Zazpi irabazle utzi ditu OPORKLIK! udako argazki-hizki lehiaketak

Erredakzioa 2021ko ira. 24a, 14:00

Zazpi irabazleen lanetako lagina. / ALEA

Oporklik! udako argazki-hizki lehiaketaren irabazleak honakoak dira: Estibaliz Aguirre Lopez de Munain, Pero Lope, Iñaki Sanchez Ciarrusta, Maria Furundarena, Iñaki Diez Ozaeta, Mitxel Elortza eta Jitka Raskova.

Udan zehar egindako bidaiak zein bizitako esperientziak argazkien eta hitzen bidez kontatzea izan du oinarri Oporklik! udako argazki lehiaketak. Irailaren 15era bitartean, proposatutako lau kategorietan, 84 lan jaso zituen Oihaneder Euskararen Etxeak, Gauekoak programak eta ALEAk elkarlanean antolatutako lehiaketak: 26 gazteei zuzendutako bi ataletan eta 58 helduentzako bi kategorietan.

Antolatzaileon partetik, eskerrak eman nahi dizkiegu parte-hartzaile guztiei gurekin haien oporrak irudi bitartez partekatzeagatik, eta bestelako ekimenetan ere gurekin bat egitera animatzen ditugu.

Orain, bozkatzeko epea agortuta, iritsi da momentua epaimahaiak eta herritar botoak hautatutako irabazleak ezagutarazteko. Guztira, zazpi irabazle ditu lehiaketak; hiru testuz lagundutako argazki sortetan eta beste lau argazki bakarreko kategorietan:

    • Egia ezkutuak, Estibaliz Aguirre Lopez de Munain. Saria: Azala landetxean gau bateko egonaldia gosariarekin eta Candido Besa upategian lau lagunentzako bisita eta ardo dastaketa.
    • Hirian, Pero Lope. Saria: Goikuri landetxeko apartamentuan gau bateko egonaldia eta Artepanen bi lagunentzako gosaria eta produktu sorta.
    • Bidea egiten, Iñaki Sanchez Ciarrusta. Saria: Azala landetxean gau bateko egonaldia gosariarekin eta Artepanen bi lagunentzako gosaria eta produktu sorta.
    • Udan ere hemengoa balioetsi, Maria Furundarena. Saria: GoPro motako kamera eta Parral tabernan bi lagunentzako bazkaria.
    • Isladen edertasun ezkutua, Iñaki Diez Ozaeta. Saria: GoPro motako kamera eta Parral tabernan bi lagunentzako bazkaria.
  • Argazki bakarra (+30 urte), boto gehien lortu dituzten hirugarren eta laugarren argazkiak —lehenengo biak Iñaki Sanchez Ciarrustarenak dira, eta oinarrien arabera ezin dira sariak metatu—:
    • Saskiaren begirada, Mitxel Elortza. Saria: GoPro motako kamera eta Museo del Organo jatetxean bi lagunentzako bazkaria.
    • Unikornioa, Jitka Raskova. Saria: GoPro motako kamera eta Museo del Organo jatetxean bi lagunentzako bazkaria.

Erakusketa

Aurreko edizioetan bezala, Oporklik! lehiaketari ere erakusketa batekin borobilduko da: urriaren 27tik azaroaren 14ra bitartean, argazki sarituak ikusgai izango dira Oihaneder Euskararen Etxea - Montehermoso Kulturuneko Jovellanos aretoan. Argazki irabazleez gain, gainerako lanak ere ikusi ahal izango dira pantaila digitaletan.

Gainera, erakusketa ikustera hurbiltzen diren lagunek zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute. Zozketaren irabazleak sari eder bat eramango du: La Leze kobazuloko jaitsiera bi lagunentzat (Inguru Abenturak gidatuta) eta lau lagunentzako bisita eta ardo dastaketa Candido Besa upategian.

Irabazleen lanak

Estibaliz Aguirre Lopez de Munain — Egia ezkutuak

Biziki maite ditut udako oporretako iragarkietan agertzen diren irudiak. Tenerifek aukera anitz eskeintzen du hara joaten ausartzen denari. Hondartza beltzak, itsaso urdin-gardenak, basamortu loredunak, eta sumendi labak sortutako mendiak. Ikuspegi ezinhobea, artalde baten parte sentitzen hasi nintzen arte, beste lili lehorren artean arruntena. Turismoak bideratuta, guztiok plan berdinak egitera kondenatua.

Lehenengo plana: ilunabar erromantikoa. Guztiok une berezi horren zain egon ginen, ehiztarien antzera, hamaika argazkietan ilunabar hori gorde nahian. Olatuen disdira, eta kaitxorien kantuak ez ziren nahiko izan han geunden guztien arreta lortzeko. Halakoa da errealitatea. Bihotzez maite den bikote bakoitzaren atzean, lagun talde ororen atzean ez dago paisaia idilikorik; jendez gainezka, itotzeraino dagoen harkaitz bolkaniko zapalduak baizik.

Hurrengo egunean, urrunean bere txakurrarekin paseatzen ikusi nuen gizon bat. Harrien gainetik, mendilerroa atzean zeukala, bakar-bakarrik ikusten zen paisaian; antzinako bideojoko horietan bezala, plataformak gainditzen. Nire ingurura begiratu nuen orduan. Antzera, turismoak esplotatu gabeko leku batean nengoen, igerileku natural batzuetan. Esplotatu gabekoak, hantxe flotagiluekin plisti-plasta zeuden hamar ume, musika ozen entzuten eta dantzan zegoen koadrila hiru eta gaua sartu bitartean afaltzen zeuden beste bost familia kenduta; txakur, koltxoneta eta barre algara etengabeak barne.

Gizon bakarti horren konpainiari inbidia nion. Zortzi egunez ibili ginen eguzkipean beste askorekin batera.

Ezingo ginateke munduan bakardade osoan bizi, ez nazazu gaiziki ulertu. Honetan pentsatzen egon nintzen, azken egunean itsasontzi bat hartzeko ordubeteko ilara itxaron bitartean. Gure ondoan zegoen kartel erraldoi baten gainean, ilaran ere kaitxori batzuk zeuden, haien artean barrezka. Bat batean, haize bolada batek bultzatuta hegan hasi ziren, hortzemugarantz. Ilaran bai, gu bezala, baina ez esperoan.

Zenbaterainoko egia izkutatzen da oporretako argazkietan? Gehiegi erakusten dugu, gure sareetan batez ere; besteen aurrean gure bizitzaren atal bat biluztuz; baina ez dugu inoiz pentsatzen, gorputz biluzi horretan zenbat arima, ideia, izate bizi diren. Uretan sartzen garenean, gure buruaren islada mila sortzen direnean bezala.


Pero Lope — Hirian

Gertakariengatik,

edo norberaren erabakia...

nolanahi ere

hemen hirian.

 

Bakardadea hazten,

une paregabe bat.

Huts,

denboraren atsedena.

 

Begiradaz gozatzea,

xurgapen osoa.

Ezer ez pentsatzeko,

abstrakziorantz.

 

Isiltasuna entzun

oraingoan.

Edonon garena

sentitzea da.

 

Borondatez

edo egoeraren arabera.

Geldiarazten,

erlaxazioa.

 

Bidaien proiektuak maiz udan gauzatzen dira, udako ezaugarriak, eguraldia edo egun luzeak besteak beste baitira egokiak bidaiatzeko. Hala ere, gutxi batzuk, hainbat arrazoirengatik, garai berean haien bizilekuetan geratzen dira, eta egoera horrek aukera paregabea eskeintzen die hiria modu guztiz ezberdin batean bizitzeko.

Ordutegiak, ohiturak, errutina eta egun bakoitzako erritmoa aldatu egin dira. Lana, eskolak edo konpromisoak alde batera utzita, atseden hartzen dugu; lehen ez genuen astirik edota ez genuen aukerarik astia hartzeko, baina egun denbora era ezberdin batean sentitzen dugu. Estresak eta larritasunak alde egin dute and ondorioz gure burua seguraski erneago eta gorputza arinago daude.

Lekuak, askatuta, zabalagoak dirudite, jende gehiena joan baita. Trafiko txikiagotuak isiltasun bitxia eta atsegina areagotzen du, eta kaleek zinemako dekoratuen antza dute.

Hortaz, gogoa gorputzarekin konekatzen da eta gure gaitasun sentsorialez jabetzen gara. Zentzumenek, normalean sorgortuta, une egokia aurkitzen dute esnatzeko. Usaintzeko, entzuteko, ikutzeko, ikusteko… soilik eta guztiz, sentitzeko.

Hau aukera paregabea ohiko ingurunearekin konektatzeko! Orain, posible denez, urtean zehar gureak diren bazter horietaz gozatzeko.

Argazki guztiak Gasteizen ateratakoak egin dira. Irudiek aipatutako sentsazioak transmititu nahi dituzte, gure arretatik ihes egiten duten xehetasunei erreparatuz, non adierazgarriena hutsaren parekoa den, eta haien edertasuna soiltasunatik abiatzen den.


Iñaki Sanchez Ciarrusta — Bidea egiten

Nire istorioa leiho batetik begiratuz hasi eta amaitzen da. Baliteke bidaia guztiak horrela hastea: leihoak, azken finean, gure irudimena abentura berrietara garraiatzen duten atari magikoak baitira. Haien bitartez bidaiarekiko lehenengo kontaktua izaten dugu, irrikak, desioak, itxaropenak, beldurrak eta abenturarako gogoak argitaratuz. Bidaiaren helmuga Desolation Peak izen txarreko mendiaren gaineko suteak kontrolatzeko aterpetxea zen: handik bertatik Jack Kerouac idazleak hilabete pare bat eman zituen lan hori berbera egiten, duela urte asko. Hona iristea odisea ikaragarria izan zen, baina ez dut gertaerarik aurreratu nahi.

Washington D.C.-n trenera igo nintzen herrialdea zeharkatzeko asmoarekin, Washington estatuara iritsi arte, hamaika estatu, milaka kilometro zeharkatu eta 3 gau trenean igaro ostean. Honelako herrialde erraldoia trenez kostaldetik kostaldera gurutzatzea ez da gauza makala: agerikoa da modurik bizkorrena ez dela, ezta honelako ibilbide luzerik egiteko formarik erosoena ere. Baina honela bidaiatzerakoan bidaiak berak helmugak baino garrantzia handiagoa hartzen du. Trenez egindako bidaiek abentura eta misterioz osatutako zisku batez inguraturik daude. Bidaiariek bagoiak istorio ezberdinez betetzen dituzte, iragan eta itxaropen ezberdinekin; alabaina, une batez, denak elkarreink daude, espazio eta denbora preziatuak partekatuz, istorioen arteko uztarpena erraztuz, ustekabeko adarkadurak sortuz...

Empire Builder izeneko tren mitikoaren gainean leihotik begira paisaien aldaketaz gozatezeko aukera izan nuen, gauzak ikasteko parada (Chicagoko tren geltokia Amish jendearentzako hub garrantzitsua dela, esate baterako) eta zeruertzeko koloreen aldaketarekin disfrutatuz orduak eta orduak eman nituen.

Estatu asko zeharkatu ondoren Seattlera iritsi, kotxea hartu eta azkenean North Cascades parke nazionalera iritsi nintzen. Helmugara iristeko pausko asko eman behar izan nituen: parkea zeharkatu behar nuen, autoa utzi, bi kilometro ibili, laku baten ertzean zegoen telefono arrosa batera iritsi (Wes Andersonek berak amestutako eszena baten antzera), lakuaren beste aldean dagoen ostatu batera deitu, James Bond bezalako txalupa bat hartu ostatura heltzeko, han txalupatxo moturdun txiki bat alokatu eta Ross lakuan zehar gidatu... Horrekin ibilbidearen hasierara itsi nintzen (hartz grizzly bat nire zain egongo zen zuhaixka artean ezkutaturik...). Orduak eta orduak mendian gora ibili ondoren (eta hartzaren susto ikaragarria pasatu ostean) gailurrera iritsi nintzen, nire helmugara.

Eta honela, bidaia amaitu nuen hasi bezala: leihotik begira, bizitakoari buruz hausnartuz eta hurrengo abenturak amestuz, hodeiertzean marraztutako paisaia hunkigarriaren leluko, Kerouak-en hitzak gogoratuz: "Live, travel, adventure, bless, and don't be sorry".


Maria Furundarena — Udan ere hemengoa balioetsi


Iñaki Diez Ozaeta — Isladen edertasun ezkutua


Mitxel Elortza — Saskiaren begirada


Jitka Raskova — Unikornioa


Lan guztiak eta sailkapena

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago