozketaren irabazleak sari eder bat eramango du: La Leze kobazuloko jaitsiera bi lagunentzat (Inguru Abenturak gidatuta) eta lau lagunentzako bisita eta ardo dastaketa Candido Besa upategian.
Erakusketaren inaugurazioa asteazken honetan bertan egin da, hilaren 27an. Horren ostean, astelehenetik igandera bisitatu ahal izango da; goizez 11:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez 18:00etatik 21:00etara.
Lan guztiak eta sailkapena