Iritzia

Bada beste modu bat

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Losada 2021ko ira. 10a, 12:34

Auzolan bat Gasteizko Zentro Sozialistan. / Argazkia: KONTSEILU SOZIALISTA

"Funtsean, zer da gainontzeko bankuekiko ezberdintzen duena? Beste guztien antzera, Laboral Kutxak desalojatu egiten du, finean, beste guztiei bezalaxe, bere interesak baitira axola zaizkion bakarrak".

Bada beste modu bat. Horrela dio Laboral Kutxak bere publizitate paneletan. Iruditegi sozialarekin agertzen da, alternatibo gisa, banku kooperatiba... baina funtsean, zer da gainontzeko bankuekiko ezberdintzen duena? Beste guztien antzera, Laboral Kutxak desalojatu egiten du, finean, beste guztiei bezalaxe, bere interesak baitira axola zaizkion bakarrak.

"Bost urte luzez hutsik egon den espazio honen jabeak, Laboral Kutxak, aurrera daramagun proiektua suntsitu nahi du"

Aurreko asteartean, abuztuaren 31n, Gasteizko Zentro Sozialista desalojo arriskuan dagoela jakinarazi genuen. Bertan larrialdi egoeretarako etxebitzitzak atontzen gabiltza, elikagai eta altzari biltegiak antolatzen, krisi garaiotan hedatzen ari den miseriari elkartasun antolatuaz aurre egiteko. Gainera, Mugimendu Sozialistaren jardun politikoa bertan garatu dugu azken hilabeteotan, hamaika izan direlarik aurrera eramandako hitzaldi, formakuntza, tailer, kontzertu eta abarrak.

Ordea, bost urte luzez hutsik egon den espazio honen jabeak, hau da, Laboral Kutxak, aurrera daramagun proiektua suntsitu nahi du. Esan bezala, gainontzeko bankuekiko ezberdintasun hori itxurakerian geratzen da egiaren orduan, marketing kanpaina hutsean, hipokrisia eta gezurrak, dirua baita benetan mugitzen dituena.

Egoeraz informatzeko eskuorriak banatzen ibili gara aste osoan zehar, eta jendearekin hitz egiterakoan, inor ez da harritu esaten ari ginenaz. Izan ere ez da ezer berria dioguna: banku bat bere interesengatik mugitzen dela? Hara, zelako nobedadea! Sistema kapitalistaren funtsa diru metaketa izanik, interes ekonomikoen arabera jardutera garamatza bere logikak. Auzia, beraz, ezin dugu moralki kokatu, politikoki baizik.

"Laboral Kutxak burgesiaren interesak ordezkatzen ditu, eta, beraz, espazioa bere errentagarritasunaren arabera ikusten du"

Laboral Kutxak burgesiaren interesak ordezkatzen ditu, eta, beraz, Monseñor Estenaga kaleko 4. zenbakian kokatuta dagoen espazioa bere errentagarritasunaren arabera ikusten du; hortik atera dezakeen mozkinean pentsatzen du soilik, espazio horretan egingo den jardunak ezer gutxi dio axola. Eta hori da finean gizarte kapitalista mugiarazten duena: ez ondasun sozialak izan dezakeen erabilera unibertsala, baizik eta bere truke balioak utz dezakeen aberaste pribatua; ez gizadiaren interes orokorra, baizik eta norbanakoen interes partikularra, ezikusiarena eginez horrek dakarren miseria eta sufrimenduari.

Bada beste modu bat? Gizadiaren interes orokorrak egikarituko dituen sistema bat antolatzea posiblea dela sinesten dugu guk. Konpetentziaren araua elkartasunarekin ordezkatuko duena. Norbanakoaren interesen gainetik interes kolektiboak jarriko dituena. Sistema honen ankerkeriarekin amaitzea premiazko auzia dugu, eta horretarako, gizarte komunista baten bidean, botere burgesa konfrontatu eta langileon interesak bermatzeko instituzioak eraiki behar ditugu; hots, Euskal Estatu Sozialista eraikitzen joan behar dugu. Gasteizko Zentro Sozialista norabide horretan ekarpena egitea helburu duen proiektua da. Bada, beraz, beste modu bat.

"Bada beste modu bat? Gizadiaren interes orokorrak egikarituko dituen sistema bat antolatzea posiblea dela sinesten dugu guk"

Atzo bertan konfirmatu genuen eran, datorren asteazkenerako aurreikusita zegoen desalojoa atzeratzea lortu dugu gaitasun antolatuen bidez. Borrokan jarraitzeko arrazoiak, ordea, bere horretan diraute. Izan ere, desalojoa gelditzetik urrun, baloia aurrera botatzea lortu dugu; ez da gutxi, baina ez da nahikoa. Gainera, Laboral Kutxaren borondate aldaketarik ez dago momentuz, lorpena juridikoa izan baita.

Horregatik, desalojoa gelditu arte borrokan jarraituko dugulako, igande honetan manifestazioa deitu dugu 18:00etan Andre Maria Zuriaren plazatik.

Gasteizko Zentro Sozialista aurrera!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago