Gasteizko Kontseilu Sozialista aurkeztu dute

Erredakzioa 2020ko abe. 28a, 13:33

Kontseilu Sozialistaren aurkezpen agerraldia Gasteizen. / @Kontseilua_Gast

Erakunde politiko berri baten sorrera ezagutzera eman dute Gasteizen: Kontseilu Sozialista. "Ofentsiba orokortuari aurre egiteko mekanismoak sortzea lehentasunezko auzia da, eta horri ekiteko jaio gara", azaldu dute sortzaileek.

Kontseilu Sozialistaren sortzaileek erakunde politiko berria sortzeko arrazoiak azaldu dituzte ohar batean: "Osasun krisiak krisialdi kapitalista areagotu du, eta bizi baldintzen okertzea dakarren gizartearen proletarizazio prozesuaren trantsizioa bizi dugu; kapitalaren ekoizpen prozesuaren mesedetara emandako trantsizioa".

Gainera, "osasun krisian hartutako erabakien arbitrariotasuna" nabarmendu dute, eta "alderdi politiko instituzional oro erabaki horien alde" agertu dela kritikatu dute. Haien esanetan, "langileen interesen aldeko indar antolatu independentearen gabezia nabaria da, baita alderdi politiko guztiek klase jabedunaren funtzioak betetzen dituen Estatuaren mugen barnean lan egiten dutela ere".

Horrekin batera, "askatasun politikoen ukapena" salatu eta horren aurrean "antolakuntza komunistaren premia" azpimarratu dute, "ofentsiba honi aurre egiteko mekanismo propioak garatzeko, eta proletalgoaren antolakuntza eredu autonomoak sustatzeko.

"Komunistok bizitzaren alor guztietan langile boterea gorpuztuz, burgesiaren osotasun sozialari kontrajartzeko" jaio berri den Kontseilu Sozialista Gasteiz izeneko taldeak Arabako hiriburuko "mugimendu sozialistaren batasun estrategikorako lanabesa" izateko asmoa du. Azkenik, bere "helburu estrategikoa Euskal Estatu Sozialista" dela azaldu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago