Laboral Kutxak Monseñor Estenagako Dia supermerkatu zaharrean maiatzean sortutako Gasteizko Zentro Sozialista desalojatu nahi du. Horren aurrean, Kontseilu Sozialistak eta Erraki sareak manifestazioa deitu dute irailaren 12rako, kreditu kooperatibari negoziatzea exijitzeko.
Utzaratze agindua irailaren 15erako igorrita zegoen arren, mugimendu sozialistak egunotan aurrera eramandako presio-kanpainak jarrera aldaketa eragin du Laboral Kutxarengan. Oraingoz, bertan behera utzi du datorren asteazkeneko desalojoa, baina data berri bat finkatuko du. Nolanahi ere, negoziatzeko aukerak areagotu direla deritzo Kontseilu Sozialistak, eta egoera berriaren inguruko irakurketa plazaratu du, sare sozialetan zabaldutako bideo baten bitartez:
⚠️ADI!
— Kontseilu Sozialista Gasteiz (@Kontseilua_Gast) September 9, 2021
GASTEIZKO ZENTRO SOZIALISTAREN DESALOJOA ATZERATZEA LORTU DUGU.
????[EUS / Subt. Cast.]
Atzo jakinarazi zitzaigun berri garrantzitsua azaltzen dugu bideo labur honetan: pic.twitter.com/YGsSkrkwaY
"Hala ere, abiatutako borroka prozesua ez dugu etengo Zentro Sozialistaren desalojoa behin betiko geldiarazi arte", ohartarazi du Kontseilu Sozialistak. Horregatik, irailaren 12rako Laboral Kutxa, desalojoa gelditu! lelopean deitutako manifestazioa mantentzea erabaki dute; 18:00etan abiatuko da Andre Maria Zuriaren plazatik.
Mugimendu sozialistaren espazioa
Gaur egun, Laboral Kutxa da Monseñor Estenaga kaleko lokalaren jabea —aurreko jabearen zorrak kitatzeko exekuzio hipotekario baten ondorioz—. 2016tik hutsik eta erabilerarik gabe izandako Dia supermerkatu zaharra aurtengo maiatzean okupatu zuen Gasteizko Kontseilu Sozialistak, proiektu berria abiatzeko.
2020ko abenduan sortutako Gasteizko Kontseilu Sozialista erakunde politikoak Gasteizko Zentro Sozialista izeneko espazioaren irekieraren berri eman zuen aurtengo maiatzean. Bost urte hutsik zeraman lokala okupatu zuten, "antolakuntza komunista indartzeko", "proletalgoaren bizi baldintzak hobetzeko" eta horretarako "espazio propioak" sortzeko, besteak beste.
900 metro koadroko espazio berriari hiru funtzio nagusi eman dizkiote orduz geroztik: Etxebizitza Sindikatuaren elikagai biltegia bertara mugitu da, larrialdi egoeretarako etxebizitzak egokitzen ari dira bertan eta mugimendu sozialistaren jarduna biltzen duen plaza bilakatu da, hainbat hitzaldi, asanblada, tailer, kontzertu eta formakuntza saio antolatuz.
"Jabearen utzikeria dela eta, espazioaren egoerak okerrera egin zuen: itokinen ondorioz urez beteta egon da, hormak izorratu zaizkio, elektrizitate sistema hondatu zaio... Horixe da sistema kapitalistak dakarrena, espazioen kalitatea horien errentagarritasun ekonomikoari azpiratuta dagoela erabat", azaldu dute gaurko prentsaurrekoan.
Interes ekonomikoak eta politikoak
Hiru hilabete beranduago iritsi da desalojo arriskua, eta "gizarte kapitalistan aurkitzen diren bi posizio antagonikoen arteko gatazka bat gorpuzten" ari dela deritzo Kontseilu Sozialistak: "Alde batetik, jabetza pribatua, eta, bestetik, jabetza eza; alde batetik, espazioen merkantzia forma, eta, bestetik, espazioen erabilera balioa; alde batetik, kontrol kapitalista, eta, bestetik, langile kontrola".
"Alde batetik, Laboral Kutxa banketxearen interes ekonomikoak daude, zeinak nahiz eta bere izaera sozialaren apologia etengabea egin, arrakastatsua den proiektu soziala desalojatu nahi duen dirua metatzen jarraitzeko. Bestetik, Gasteizko Mugimendu Sozialistaren interes politikoak daude, zeinak espazioa goitik behera berritu eta proletalgoaren antolakuntza independentearentzat erabilgarri izango den gune bihurtzen ari den", kontrajarri dute.