2020ko abenduan sortutako Gasteizko Kontseilu Sozialista erakunde politikoak Gasteizko Zentro Sozialista izeneko espazioaren irekieraren berri eman du asteburu honetan. Monseñor Estenaga kalean 2016tik hutsik eta erabilerarik gabe dagoen Dia supermerkatu zaharra okupatzea erabaki dute, proiektu berria abiatzeko.
Lokala enkante judizialera atera zen duela hainbat hilabete. Enkantea 1,48 milioi euroko balorazioarekin eta 443.000 euroko kargarekin (erreklamatutako zenbatekoa) abiatu zen, baina ez zuen eskaintzarik jaso, eta aurtengo urtarrilean itxi zen.
"Krisialdi ekonomikoa gainditzeko asmoz, elite politiko zein finantziarioek aurrera daramaten ofentsibak etorkizun beltza ekarriko du. Gizadiak inoiz ezagutu duen garapen teknologiko handienaren aurrean, nola da posible pobrezia hedatzen egotea?", adierazi dute ohar batean. Horren aurrean, "alternatiba antagonikoen falta nabarmena" dagoela kritikatu dute, eta "bide horretan ekarpena" egin nahi dute espazio berriaren bitartez.
Kontseiluaren arabera, salatutako egoera horri aurre egin diezaiokeen bakarra "antolakuntza komunista indartzea" da, eta horretarako "espazio propioak edukitzea ezinbestekoa" dela uste dute. Hain zuzen ere, "proletalgoa babesgabe dagoen esparruetan antolakuntza mekanismoak garatzeko, formakuntza eta hausnarketa politikoa sustatzeko eta lan politikorako azpiegitura izateko" zabaldu dute espazio berria.
Biltegia, etxebizitzak eta jardun politikoa
Azaldu dutenez, 900 metro koadroko espazio berriak hiru funtzio nagusi beteko ditu: Etxebizitza Sindikatuaren elikagai biltegia bertara mugituko da, larrialdi egoeretarako etxebizitzak egokituko dituzte eta mugimendu sozialista osatzen duten antolakundeen jarduna bertan garatuko da.
Oraingoz, ordea, lehen egitekoa "espazioa txukuntzea" izango da, eta, beraz, bertaratzeko eta antolatzen ari diren auzolanetan parte hartzeko gonbita luzatu diote lagundu nahi duen orori.