Gasteizko Udalaren kanpaina jaietarako: "Ondo pasa burua galdu gabe"

Erredakzioa 2021ko uzt. 21a, 18:30
Udalak buruhandiak baliatu ditu udako erakunde kanpainarako. / GASTEIZKO UDALA

Pandemiaren bilakaera txarraren aurrean, ongi pasatzeko eta aldi berean osasuna zaintzeko kontzientziazio kanpaina martxan jarri du Gasteizko Udalak aurtengo jaietarako. Nolanahi ere, aire zabaleko hamaika hitzordu izango dira abuztuaren 3tik 9ra.

Uda honetan ondo pasa burua galdu gabe. Horixe da uda osoari eta, bereziki, Gasteizko jaiei begira Gasteizko Udalak herritarren artean zabaldu nahi izan duen mezua, helburu bikoitza islatzeko: "Ongi pasa dezaten, baina beren osasuna eta gainerakoena zainduz".

Horretarako, buruhandien konpartsako zenbait lagunen irudiak baliatu dituzte, baina jai giroan ibili ordez, bestelako jardueratan ondo pasatzen agertzen dira: ikuskizun batean, bidaian, igerilekuan, urtegian, hondartzan, ostalaritzaz gozatzen...

 

Gorka Urtaran alkateak eta Estibaliz Canto Kultura zinegotziak kanpaina aurkeztu dute asteazken honetan, "atseden hartzeko eta dibertitzeko" dei eginez, baina Covid-19 gaixotasunaren transmisioa eragozteko gomendioak ahaztu gabe.

"Aurten, inoiz baino gehiago, atseden hartu behar dugu, disfrutatu, dibertitu. Indarrak berreskuratu behar ditugu, urte eta erdi hau oso gogorra izan baita, baina burua galdu gabe egin behar dugu, zentzuz, zuhurtziaz eta buruz jokatuz", adierazi du alkateak.

Cantok, bere aldetik, aire zabaleko kultur programazioa nabarmedu du, beharrezko neurriak hartuko direla azpimarratuz. "Gasteiztarrek arte eszenikoez gozatzea nahi dugu, leku seguruetan", gaineratu du.

2020an bertan behera gelditu ziren jai ekitaldi guztiak. Aurten, berriz, kultur jarduera ugari antolatu dira, baina Udalak ohartarazi du birusaren intzidentzia datuek eta dagozkien segurtasun arauek markatuko dutela agenda. "Horiek esango dute zer egin dezakegun, betiere segurtasun neurriak bermatuz", azaldu du alkateak.

Gorka Urtaran alkatea eta Estibaliz Canto Kultura zinegotzia. / GASTEIZKO UDALA

 

GASTEIZKO JAIETAKO EGITARAUA

Uda osoan bezala, Gasteizko jaietan (edo ez-jaietan) ere, aire zabaleko ikuskizunak izango dira nagusi. Izan ere, udako kultur programaren barruan antolatu da aurtengo jaietako egitarau ofiziala, eta 60 hitzordu baino gehiago izango dira abuztuaren 3tik 8ra.

Ez da txupinazorik egongo, ezta Zeledonen jaitsierarik edo blusa eta nesken egitaraurik ere, baina kontzertuak, bertso saioak, antzerkiak eta bestelako ikuskizunak eskainiko dira hiriburuko hainbat plazatan. Aurten, barrakak hiru txokotan banatuko dituzte, eta uztailaren 21etik abuztuaren 15era bitartean, Lakua-Arriaga, Salburua eta Zabalganean izango dira.

Bestalde, erraldoi eta buruhandien kalejirak egunero izango dira 12:30ean Judimendiko parkean. Abuztuaren 4tik 8ra, berriz, Udal Musika Bandaren kontzertuak eskainiko dira 19:00etatik aurrera Zulueta Jauregiko lorategian.

Sarrera librea eta doakoa izango da ekitaldi guztietan, edukiera bete arte; beraz, ez da aldez aurreko gonbidapenik eskuratu beharko.

Gasteizko Txosnak ez dira aurten jarriko, baina, ALEAk jakin duenez, litekeena da datozen egunetan egoerara moldatutako egitarau edo ekitaldi berezi bat aurkeztea.

Kontzertuak

Iparraldeko parkea, 13:00etatik aurrera

  • Abuztuak 3: Noa and The Hell Drinkers
  • Abuztuak 4: Trikoma
  • Abuztuak 5: Moni Garage
  • Abuztuak 6: Out Gravity
  • Abuztuak 7: Raul Romo House Friends
  • Abuztuak 8: Clarisse

Iparraldeko parkea, 20:00etatik aurrera

  • Abuztuak 3: La Furia + Ekiñe
  • Abuztuak 4: Moonshine Wagon
  • Abuztuak 5: Puro Relajo
  • Abuztuak 6: Joseba B. Lenoir
  • Abuztuak 7: La Mare
  • Abuztuak 8: Bulego

Falerina lorategia, 19:00etatik aurrera

  • Abuztuak 3: Antton Aranburu
  • Abuztuak 4: Kai Nakai
  • Abuztuak 5: Déjà Vu
  • Abuztuak 6: Aldakan
  • Abuztuak 7: Shiny Red Mood
  • Abuztuak 8: Montalbo

Euskal folklorea eta bertsoak, Santa Maria plazan

Santa Maria plazak historikoki Matxete plazak hartu ohi dituen ikuskizunak hartuko ditu, bereziki euskal folklorea, bertso saioak eta euskarazko ikuskizunak:

  • Egunero, 12:30etik aurrera: trikitixa emanaldiak
  • Egunero, 13:30etik aurrera: bertso saioak
  • Abuztuak 3, 20:00etan: Dantza plazan
  • Abuztuak 4, 20:00etan: Eltziegoko gaiteroak eta lagunak
  • Abuztuak 5, 20:00etan: Xabier Aburuzaga
  • Abuztuak 6, 20:00etan: Hutsun
  • Abuztuak 7, 20:00etan: Baltik
  • Abuztuak 8, 20:00etan: Garikoitz Mendizabal eta Gorka Hermosa

Haurrentzako ikuskizunak Falerinan

Bertan iluntzean eskainiko diren kontzertuez gain, jaietan zehar eguerdiro, 12:00etan, haurrentzako ikuskizunak izango dira Falerina lorategian:

  • Abuztuak 3: Deabru Beltzak, Diberti-dantza
  • Abuztuak 4: Lanku, Urpekariak
  • Abuztuak 5: Kontukontari, Jolasean Isasi, musikaz Isasi
  • Abuztuak 6: Imaginaciones Nai, Tik tak
  • Abuztuak 7: Erre produkzioak, Una de piratas
  • Abuztuak 8: Eidabe, Gora kasete

Umorearen txokoa eta jotak

Bestalde, Prado Parkean, jota emanaldiak eskainiko dira egunero 12:00etan. 19:30etatik aurrera, ordea, umorearen txoko bihurtu eta monologoak zein umorezko antzezlanak eskainiko dituzte bertan:

  • Abuztuak 3: Gorka Aginagalde eta Iñigo Salinero, Roland y Garrós, culturas milenarias
  • Abuztuak 4: Txabi Franquesa
  • Abuztuak 5: Oscar Terol
  • Abuztuak 6: Ismael Pereira, Mitxel Santa Maria eta Iñaki Maruri
  • Abuztuak 7: Nerea Garmendia
  • Abuztuak 8: Valeria Ros

Antzerkia

Udalak jaietarako antolatutako kultur ekitaldiez gain, kontuan hartu behar da Principal Antzokiak ere lau ikuskizun programatu dituela uztaila amaieran eta jaietan zehar:

  • Uztailak 29tik 31ra: Desmontando a Séneca. Komedia hau De la brevedad de la vida liburuan oinarritzen da, eta Jorge Javier Vazquez du protagonista. Guztira bost emanaldi egingo dira, proiekzioekin, musikarekin, filosofiarekin eta umore askorekin.
  • Abuztuak 3 eta 4: La coartada. Txalo Produkzioak taldearen eskutik, Bernabe Ricok zuzendutako thrillerra, Gorka Otxoa, Maria Castro eta Miguel Hermoso aktoreekin.
  • Abuztuak 5 eta 6: Asesinos todos. Pentación taldearen eskutik, Pep Anton Gomezek zuzendutako komedia klasiko honek Carlos Sobera, Neus Asensi, Elisa Matilla eta Angel Pardo ditu protagonista.
  • Abuztuak 7 eta 8: Una noche con ella. Loles Leon antzezlan berri honekin igoko da Principal Antzokiaren oholtzara. Obra hau historiaren eta aktorearen bizitzaren azken 50 urteetako kontakizuna da, eta music hall eta kabaretaren lengoaia erabiltzen du. Aktore ospetsuarekin batera, Briel Gonzalez eta Fran del Pino arituko dira, Juan Luis Iborraren zuzendaritzapean.

Iradier Arenako oholtza

Kultura Bizia egitasmoaren barruan, uztaila amaieran eta abuztuan zehar kontzertu ugari izango dira Iradier Arenan, baita jaietako egunetan ere:

Buesa Arenako gauak

Kontzertuez gain, Buesa Arenak antzerkia eta bestelako ikuskizunak ere hartuko ditu Gasteizko jaietan, eta baita aurreko zein ondorengo egunetan ere, abuztu osoan zehar:

Pilota

Aipatutako kultur ekitaldi horiek guztiez gain, pilotarako tartea ere izango da Ogeta pilotalekuan, Santiago Egunean eta jaietan zehar:

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide