Oporklik! lehiaketako kategoria honetan parte hartu ahal izateko 5 argazki eta azalpen testu bat bidali beharko dituzu. Fitxategiak eta parte hartzeko gainontzeko datuak honako galdetegian aurkituko dituzu.
Zalantzarik edo informazio osagarririk behar baduzu, gogoratu lehiaketaren oinarriak atalean daukazula informazio zehatz guztia eskura.
Horrez gain, lehiaketa abian den bitartean, bidaltzen dituzuen argazki sortak atal honetan ikusgai izango dituzue.
Ritxar Astegieta - Lancelot zain duzu
Lanzarote izeneko ilargi uharte batean haize zakarrak kaktusak kulunkatzen ditu, kresalak txoko bakoitza herdoiltzen duen bitartean. Natura faltak txunditu egiten gaitu, batez ere Euskal Herria bezalako lur berdeetatik goazenak. Turistek marinelak ikusten dituzte, haiek eguneroko lanetan ari diren bitartean. Patata txiki batzuk mojoarekin jan ditzakezu, "Papas arrugadas" esaten dietenak. Bitartean, mahatsak ezbehar klimatologikoetatik babesteko mahasti-sistema bitxi batekin uhartean bertan ekoizten duten ardo bikaina dastatzen duzu. Beti ematen du laba, edozein unetan, berriro sortuko dela, bere mendiak eta arrokak berriro tindatuz, eta bere harrien artetik ateratzea lortu duen edozein bizi-aztarna berriro errez.
Saramagoren erlojua arratsaldeko lauretan oraindik atxilotuta dagoen uharte horretan, Pilar emaztea ezagutu zuen orduan. Uharte horretan, Marik haitzulo ugari izango zituen, bertan bizitzeko eta itsaslabarrak jotzen ari zen itsasoaren soinua entzuteko. Koloretako irla bat, herri zuriak, harea beltzak, mahasti berdeak, itsaso turkesa, harri gorriak...
Magia bolkanikoa omen du, gorputza eta arima uhartean berraurkitzen omen dira. Cesar Manriqueren lanez, hondartza urdin ederrez, eguzkiz, terrazak betetzen dituzten turistez betetako hegazkinez, uso eta txolarreekin bizi diren loroz, isiltasunez... betetako uharte hori. Eta ezin dut uhartea "la graciosa" izendatu gabe utzi, denborarik eta asfaltorik gabeko uhartea omen delako. Han dago Mendi Horia, sumendi zahar bat, zeinaren kolore iradokitzaileak kontrastea egiten duen zeruko urdinarekin eta itsasoko turkesarekin. Elezaharraren arabera, mendi honen goialdean eraman zuen Armida sorginak Reinaldo, zeinaz maitemindu baitzen, dragoi batek, lehoi batek eta iturri sorgindu batek zaindutako lorategi oparo baten gatibu bihurtuz. Badirudi iturri horretatik edaten zuenak barre egiten zuela hil arte. Istorioak uhartearen errealitate idorrarekin kontrastatzen du.
Lancelot zain duzu...
Iñaki Sánchez Ciarrusta - Berriro etxean, azkenean
Urte zaila izan da guztiontzat: nork espero zuen honelako egoera bat bizitzea? Amesgaisto honek Estatu Batuetan harrapatu ninduen. Oraindik ondo oroitzen naiz zinematik irten eta telefonoa jakinarazpenez beteta ikusi nuen eguna: Trump-ek Europarekin mugaren itxiera iragarri berri zuen. Burua lainotu zitzaidan, eta ezintazun gordinaren ekaitzak gaineztatu ninduen, gorputz osoa harrapatuz: noiz izango nuen etxera hegan egiteko hurrengo aukera? Washingtoneko udako bero zapaltzailea igaro zen, udazkena gorrixka etorri eta pasa zen, negua eta Gabonak elurrarekin desagertu ziren, etxetik urrun. 2021. urtea hasi eta oraindik ez neukan etxera joateko aukerarik...
Garai hartan, gainera, nire familiak aiton-amonen bizitza osoko baserria saldu behar izan zuen, momentu berezi guztiak ospatzeko biltzen ginen txokoaz gain, eta leku berezi hoiei guztiei agur esateko aukera galdu nuen. Azkenean, udaberriak albiste onak ekarri zituen: txertoa hartu eta bidaiatzeak dakarren arriskuak murriztu ondoren, ekainean etxera joan nintzen (hainbat hegaldi aldatu ostean). Hamaika aldiz irudikatu nuen nire etorrera, buruan ibilbide osoa marraztuz: Madrilgo aireportura iritsi, trena hartu, eta leihotik etengabe begiratu, etxeko berdea, mendiak eta herri txikiak zeruertzean agertu zireneko unea iritsi arte...
Begi berrituekin ikusi ahal izan ditut Euskadin, etxean, dauzkagun toki paregabeak: itsasoaren indarra, kostaldeko herri koloretsuak, gure herriaren kultura eta gastronomia, eta noski, naturarekin dugun lotura estua. Gure hariztietan eta pagadietan barrena berriro ibili ahal izan dut, denboraren sustraietatik datozen elezaharrez beterik dauden basoen eta mendien magia ostera sentituz... Dauzkagun altxorrak horiek guztiak jakin-min beteriko begi berriztuekin ikusteko aukera izan dut, familiarekin berriro aurrez aurre disfrutatuz galdutako denbora berreskuratzen; begirada berri batekin leku hauetaz guztietaz gozatzeko aukera izan dut, alegia, zoriontasunez gainezka dagokidan lekuan egoteagatik.
Berriro etxean, azkenean.
PERO LOPE - HIRIAN
HIRIAN
Gertakariengatik,
edo norberaren erabakia...
nolanahi ere
hemen hirian.
Bakardadea hazten,
une paregabe bat.
Huts,
denboraren atsedena.
Begiradaz gozatzea,
xurgapen osoa.
Ezer ez pentsatzeko,
abstrakziorantz.
Isiltasuna entzun
oraingoan.
Edonon garena
sentitzea da.
Borondatez
edo egoeraren arabera.
Geldiarazten,
erlaxazioa.
Bidaien proiektuak maiz udan gauzatzen dira, udako ezaugarriak, eguraldia edo egun luzeak besteak beste baitira egokiak bidaiatzeko. Hala ere, gutxi batzuk, hainbat arrazoirengatik, garai berean haien bizilekuetan geratzen dira, eta egoera horrek aukera paregabea eskeintzen die hiria modu guztiz ezberdin batean bizitzeko.
Ordutegiak, ohiturak, errutina eta egun bakoitzako erritmoa aldatu egin dira. Lana, eskolak edo konpromisoak alde batera utzita, atseden hartzen dugu; lehen ez genuen astirik edota ez genuen aukerarik astia hartzeko, baina egun denbora era ezberdin batean sentitzen dugu. Estresak eta larritasunak alde egin dute and ondorioz gure burua seguraski erneago eta gorputza arinago daude.
Lekuak, askatuta, zabalagoak dirudite, jende gehiena joan baita. Trafiko txikiagotuak isiltasun bitxia eta atsegina areagotzen du, eta kaleek zinemako dekoratuen antza dute.
Hortaz, gogoa gorputzarekin konekatzen da eta gure gaitasun sentsorialez jabetzen gara. Zentzumenek, normalean sorgortuta, une egokia aurkitzen dute esnatzeko. Usaintzeko, entzuteko, ikutzeko, ikusteko… soilik eta guztiz, sentitzeko.
Hau aukera paregabea ohiko ingurunearekin konektatzeko! Orain, posible denez, urtean zehar gureak diren bazter horietaz gozatzeko.
Argazki guztiak Gasteizen ateratakoak egin dira. Irudiek aipatutako sentsazioak transmititu nahi dituzte, gure arretatik ihes egiten duten xehetasunei erreparatuz, non adierazgarriena hutsaren parekoa den, eta haien edertasuna soiltasunatik abiatzen den.
Iñaki Sánchez Ciarrusta - Bidea egiten
Nire istorioa leiho batetik begiratuz hasi eta amaitzen da. Baliteke bidaia guztiak horrela hastea: leihoak, azken finean, gure irudimena abentura berrietara garraiatzen duten atari magikoak baitira. Haien bitartez bidaiarekiko lehenengo kontaktua izaten dugu, irrikak, desioak, itxaropenak, beldurrak eta abenturarako gogoak argitaratuz. Bidaiaren helmuga "Desolation Peak" izen txarreko mendiaren gaineko suteak kontrolatzeko aterpetxea zen: handik bertatik Jack Kerouac idazleak hilabete pare bat eman zituen lan hori berbera egiten, duela urte asko. Hona iristea odisea ikaragarria izan zen, baina ez dut gertaerarik aurreratu nahi.
Washington D.C.-n trenera igo nintzen herrialdea zeharkatzeko asmoarekin, Washington estatuara iritsi arte, hamaika estatu, milaka kilometro zeharkatu eta 3 gau trenean igaro ostean. Honelako herrialde erraldoia trenez kostaldetik kostaldera gurutzatzea ez da gauza makala: agerikoa da modurik bizkorrena ez dela, ezta honelako ibilbide luzerik egiteko formarik erosoena ere. Baina honela bidaiatzerakoan bidaiak berak helmugak baino garrantzia handiagoa hartzen du. Trenez egindako bidaiek abentura eta misterioz osatutako zisku batez inguraturik daude. Bidaiariek bagoiak istorio ezberdinez betetzen dituzte, iragan eta itxaropen ezberdinekin; alabaina, une batez, denak elkarreink daude, espazio eta denbora preziatuak partekatuz, istorioen arteko uztarpena erraztuz, ustekabeko adarkadurak sortuz ...
“Empire Builder” izeneko tren mitikoaren gainean leihotik begira paisaien aldaketaz gozatezeko aukera izan nuen, gauzak ikasteko parada (Chicagoko tren geltokia Amish jendearentzako “hub” garrantzitsua dela, esate baterako) eta zeruertzeko koloreen aldaketarekin disfrutatuz orduak eta orduak eman nituen.
Estatu asko zeharkatu ondoren Seattle-era iritsi, kotxea hartu eta azkenean North Cascades parke nazionalera iritsi nintzen. Helmugara iristeko pausko asko eman behar izan nituen: parkea zeharkatu behar nuen, autoa utzi, bi kilometro ibili, laku baten ertzean zegoen telefono arrosa batera iritsi (Wes Anderson-ek berak amestutako eszena baten antzera), lakuaren beste aldean dagoen ostatu batera deitu, James Bond bezalako txalupa bat hartu ostatura heltzeko, han txalupatxo moturdun txiki bat alokatu eta Ross lakuan zehar gidatu... Horrekin ibilbidearen hasierara itsi nintzen (hartz grizzly bat nire zain egongo zen zuhaixka artean ezkutaturik...). Orduak eta orduak mendian gora ibili ondoren (eta hartzaren susto ikaragarria pasatu ostean) gailurrera iritsi nintzen, nire helmugara.
Eta honela, bidaia amaitu nuen hasi bezala: leihotik begira, bizitakoari buruz hausnartuz eta hurrengo abenturak amestuz, hodeiertzean marraztutako paisaia hunkigarriaren leluko, Kerouak-en hitzak gogoratuz: “Live, travel, adventure, bless, and don't be sorry”.
Aitor Ahedo Pineda - Faleminderit Albania
Pandemia garai hauetan, non inprobisatzea eta plan gehiegi ez egitea ohiko bihurtu den, udaberrian, abuztuan zehar ihes egin genezakeen lekuan pentsatzen hasi ginen. Ez genuen inoiz pentsatuko patuak zer ekarriko zigun...
Gauza bat argi zegoen, bidaia furgonetan izan behar zen, gauzak ez daude hegazkin asko hartzeko moduan. Azkenik, Albania aukeratu genuen. Ia ezezaguna baina sorpresaz betetako herrialdea, non turismoa oraindik ez den lurreratu. Albania izan da turismoari ateak ireki dizkion herrialde gutxietako bat. Jende askorik ez dagoenez, lasaitasuna da nagusi, Izan ere, ez dugu ia musukorik ikusi herrialde osoan.
3 milioi biztanle baino apur bat gehiagorekin eta tamaina txiki samarrarekin, lurralde ezin hobea da furgonetan presarik gabe ibili ahal izateko. Mendia, hondartza, herri bitxiak eta, batez ere, bertako jendea dira erakargarrri nagusiak.
Eguraldia bermatuta dago, baita bero handiegia ere Siberia-Gasteiztik gatozenontzat. Herrialde merkea eta oso atsegina da. Gaur egun, gertutasun horrek, ez da batere ohikoa gero eta hotzagoa eta urrunagoa den Europan. Albaniak kultura musulmanaren abegi ona eta hurbiltasuna biltzen ditu, Mediterraneoko paisaiak eta kostaldea, mendizale askorik gabeko mendiak, milaka bide eta bidezidor deskubritzeko, bai eta Mediterraneoaren eta otomandar kultura gastronomikoaren zertzeladak dituen askotariko gastronomia bat ere.
Adriatikoaz bestaldean, Iliriarren herrialdea duzu zain, eta han berriro aurkitu genuen bidaia, luzaroan mugarik igaro gabe egon ondoren. Faleminderit Albania!
Joseba Galarraga eta Arantza Eziolaza - "Itsutasunaren aurkako antidotoa"
Zuhaitzen azpian egunsentia ikustea gustatzen zait, ihintzaren laztana azalean sentitzea. Goiza, eguna estreinatzea lehen eguzki izpiaren zain, eta gero, irudiak, uneak, sentsazioak... oroitzapenen albumean artxibatzea, non udaberriarekin batera sortzen diren lehen kimuak gordetzen ditudan, lehen prilulak, amapolen gorritasun amaigabea gari berdearen artean. Baita eguzki-marratxo batzuk ere, adarren artean kulunkatuz belarretan lurreratzen direnak edo ihintz tantetan hosto berdeen gainean errebotatzen dutenak, haien gainean izar ñimiño distiratsu bihurtuz. Harrigarria egiten zait ikustea nola eguzki-esfera, segundo batzuetan, hostoen gainean pausatzen den, eta esku txikiak bailiran jasotzen dituen ama-laztan batean, berehala askatzeko, zeruko espazio laranjan.
Gero, udak aurrera egiten duen bitartean, loreek eztanda egiten dute estamine finen mila ostadar zoragarri erdituz, eta beren bihotza erakusten digute, non intsektu txikiak elikatzera edo babestera etortzen diren. Irudi horietan, haizeak ekarritako loretxo ñimiño bat karduaren arantza berdeen artean zain dago, sabeleko hazia heldu arte. Haiek ere biltzen ditut nire albumean, inork erreparatzen ez dien altxor zoragarri gisa, konturatu bainaiz naturak oparitzen dizkigun irudirik onenak, zoritxarrez, inork ez dituela ikusten. Horregatik, bihotzaren barrenean daramadan oroitzapenen album horretan uzten ditut, eta batzuetan haien elixir magikoa partekatzen dut, gizarte honen gehiengoak pairatzen duen itsutasuna sendatzeko ahalegin itxaropentsu batean.
Iñaki Sánchez Ciarrusta - Bide basatietarantz
“Happiness is only real when shared”.
Alexander Supertramp / Chris McCandless
Chris McCandless-ek bere abentura ahaztezina (eta bere bizitza) amairtzear zegoenean idatzi zuen bezala (Jon Krakauerr-en liburu bikainak primeran dokumentatu zuen moduan), benetako zoriontasuna partekatzen den hori da. Hau da, nolabait, Oporklik! bezalako ekimenekin lortzen den gauzetako bat: momentu bereziak elkarbanatzea, eta hau da ere nire esperientziak partekatzera bultzatzen nauen indarra.
Natura maite dugun gehienok noizbait ameztu dugu Alaskara joatearekin: bazter basatia, bakartia, oraindik ia esploratu gabea, non naturaren eta klimaren baldintza gogorrek eta sarbide zailek leku berdingabe gisa mantentzen duten.
Abuztuan Alskara joateko aukera izan nuen, eta hara iritsi bezain laister toki berezi batean nengoela nabaria zen: argiz beteriko egunak (20 ordu inguru, momento hartan), lurralde ERRALDOIA, amaieragabea (biztanleria dentsitate minimoarekin), animalia eta paisaia bakarrak… Fairbanks-etik iparraldera abiatu nintzen, zirkulo polar artikora iristeko asmoarekin, petrolioa eramateko hoditeriak markatzen duen bidea jarraituz (hoditeria honek iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du lurraldea, bizitza osorako zauriak utzitako orbainaren antzera). Interesgarria zen oso kilometroak eta kilometroak egitea paisaia berezi hori gurutzatuz.
Horren ostean hegoaderantz jo nuen, Denali mendirantz habiatuz, hain zuzen ere. Denali Ipar Amerikako tontorra da, bere mendirik altuena (eta hortik datorkio bere izena, jatorrizko Athabaskan "Handia" esan nahi du eta). Parke honetan guztia da ikaragarria eta liluragarria: eguraldi gogorra, permafrostaren presentzia eta bere garrantzia (munduko egoera klimatiko larriaren termometro gisa egiten duena), animaliak, zain dauden abenturak... Parkean sartzerakoan ibilgailu pribatuek ezin dute jarraitu, eta aurrera egiteko parkeak dauzkan autobusak erabili behar dira. Une horretatik aurrera bisitari bakoitzak amestutako abentura jarraitzen du...
Eta horrela jarraitu nuen nire bidaia, Alaskako sakoneretara barruratuz, bide basatietarantz abiatuz.
Aitor Salazar Calleja - Iragaitzazkoak
Pandemia hasi zenean eta etxera lan egitera bidali ziotenean Kontatu zidan lagun batek mira zuela lanera joateko bota zuen denbora. Lagunak Bilbon lan egiten zuen eta egunero hartzen zuen autobusa bi aldiz. Hasieran zaila egiten zitzaidan holako aitorpen sinestea baina berak azaldu zidan denbora horretan gauza pilo egiten zituela. Hasteko erlaxatzeko ezinbestekoa zen. Umeen zaratarik ez eta distrakziorik ere ez. Bestalde, eguna antolatzeko oso aproposa zen une hori eta halaber lagunekin harremanetan egoteko mugikorrarekin sare sozialen bidez. Etxean geratzen zenean erabiltzen zuen denbora hau gehiago lo egiteko, garbitzeko, janariak prestatzeko…baina hilabete batzuk barru erreparatu zuen zer garrantzitsuak ziren momentu hauek.
Egia da bizitzako hainbeste ordu pasa ditugula alde batetik bestera joaten eta nik beti saiatu naiz momentu haietaz baliatu eta abantaila atera. Jateko, irakurtzeko, lo egiteko…eta batez ere jendeari begiratzeko haien bizitzak iruditzeko. Bakarrik biziko dira? Zer eremuan? Zein izango da haien lana? Nora joango da hain azkar? Zergatik egon da negar egiten? “ In transit” gaudenean, nahiz eta izkutatu ahalegindu, aztarna ugari ematen ditugu zer garenez. Arropak, keinuak, hitz egiteko era, eramaten ditugun gauzak…
Era honetan ez da harritzekoa izango argazkiak hartzeko oso gustukoa dudan lekua garraio publikoak eta geltokiak. Hori bai da natura hila! Jendea ez didate jaramonik egiten. Beti urduri, presaka, korrika, norbaiten bila edo norbaiten zain…ikusezina bihurtzen naiz eta hori da oparirik onena argazkilari batentzat. Batzuetan pertsona interesgarri bat jarraitzen dut zerbaiten zain, bestetan leku berezi batean geratzen naiz izkutatuta aparteko pertsona hori agertu arte eta gehienetan argiarekin mugitzen naiz geltokietan. Argia beti erakusten bait dit bilatzera etorri naizena.
Koldo Zubizarreta Gerendiain - Albanian, gogoko tokian aldapa latzak
Guretzat hain ezezagun, Europan egonagatik oso urrun sentitzen genuen Balkanetako penintsulan kokaturiko herrialdea. Pandemiaren egoera ona izan zen bertara joateko behar izan genuen bultzada. Bizikletak eta bizikletari lotzen zaion umeentzako gurdia hartuta, bagoaz Ainhoa, Koldo eta, lehen aldiz, Hodei, 2 urteko bidaiari txikia. Aurretik, hilabete eta erdi eta 1.400 km ditugu.
