Ehunka lagun bildu dira Laboral Kutxak Gasteizko Zentro Sozialista hustu ez dezan

Erredakzioa 2021ko ira. 13a, 10:00

Igande arratsaldean ehunka lagun bildu dira manifestazioan. / Argazkia: @ErrakiBabes

Irailaren 15erako aurreikusitako desalojoa atzeratzea lortu ostean, Gasteizko Zentro Sozialistaren aldeko manifestazioa egin dute igande honetan. Utzaraztea bertan behera uzteko exijitu diote Laboral Kutxari.

Hasiera batean iragarritako data atzeratu badu ere, Monseñor Estenagako Dia supermerkatu zaharrean maiatzean sortutako Gasteizko Zentro Sozialista desalojatzeko prozesuarekin aurrera jarraitzen du Laboral Kutxak .

Horren aurrean, Kontseilu Sozialistak eta Erraki sareak manifestazio jendetsua antolatu dute igande honetan, irailaren 12an, kreditu kooperatibari negoziatzea exijitzeko. "Abiatutako borroka prozesua ez dugu etengo Zentro Sozialistaren desalojoa behin betiko geldiarazi arte", ohartarazi dute, Laboral Kutxa, desalojoa gelditu! lelopean deitutako manifestazioan.

Gainera, "langileen kontrolpeko espazioen" beharra aldarrikatu dute, ikasturtea "gogor" hasi dela ohartaraziz eta irailaren 2an Nafarroan hustutako Errotxapeako Gaztetxea gogora ekarriz.

Mugimendu sozialistaren espazioa

Gaur egun, Laboral Kutxa da Monseñor Estenaga kaleko lokalaren jabea aurreko jabearen zorrak kitatzeko exekuzio hipotekario baten ondorioz. 2016tik hutsik eta erabilerarik gabe izandako Dia supermerkatu zaharra aurtengo maiatzean okupatu zuen Gasteizko Kontseilu Sozialistak, proiektu berria abiatzeko.

2020ko abenduan sortutako Gasteizko Kontseilu Sozialista erakunde politikoak Gasteizko Zentro Sozialista izeneko espazioaren irekieraren berri eman zuen aurtengo maiatzean. Bost urte hutsik zeraman lokala okupatu zuten, "antolakuntza komunista indartzeko", "proletalgoaren bizi baldintzak hobetzeko" eta horretarako "espazio propioak" sortzeko, besteak beste.

900 metro koadroko espazio berriari hiru funtzio nagusi eman dizkiote orduz geroztik: Etxebizitza Sindikatuaren elikagai biltegia bertara mugitu da, larrialdi egoeretarako etxebizitzak egokitzen ari dira bertan eta mugimendu sozialistaren jarduna biltzen duen plaza bilakatu da, hainbat hitzaldi, asanblada, tailer, kontzertu eta formakuntza saio antolatuz.

"Jabearen utzikeria dela eta, espazioaren egoerak okerrera egin zuen: itokinen ondorioz urez beteta egon da, hormak izorratu zaizkio, elektrizitate sistema hondatu zaio... Horixe da sistema kapitalistak dakarrena, espazioen kalitatea horien errentagarritasun ekonomikoari azpiratuta dagoela erabat", azaldu dute gaurko prentsaurrekoan.

Interes ekonomikoak eta politikoak

Hiru hilabete beranduago iritsi da desalojo arriskua, eta "gizarte kapitalistan aurkitzen diren bi posizio antagonikoen arteko gatazka bat gorpuzten" ari dela deritzo Kontseilu Sozialistak: "Alde batetik, jabetza pribatua, eta, bestetik, jabetza eza; alde batetik, espazioen merkantzia forma, eta, bestetik, espazioen erabilera balioa; alde batetik, kontrol kapitalista, eta, bestetik, langile kontrola".

"Alde batetik, Laboral Kutxa banketxearen interes ekonomikoak daude, zeinak nahiz eta bere izaera sozialaren apologia etengabea egin, arrakastatsua den proiektu soziala desalojatu nahi duen dirua metatzen jarraitzeko. Bestetik, Gasteizko Mugimendu Sozialistaren interes politikoak daude, zeinak espazioa goitik behera berritu eta proletalgoaren antolakuntza independentearentzat erabilgarri izango den gune bihurtzen ari den", kontrajarri dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago