Oporklik! lehiaketako kategoria honetan parte hartu ahal izateko 5 argazki eta azalpen testu bat bidali beharko dituzu. Fitxategiak eta parte hartzeko gainontzeko datuak honako galdetegian aurkituko dituzu.
Zalantzarik edo informazio osagarririk behar baduzu, gogoratu lehiaketaren oinarriak atalean daukazula informazio zehatz guztia eskura.
Horrez gain, lehiaketa abian den bitartean, bidaltzen dituzuen argazki sortak atal honetan ikusgai izango dituzue.
Pello Muruetagoiena Gondra - Datorren urtera begira
Behin, gure arbasoek egin bezala, urte osoa egoten gara egutegia behatzen, zeruari begira, udako egun lasaiak noiz helduko itxaroten. Erlojuaren pisuak bere lana egiten du, eta betiko legez, uztaila ate joka etortzen zaigu. Gure baserritarrentzat, soroa ereiteko momentua izan ohi da; bedar txarrak kendu eta amalurrak emandako fruituak jasotzekoa. Opor egunak, zoritxarrez, etorri bezain laster juan ohi dira; beste urte betez, udak, bere atean ixten ditu. Hala ere, errekan mareari jarraituz arrainek egiten duten antzera, zain egotea besterik ez zaigu gelditzen; datorren urteko uda, pentsa baino hurbilago dugulako, lagunok.
Estibaliz Aguirre Lopez de Munain - Egia ezkutuak
Biziki maite ditut udako oporretako iragarkietan agertzen diren irudiak. Tenerifek aukera anitz eskeintzen du hara joaten ausartzen denari. Hondartza beltzak, itsaso urdin-gardenak, basamortu loredunak, eta sumendi labak sortutako mendiak. Ikuspegi ezinhobea, artalde baten parte sentitzen hasi nintzen arte, beste lili lehorren artean arruntena. Turismoak bideratuta, guztiok plan berdinak egitera kondenatua.
Lehenengo plana: ilunabar erromantikoa. Guztiok une berezi horren zain egon ginen, ehiztarien antzera, hamaika argazkietan ilunabar hori gorde nahian. Olatuen disdira, eta kaitxorien kantuak ez ziren nahiko izan han geunden guztien arreta lortzeko. Halakoa da errealitatea. Bihotzez maite den bikote bakoitzaren atzean, lagun talde ororen atzean ez dago paisaia idilikorik; jendez gainezka, itotzeraino dagoen harkaitz bolkaniko zapalduak baizik.
Hurrengo egunean, urrunean bere txakurrarekin paseatzen ikusi nuen gizon bat. Harrien gainetik, mendilerroa atzean zeukala, bakar-bakarrik ikusten zen paisaian; antzinako bideojoko horietan bezala, plataformak gainditzen. Nire ingurura begiratu nuen orduan. Antzera, turismoak esplotatu gabeko leku batean nengoen, igerileku natural batzuetan. Esplotatu gabekoak, hantxe flotagiluekin plisti-plasta zeuden hamar ume, musika ozen entzuten eta dantzan zegoen koadrila hiru eta gaua sartu bitartean afaltzen zeuden beste bost familia kenduta; txakur, koltxoneta eta barre algara etengabeak barne.
Gizon bakarti horren konpainiari inbidia nion. Zortzi egunez ibili ginen eguzkipean beste askorekin batera.
Ezingo ginateke munduan bakardade osoan bizi, ez nazazu gaiziki ulertu. Honetan pentsatzen egon nintzen, azken egunean itsasontzi bat hartzeko ordubeteko ilara itxaron bitartean. Gure ondoan zegoen kartel erraldoi baten gainean, ilaran ere kaitxori batzuk zeuden, haien artean barrezka. Bat batean, haize bolada batek bultzatuta hegan hasi ziren, hortzemugarantz. Ilaran bai, gu bezala, baina ez esperoan.
Zenbaterainoko egia izkutatzen da oporretako argazkietan? Gehiegi erakusten dugu, gure sareetan batez ere; besteen aurrean gure bizitzaren atal bat biluztuz; baina ez dugu inoiz pentsatzen, gorputz biluzi horretan zenbat arima, ideia, izate bizi diren. Uretan sartzen garenean, gure buruaren islada mila sortzen direnean bezala.
Lidia Maeso Aragon - Krepuskuluak
Jendetza eta urte kaotiko honetatik ihesi, Kosta Arrokatsuan aurkitu genuen gure leku baketsua udarako. Abuztu erdialdea zen autoa hartu eta abentura hasi genuenean, irrikaz beterik. Ez genuen egun bakar bat ere behar izan bidai osoan gure unerik gustukoena izango zena topatzeko. Krepuskulua. Ilunabarra. Ezin da hitzez ere adierazi momentu magiko horiek suposatu izan diguten zoriontasuna. Berehala ilunabarreko argiak eskainitako une magiko horiek menpeko bilakatu gintuzten. Eta horretan aritu izan gara hain zuzen bidai osoan zehar, ilunabarren bilduma egiten, bai bihotzean bai kamaran.
Esan bezala, Kosta Arrokatsua miatu izan dugu, iparretik gertuagoko gunetik (Cap de Creus deritzona), hegoaldeko azken puntura arte (Palomera arroka izenekoa). Bidean milaka esperientzia bizi eta izugarri gozatu dugu, baita txoko ezkutuenak ezagutu ere. Kalatik kalara. Herritik herrira. Ilunabarretik ilunabarrera.
Bidean lagun bereziak ere egin ditugu, guk bezala bidaiatzeko pasioa sentitu eta hortaz gozatu dutenak. Eta haiekin ere, hain gertu dugun kostalde zonalde honekin maitemindu gara. Eta itzultzeko gogoak piztu. Ilunabarrero. Abuzturo. Beti.
Izan ere, bidai berezienak askotan ez dira garestienak izaten. Baizik eta gogoberotasun handienaz egiten direnak. Pertsona berezienekin egiten direnak. Itsasoa egunero sentitzea baimentzen dutenak. Oin-azpiak harea beroarekin erretzea eragiten dutenak.
Eta batez ere, ilunabar magikoak egunero eskaintzen dituztenak. Eta hori baino ez da izan gure aurtengo bidaia, emozio askoren loraketaren ondorio magikoa.