Tiranara iritsi bezain pronto, bero ikaragarriak egin digu ongi etorria: 35 gradutik gorako tenperaturek izugarri zaildu dute bidaiaren hasiera. Zorionez, azkar asko gerturatu gara hego-ekialdean dagoen Albaniako Erriberara. Kostaldeko brisa izan dugu beroaren kontrako txertorik onena eta, horregatik, Itsaso Jonikoarekin topo egin orduko, beste kolore bat hartu du bidaiak, bertako ur urdin ederrarena.
Itsasoari agur esan eta mendi magalean topatu dugu Gjirokastër hiri historikoa. Han, aurretik ezaguturiko Berat hirian bezala, zutik diraute otomandarren garaiko etxe, jauregi eta gazteluko harresi zahar zainduek, eta dotoreziaz janzten dute hiria.
Turismoguneei agur esan eta Vojsa ibairen ondotik Albaniako hego-ekialde ezezagunera jo dugu, errepide lasaietan barna bizikletaz izugarri gozatuz. Hori bai, Albaniako lurraldearen % 70 mendialdea izanda, zain geneuzkan, bidaia osoan bezala, izugarrizko maldak. Batzuetan, gure indar guztiak xahutu behar izan ditugu.
Iparralderako bidean, atsedena hartu dugu Orhid aintzira erraldoian. Hango ur gardenek, arrantzaleen joan-etorriekin batera, sekulako lasaitasuna eta atsedena eskaini dizkigute.
Bide eder eta beti malkarretatik, azkenean, iritsi gara Albaniar Alpeetako bihotzera, Valbone bailarara. Mendiz inguraturik egoteak sortzen digun bizipozaren ostean, gogorra izan da mendialdea utzi eta, berriz ere, hiribururantz jotzea, han itzuliaren amaierara iristeko.
Aurretik makina bat bidaia egindakoak izan arren, azken hau berezia izan da guretzat. Izan ere, aspaldiko ametsa genuen bideari hala lotzea, bizikleta bidaietan tarteka topatu izan ditugun familia horien antzera, eta bete da. Eta bete gaitu. Albaniak bete gaituen bezala. Barru-barruraino iritsi zaigu kontrastez beteriko herrialde honetako jendearen adeitasuna. Hasierako aldarte serioaren ostean, beti agertu zaizkigu albaniarrak xamur, eskuzabal eta abegikor.
Nerea Pérez Castrillejo (@nepecas) - Herrimin
Nire esperientzia pertsonalak zerikusi handia du argazkiekin batera doazen lerro hauetan.
Ni gaztelarra naiz, Palentziatik gertu dagoen herri txiki batetik nator, eta bizitzaren zirkunstantziek, hainbat herrialdetan zehar ibili ondoren, Gasteizera ekarri ninduten duela hiru urte. Egia da iritsi bezain laster euskara ikasten hasi nintzela, eta oraindik oso zuzen hitz egin ez arren, lehiaketa hau udan zehar testu txiki honekin praktikatzeko aukera ona iruditu zait.
Jakin badakit argazki hauek agian ez dutela urrutiko lekuetatik egindako bidaia handi bat irudikatzen, baina nire egunerokotasuna Gasteizen irudikatzen dute uda honetan.
Jundizko industrialdean egiten dut lan, bizikletaz erraz iristeko moduko lekuan. Egunaren amaieran, eta lurretik morriña pixka bat etortzen zaidanean, hiriaren inguruko edozein herritatik pasatzen naiz. Horrek askatasuna, lasaitasuna eta hiri handiari ihes egiteko arnasa ematen dit.
Horietako batzuk Gasteizen daude eta dagoeneko erabat integratuta daude, beste batzuk apur bat urrunago, baina, edonola ere, historia eta tradizioa duten lekuak dira. Eta nire landa-sustraiek ondo sentiarazten naute leku hauetan. Horregatik bisitatzen ditut, eta, askotan, koadernoa eta akuarelak eramaten ditut, eta pixka batean margotzen geratzen naiz, aire libreaz eta erlaxaz gozatzen, batez ere udan, eta, batez ere, pandemiaren ondoren. Garai horietan, landa-mundua askoz gehiago baloratzen dugu, garaia baitzen.
Eskerrik asko zuen arretagatik baina barkamena eskatzen dizuet nire euskaragatik